Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Kirol tenpluak (eta VI) Saint Andrews golf zelaia

Betleem eta Vatikanoa, batera

XV. menderako golfean jokatzen zen han, eta kirolaren lehen araudia han idatzi zuten. Seiehun urte geroago, artzainen belardi zena zelai lehiakorra da oraindik, eta han hartzen dira golfaren inguruko erabaki garrantzitsuenak.
Zelai naturala da, haizetik babesteko zuhaitzik gabea, eta gorabeheraz jositakoa. Irudian ikus daitekeen bezala, zelaia herri barruraino sartzen da.
Zelai naturala da, haizetik babesteko zuhaitzik gabea, eta gorabeheraz jositakoa. Irudian ikus daitekeen bezala, zelaia herri barruraino sartzen da. BERRIA

Imanol Magro Eizmendi -

2015eko abuztuak 11

Oilo ipurdia jarri zitzaidan han jokatu nuen lehen aldian. Golfa arnastu egiten da han. Agian ez da izango munduko zelairik onena, baina bai ezagunena». Juan Sarastik (Donostia, 1988) 21 urterekin zapaldu zuen lehenbizikoz Saint Andrews, eta harrizko zubian ateratako argazkia ohe gainean du eskegita. Ez da gutxiagorako, golf jokoa Saint Andrewsen sortu baitzen.

Golfa XV. mendeaz geroztik dago dokumentatuta Saint Andrewsen. 1552ko agiri batek baimena ematen zien hango biztanleei egun Old Course dagoen zelaietan «golfean, futbolean eta schuteing-ean jokatzeko eta untxiak ehizatzeko». Izen bereko 15.000 biztanleko herrian dago, Eskoziako ekialdean, Fife barrutian. Han dago Eskoziako unibertsitaterik zaharrena, eta iazko independentzia erreferendumean ezezkoak irabazi zuen, bozen %55ekin. Zelaiaren alboan dago Royal and Ancient Golf Club of St Andrewsen egoitza ere (R&A). 1754an sortu zuten, eta golfaren arau modernoak ezarri zituen. 2004az geroztik The Royal and Ancient deitzen da, eta AEB eta Mexikoz kanpoko munduko golf guztia arautzen du.

Golfa eliza katolikoa balitz, Betleem eta Vatikanoa toki berean elkartzea bezalakoa litzateke Saint Andrews. Xabier Gorospek (Arama, Gipuzkoa, 1997) 8 urterekin jokatu zuen lehenbizikoz han; lehiatu, berriz, duela bi hilabete, 18 urterekin, Saint Andrews Link Trophy torneoan. «Ilusio handia egin zidan. Hainbestetan ikusi eta entzun dituzu zelaiarekin loturiko istorioak: Nicklaus, Ballesteros... Han sortu zen golfa. Guk, gainera, harmailekin jokatu genuen; handik gutxira profesionalen mailako Britainia Handiko Irekia jokatu behar zen, eta azpiegitura muntatzen ari ziren. Izugarria da 15.000 ikuslerentzako harmailen tartean jokatzea. Nolakoa ote horiek jendez beteta daudenean?».

Britainia Handiko Irekia bost urtean behin jokatzen da Saint Andrewsen, tradizioa da. Tradizioak pisu handia baitauka, onerako zein txarrerako. «2007an jokatu nuen lehenbizikoz han, eta ikusmin harrigarria zegoen, emakumeak klubeko egoitzan sar gintezkeen lehen aldia baitzen», hartu du gogoan Tania Elosegik (Donostia, 1981). Emakumezkoen Britainia Handiko Irekia han jokatu zen aurreneko aldia zen. «Ordura arte, emakumeak ezin ziren ezta aldageletan ere sartu. Jokatu zezaketen, baina hotelean aldatu behar ziren». Iaz beste pauso bat eman zen berdintasunerantz, The Royal and Ancientek eskubide osoko emakumezko bazkideak onartzea adostu baitzuen.

Elkartearen araudi matxistak zelaiaren izaera publikoarekin talka egiten du. «Eskozian oso ohikoak dira zelai publikoak, eta Saint Andrews bat gehiago da. Inguruan, bost kilometro inguruan, zazpi golf zelai daude, eta denak dira publikoak», azaldu du Sarastik. Elkarteak berak kudeatzen du zelaia, eta herrian dauden klub pribatuek ordu kopuru jakin bat dute han jokatzeko. Beste guztiak Internet bidez banatzen dira, eta herriko abonatuen artean. Internet bidez ordua hartzeko, urtebetetik gorako itxaron zerrenda dago, eta abonatu izateko herrian erroldatuta egon behar da.

Beste aukera eguneroko zozketa da. Zelaiak 06:30ean irekitzen ditu ateak, eta lehen hiru txandak zozketatu egiten dira. «Niri ez zait inoiz tokatu; jende pila batek ematen du izena», argitu du Sarastik. Eta garestia al da? Tira, neguan 80 libera (113 euro) balio du itzuliak, eta udan, 170 (241). Alderatzen jarrita, Jaizkibelgo zelaiaren prezioak 80 eta 110 euro dira. «Zelai historikoa da, baina publikotasun horrek berezi egiten du. Antzeko sona duten beste zelai batzuetan, AEBetakoetan eta, 400 eurotik gora ordaindu behar da. Garestia izateak estatusari eusten laguntzen dietela uste dute», zehaztu du Elosegik.

Igandeetan, herrikoentzat

Baina zenbateraino da publikoa? «Igandeetan itxi egiten dute; herriko parkea da», azaldu du Elosegik. Urtean salbuespen pare bat baino ez dute egiten. «Igandeetan, herriko biztanleak zelaian paseatzen ikus ditzakezu, umeak jolasten, piknikak... Azken finean, zelaia herriarena da», gehitu du. Herriarena, herrian sartuta baitago. «Azken eta lehen zuloak herrian sartuta daude. Azken zuloan pilotak eskuinera ihes egiten badizu, etxeren bat jo dezakezu», deskribatu du Goropsek. Elosegik irudi bat markatua du. «Ni jokatzen ari nintzela, herriko emakumeak merkatura nola zihoazen ikus nezakeen!». Golfa da, halaber, herriko ekonomi jarduera nagusia. «Saint Andrewsera doan jende guztia golfarekin zerikusia duen zerbait egitera doa», laburbildu du Sarastik.

Saint Andrews, baina, mistika eta tradizioa baino gehiago da. «Zelai lehiakorra ez balitz, Britainia Handiko Irekia ez zen han jokatuko», esan du Sarastik, errespetuz. Links zelai bat da: zuhaitzik ez eta haize handia. Link-ek, ingelesez, lotura esan nahi du. Kostaldearen eta lur emankorren arteko lotura egiten zuten zelaiak dira. Landatzeko balio ez zutenez, golferako eta artzaintzarako erabiltzen zituzten. Saint Andrewsko bunker zaharrenak han bazka egiten zuten ardiek perfilatu zituzten, haize zakarretik babesteko. «Zelaiari nortasuna ematen diona haizea da. Kostaldetik oso gertu dago, lautada batean, eta ez dago babes zuhaitzik. Haizerik gabe zelai erosoa da, baina hori urtean bi egunez gertatzen da bakarrik», azaldu du, zehatz, Gorospek.

Haizea, eta eguraldi txarra. Aurten, esaterako, Britainia Handiko Irekian zaparrada handiak bota zituen. «Zelaia joan eta itzultzeko ibilbide bat da. Lehen bederatzi zuloetan haizea alde duzu, eskuinetik ezkerretara; erditik aurrera, aldiz, aurka. Azken zuloetan jende askok kolpe asko galdu izan ditu haizearen ondorioz», gehitu du Sarastik. «Itsasoa ez da ikusten; 13. zuloan pixka bat baino ez, baina sumatzen da», esan du Elosegik.

2007an jokatu zuenean «ikaratuta» joan zela aitortu du Elosegik. «Haizearekin ez naiz sekula ondo moldatu, eta gaiarekin itsutu nintzen. Oso gaizki jokatu nuen; ez nuen batere gozatu. Oso gaztea nintzen...». 2013an itzuli zen, eta, kirol mailan antzera ibili arren, dena gozoagoa izan zen. «Lehen aldian ez nuen batere gozatu. Zelaitik klubera eta klubetik zelaira ibili nintzen soilik. Bigarrenean, aldiz, inguruaz gozatu nuen: jendea, giroa...». Sarastik eta Gorospek oroitzapen hobea dute, biek lehen galbahea pasatu baitzuten.

17ko tranpa

Saint Andrewsko zulorik ezagunena 17.a da: Errepidea izenekoa. 446 metroko par 4 bat da, eta aurten, Britainiako Irekian, profesionalek 4,83 kolpe behar izan zituzten batez beste. «Nik bi aldiz jokatu eta boogie bana egin nuen; ez dago gaizki, ez ondo», gogoratu du Gorospek. Behin hasita, gazteenak azaldu dezala zuloa. «Lehen kolpea itsua da; eskuinetara klubeko hotela duzu, eta haren gainetik jo behar duzu. Ezin duzu ikusi non erortzen den pilota. Hori bai, asko gerturatu behar duzu pilota hoteleko paretara, ezkerretara indartsuegi joz gero bidetik irten baitzaitezke».

Zailtasunak, baina, gero datoz, bigarren kolpean. «Green-ean sartu behar duzu, eta hura maldan behera dago. Alde batean bunkerra du, eta, luze joz gero, atzeko errepidera zoaz, eta gero harrizko horma dago. Errepidera joanez gero, zaila da green-ean sartzeko kolpe zehatza jotzea. Gainera, haizea aurka duzu. Zulo ezaguna da, baina zaila». Aurten, zuloa 36 metro atzeratu dute zailago egiteko. 17. zuloak izan dituen moldaketek eztabaida handia sortu izan dute golfaren erabakigune nagusietan eta Saint Andrewsko tabernetan. Tira, azken finean, toki bera dira.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donato Larretxea, entrenatzeko bere tokian ©Ainhoa Larretxea

Herritarren beroa jasoko du

Ainhoa Larretxea - Nafarroako Hitza

Donato Larretxea aizkolariari omenaldia eginen diote gaur Arantzan (Nafarroa), haren sorterrian. 12:00etan herri kirol saio bat eginen dute, eta, gero, herri bazkaria izanen dute frontoian.

Luis Suarez, Uruguaiko aurrelaria, negarrez, Munduko Kopatik kanporatua izan ostean. ©ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Oraingoan erre egin da

Ainara Arratibel Gascon

Uruguai kanpoan geratu da, eta Hego Korea sailkatu da H multzoan. Brasil eta Suitza dira G multzoko sailkatuak
Brasilgo jokalariak, multzoen faseko bigarren jardunaldian Suitzari sartutako gola ospatzen. ©ALBERTO ESTEVE / EFE

Zerrenda ez da asko aldatu

Iñaki Berastegi

Munduko Kopa irabazteko hautagai gehienek egin dute aurrera multzoen fasean. Alemania eta Belgika izan dira dezepziorik handienak: ez dira iritsi kanporaketetara.
Dohako Al-Thumama estadioa. Munduko Futbol Txapelketarako eraiki diren zazpi estadioetako bat da. ©EFE

Zuriketa berdearen adibide

Gorka Berasategi Otamendi

Qatarrek ziurtatu du aurtengo Munduko Futbol Txapelketa karbonoan neutroa izango dela, baina, Carbon Market Watchen txosten batek salatu duenez, baieztapen hori okerra eta nahasgarria da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...