Albistea entzun

Europako muga blindatuak

Austriak, «migrazio uholde» berri bat saihesteko, kontrolak berrezarri nahi ditu Brenneroko pasabidean; erabakiak Italiako agintarien haserrea eragin du.
Austriako Polizia hegoaldeko mugan, Brennerren, Hego Tirolen. Protestak izan dira azken asteetan pasabide horretan.
Austriako Polizia hegoaldeko mugan, Brennerren, Hego Tirolen. Protestak izan dira azken asteetan pasabide horretan. JAN HETFLEISCH /EFE

Ane Irazabal -

2016ko maiatzak 17 - Brennero

Harresiek zarata handiagoa egiten dute erortzen direnean eraikitzen direnean baino; Brenneroren kasuan izan ezik». Paolo di Paolo kazetari italiarraren hitzek argiki azaltzen dute Italiaren eta Austriaren arteko ekaitz politikoa. Vienak 370 metroko hesi bat eraiki nahi du Alpeetako pasabide estuan, Hego Tirolen. Helburua da Italiak erregistratzen ez dituen iheslariak bueltan bidaltzea eta siriarrak ez diren guztiei ateak ixtea. Austriak ez du migratzaile gehiago jaso nahi, eta, Balkanetako ibilbidea blindatu ondotik, Italiarekin erabaki bera hartzeko prest dago.

Lanak hasiak dira dagoeneko. Brenneroko autobidean hondeatzaileak eta hodiak ikus daitezke, eta kartel ezkutuek mugako kontrolak iragartzen dituzte. Izan ere, Vienak uste du udako denboraldian 300.000 errefuxiatu baino gehiago irits daitezkeela Siziliako Kanaletik Italiara. «Ez dugu itxaron gela bat bilakatu nahi. Zer egingo dugu Erromak migratzaile guztiak pasatzen uzten baditu eta Alemaniak ateak ixten badizkie?», galdetu du Wolfgang Sobotka Austriako Barne ministroak.

Errefuxiatuak, harrapatuta

Edonola ere, Italiako Gobernuari ez zaio erabakia gustatu. Matteo Renzi lehen ministroaren haserrea Bruselaraino iritsi da. «Erabaki anakronikoa da, eta ez dio giza krisi berri bati erantzuten. Errefuxiatuen etorrera masibo baten aurrean egongo bagina ere ez litzaidake neurri egokia irudituko, baina ez da horrela», adierazi du Renzik. Erromak 170 milioi euroren galera ekonomikoak espero ditu Vienaren erabakia praktikara eramaten bada.

Oraingoz, ordea, Austriari joko zikina egiten ari zaio Italia. Erromako gobernuak agindua eman du mugaldeko tren geltoki guztietan Polizia zabaltzeko eta trenetan bidaiatzen ari diren iheslari guztiak kanporatzeko. «Benetako hesia tren geltokietan dago, ez mugan. Duela hainbat astetatik errefuxiatu batek ere ez du lortu trenez Austriara gurutzatzea», irizten dio Riccardo Dello Sbarba Alderdi Berdeko ordezkariak. Bolzano hirian, adibidez, ehunka errefuxiatu geratu dira harrapatuta. «Brennerotik ezin da pasatu. Milanera itzuliko gara, eta handik Ventimigliara bidaiatuko dugu Frantziara gurutzatzeko», azaldu dute Eritreako hiru lagunek.

Nolanahi ere, Vienako gobernua polemika itzali nahian dabil azken egunetan. «Hesia ez da eraikiko, eta muga ez da itxiko. Italiak etxeko lanak egiten baditu, ez dugu kontrolak ezartzeko beharrik izango», adierazi du Sobotkak. Baina Trentino Adige-Garaiko biztanleek ez dute haien erantzukizuna ezkutatzen. «Eskualde honetan estatutu berezi baten bidez lortu zen bake soziala.

Austriak muga itxi dezake, baina horrek esan nahi du eremu horretako herritar askok aurrerantzean ez dutela italiar izan nahiko. Arazoa uste baino politikoagoa da», nabarmendu du Dello Sbarbak.

Hala ere, Italiaren eta Austriaren arteko ika-mika oraindik harago doa. Brennerotik 200 kilometro ekialdera, Tarvisioko pasabidean, errealitate gordinago bat ikus daiteke. Austria Italiara deportatzen ari da Balkanetako ibilbidetik sartu diren eta erregistraturik ez dauden iheslariak. Urtea hasi zenetik 3.000 pertsona bidali ditu, gehienak pakistandarrak. «Italia ez da migratzaile hauen sarrera herrialdea; Grezia da. Guk ez genituzke onartu behar», esan du Renato Carlantoni Tarvisioko alkateak. Eslovenia, Austria eta Italia batzen dituen pasabide estrategikoak inbutu berri bat osatu du Europan. «Duela sei hilabete iritsi nintzen Austriara Balkanetako ibilbidetik, baina Vienak asilo politikoa ukatu dit. Poliziak harrapatu egin nau, eta Italiara bidali. Ez dakit zer egin, zeharo galduta nago», dio Adil pakistandarrak.

Hauteskunde kanpaina

Datorren igandean, presidentetzarako bozen bigarren itzulia egingo dute Austrian. Norbert Hofer FPO alderdi ultranazionalistako hautagaia da faboritoa. Hauteskundeen lehen itzulian botoen %35,3 eskuratu zituen, eta aukera handiak ditu Alexander Van der Bellen alderdi ekologistako hautagaiari irabazteko.

Hofer «Austriaren zaindaritzat» aurkeztu da hauteskundeetara, eta famatu egin da bere islamofobia irekiagatik. «Islama ez da gure izaeraren parte. Ate irekien politika mantentzen badugu, 2025erako 0-12 urte bitarteko gazteen erdiak musulmanak izango dira», adierazi du behin eta berriz kanpainan.

Austriak 100.000 asilo eskatzaile jaso ditu 2015ean, baina azkenaldian gero eta neurri murriztaileagoak hartzen ari da. «Viena beti dago Berlinek egiten duenari begira. Alemaniak bere politika gogortzen badu, Austriak ere gauza bera egiten du. Horregatik, domino efektua Greziaraino iristen da», uste du Dello Sbarbak. Presidentetza kargua protokolozkoa eta ordezkagarria da Austrian, baina Hoferren garaipenak politika itxiago baten hasiera ekar dezake. Werner Fayman lehen ministroaren dimisioak alderdi sozialdemokrataren gainbehera onartu du.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.