Albistea entzun

KRITIKA. Artea

'Tékne' hitzaren berreskurapena

Julio Sarramianen <em>Tékne</em> erakusketaren obra batzuk, Bilboko Aldama Fabre galerian.
Julio Sarramianen Tékne erakusketaren obra batzuk, Bilboko Aldama Fabre galerian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Garazi Ansa -

2017ko maiatzak 23

'Tékne'

Artista: Julio Sarramian. Noiz: Martxoaren 24tik maiatzaren 20ra. Non: Aldama Fabre galeria, Bilbo.

Arteari begirada historikoa botaz gero, argi dago, orokorrean eta hein handi batean, sorkuntza proiektuak naturarekiko erlazioan ulertu izan direla, nahiz eta garaian-garaian erlazio hau ikusmolde guztiz ezberdinetatik buruturikoa izan den, testuinguru bakoitzean garaturiko pentsamoldearen araberakoa, hain zuzen ere. Kasu honetan, Julio Sarramianek Aldama Fabre galerian aurkezten duen Tékne erakusketak ere erlazio horretara garamatza berriz ere ezinbestean, egungo pentsamendu eta ikusmoldeak antzinatekoarekin uztartuz.

Izan ere, eta nahiz eta lehenengo irakurraldian ziur aski tékne hitzak teknika terminoa dakarkigun gogora, alegia jarduera batean erabiltzen diren prozedura eta metodoen multzoa, ezin gaitezke horrekin soilik konformatu. Hain zuzen ere, eta teknika hitzaren jatorria tékne den bezala, antzinateko grezierazko hitz honetan baitu jatorria egungo arte terminoak ere. Tékne hitz grekoa latinera ars gisara itzuli zen, eta horra hor egungo hitzaren erroa. Hala eta guztiz ere, gizarteak berak historian zehar garatu edo aldatu diren neurri berean, hitzak berak ere, edo hobe esanda, hitzen esanahiak ere prozesu beraren partaide izan dira. Beraz, hona hemen galdetu beharreko itauna: zein zen tékneren antzinateko esanahia? Galdera horren erantzuna topatu ahala, Sarramianek proposaturiko proiektuaren gakoetariko bat askatzeko tresna izango dugu esku artean.

Garai hartan, terminoak oso esanahi zabala zuen, arau batzuen ezagutzan oinarritutako eskuzko abilezia edo trebeziari egiten baitzion erreferentzia, eta Physis (natura) hitzarekiko erabateko aurkakotzan ulertzen zen. Horrela bada, tékne hitzak artifiziala zenari egiten zion erreferentzia, eta baita naturala izan zitekeen hori objektu artifizial bilakatzeko prozesu eta ezagutzari ere, nahiz eta abiapuntua mimesia izan. Sarramianek, neurri batean, arteak antzinatean zuen esanahia berreskuratuko du, baina naturarekiko kontrajartzean ulertu beharrean, harekiko gainjartzean aurkeztuz.

Hain zuzen ere, artistak, naturaren zati diren paisaia jakinen gainean, teknologia berrien erabilera burutzen baitu, hala nola laser izpiena edo errotuladoreena, alegia, egungo ezagutza eta gailuen aplikazioarena. Prozesu horren emaitza, guztiz ingurune artifizial eta berriak sortzearena izan delarik, zeinaren bidez, eta arteak bitartekari lanak eginik, naturala eta artifiziala eremuen dikotomiaren inguruko hausnarketa plazaratzen baitu.

Naturarekiko burutzen den analisi hori, ordea, badirudi ia ikuspegi zientifiko batetik eginikoa dela, egungo testuingurutik gure gertuko paisaia eta ingurunea berrezagutzeko beharraren bultzakadei segika burutua, eta, hori dela eta, azken emaitza bera baino gehiago, prozesuan, unean-unean sorrarazten diren aldaeren garrantziaren erreibindikazioa gauzatzen dela bai proiektuan eta bai erakusketan bertan.

Hala eta guztiz ere, eta aipatutako azken hausnarketa horiek interesgarriak izan daitezkeen arren, Sarramianen lanek, batez ere tituluak eraginarazten duen garai historiko ezberdinen elkartzea dela eta, nigan beste pentsamendu batzuk ere piztu dituzte. Agian, eta ia ziur nago artista beraren intentzioetatik aparte daudela, baina arteak zerbait interesgarririk baldin badu, horietariko bat lanek sor ditzaketen gogoeta anitzak dira, maiz sortzaileen eskuetatik ere ihes egiten dutenak.

Berriz ere tékne hitzari tiraka hasi beharrean gaude, eta, antzinatean izandako esanahi guztiz zabala gogoratu, arte produkzioa ez ezik, ia gainontzeko ofizio guztiak ere bere gain biltzen zituena. Horrela, ez artea eta ez artistak ez zuten oraindik ere ondoren Errenazimentu amaieran gainjarritako eta ia nolabait egungo testuingururaino bizirik iraun duen jeinuaren inongo zentzurik. Hitzaren berreskurapenaz gain, artistaren zentzuaren berreskurapenaren aldeko aipuaren inguruko gogoeta da mahai gainean jarri nahiko nukeena modu honetan, bide batez; izan ere, maiz ahaztu egiten baitzaigu egun artista izatea ere beste edozein ofizio burutzearen pareko dela, alegia, artista izatea ogibidea dela. Horren ondorio zuzena izanik, besteak beste, langile hauek sufritzera kondenatuta daudela dirudien eta hain arbuiagarria den ezegonkortasun erabatekoa ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oriol Roch eta Robert Treviño gaur goizean, orkestraren Miramongo egoitzan, Donostian. ©Maialen Andres / Foku

Ravel sinfonikoena grabatu du Euskadiko Orkestrak

Itziar Ugarte Irizar

Robert Treviñok eta orkestrak elkarrekin ondu duten lehen diskoa da, eta Ziburuko konpositorearen euskal erroetan egin nahi dute azpimarra. Ondine diskoetxearekin eman dute argitara lana.

Iradier Arena artxiboko argazki batean ©Junan Ruiz/Foku

Gasteizko Iradier Arenan 600 lagunentzako kultur ekitaldiak egingo dituzte

Aitor Biain

Arabako zenbait kultur eragilek Kultura Bizia egitasmoa jarri dute martxan, erakundeen babesarekin. Apirila eta iraila bitartean izango da. Hainbat kontzertu iragarri dituzte dagoeneko.

'Nomadland' filmaren fotogrametako bat ©Berria

BAFTA sariak: ‘Nomadland’ nagusi, lau sarirekin

Berria

Film, zuzendaritza, emakumezko protagonista eta argazkilaritza onenen sariak jaso ditu Chloe Zhaoren filmak

"Zinema independentea hauskor atera da"

"Zinema independentea hauskor atera da"

Iñaki Etxeleku - Ipar Euskal Herriko Hitza

Baionako Atalante zinema gela diru laguntzei esker bizi da urritik. Saint Picq, gela kudeatzen duen elkartearen burua, grinatua da zinema independentearen etorkizunari buruz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna