Noiz sortua: 2015-06-09 00:30:00

ETAren desarmatzea atzeratzea «oztopoa» da, Jonan Fernandezen ustez

«Ondorio politiko zehatzak» ekarriko dituzten urratsak egiteko eskatu dio ETAri.

Gogor kritikatu du amnistia eskatu duten preso ohien agiria

Gotzon Hermosilla -

2015eko ekainak 9
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezek ez du begi onez ikusten ETAk armategien zigilatzeaz duen estrategia, «eraginik» ez duelako eta «egiaztapenik, inbentariorik eta egutegirik» ez daukalako. Horregatik, «hausnartzeko» eskatu die ETAri zein ezker abertzaleari, eta «ondorio politiko zehatzak» ekarriko dituzten urratsak egiteko: «ETAren desarmatze eta desegitea atzeratzea oztopoa da, arazo handiagoak ekartzen dituelako, gizartearentzat ez ezik, ezker abertzalearentzat ere». Gauzak aldatu ezean, «GRAPOren antzeko egoerara» irits litekeela uste du Fernandezek.

Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketa batean egin ditu Fernandezek aipatutako adierazpenak, ETAk joan den larunbatean Gara egunkariari igorritako oharraren ostean. Agiri horretan, maiatzaren 28an eta 29an Miarritzen eginiko polizia operazioa gaitzetsi du erakunde armatuak, «armategiak zigilatzeko prozesuaren aurkako eraso zuzena» izan zela iritzita. Horren inguruan, Fernandezek esan du Jaurlaritza «ETAren amaiera ordenatuaren alde» dagoela, baina horretarako «urrats argi eta egiaztagarriak» egin behar direla.

93 preso eta iheslari ohik plazaraturiko agiria ere hizpide izan du Bake eta Bizikidetzarako idazkariak. Joan den maiatzaren 12an argitaratu zuten agiria; han, preso ohiek «amnistia» proposatzen zuten «benetako irtenbide» gisa, «duintasunez, inoren aurrean makurtu gabe».

Gogor kritikatu du Fernandezek agiria. «Kopeta handia» izatea leporatu die horrelako planteamenduak egiteagatik «osteguneko pintxo-pote eta larunbateko afariaren artean, beste batzuk kartzelan dauden bitartean», eta gogoratu du hori ez dela presoen kolektiboaren jarrera ofiziala.

Lasterbidean, arrakastatsu

Joan den igandean Lasterbidean euskal presoen aldeko lasterraldia egin zuten Berriozarren (Nafarroa), arrakasta handiz egin ere. 620 bat korrikalarik egin zuten zortzi kilometroko ibilbide nagusia, 200 lasterkari inguruk ibilbide laburra aukeratu zuten, eta beste 4.000 lagunek bat egin zuten mobilizazioarekin, euskal presoen eskubideen defentsan. Etxerat pozik agertu da lasterraldiaren arrakasta dela eta.

Euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazio gehiago izango dira datozen egunetan. Esaterako, datorren ostiralean, 19:30ean, Salto izeneko mobilizazioa egingo du Sare taldeak Bilboko Arriaga plazan. «Sakabanaketa amaitzeko, gaixo dauden presoak kaleratzeko eta bakartzeak bukatzeko» helburuz, jauzia egiteko gonbidapena egin die Sarek Bilboko herritar guztiei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna