Kutxabankek Fernandezen aurkako salaketa jarri du, «irregulartasunengatik»

Abokatu bufete batekin izenpetutako kontratu baten harira salatu dute Kutxabankeko presidente ohia.

243.592 eurokoa da irregulartasuna
Fernandez eta Billalabeitia, azkenak kargua hartu zuenean.
Fernandez eta Billalabeitia, azkenak kargua hartu zuenean. MARISOL RAMIREZ / ARP

Lander Muñagorri Garmendia -

2015eko urtarrilak 31
Kutxabankek Mario Fernandezen aurkako salaketa jarri du, erakundea agintzen egon zen garaian jarduera «irregularren» zantzuak topatu dituelako. Zerbitzu juridikoak eskaintzeko Bilboko abokatu bufete batekin izenpetutako kontratu baten harira, 243.592,02 euroko irregulartasun baten berri emango dio fiskaltzari. Kutxabankek ohar baten bidez jakinarazi duenaren arabera, diru hori osorik berreskuratu du.

Albistea jakin bezain pronto, PSE-EEk eta Mikel Cabiecesek Cabiecesen beraren kargugabetzea adostu dute. Izan ere, Cabieces Kutxabankekin akordioa sinatu zuen bufete horretako abokatua da, eta, horrez gain, sozialisten batzorde eragileko kidea ere bai. Idoia Mendia alderdiko idazkari nagusiak Cabiecesi azalpenak eskatu ondoren etorri da kargugabetzea. Era berean, PSE-EEk ohar baten bidez jakinarazi duenez, Cabiecesek alderdiko militante txartelari uko egin dio «behin-behinean».

Fernandezek Kutxabankeko presidente kargua utzi zuenetik bi hilabete eskasera iritsi da haren aurkako salaketaren albistea. 2009ko uztailean hartu zuen BBK-ko lehendakaritza, eta hasieratik helburu zehatz batekin lan egin zuen: BBK-k, Kutxak eta Vitalek bat egitea lortzea. Hala egin zuen, eta 2012. urtean Kutxabankeko presidente kargua ere hartu zuen. Bere agintaritzan estres azterketetan emaitza bikainak lortzea da aitortu izan zaion lorpen nagusietako bat.

Hiru kutxek osatutako bankuko akzioen %70 saltzeko proposamenarekin bueltaka ibili zen bere agintaldian, baina azken hilabeteetan EAJren babes politikoa galdu zuen, eta azaroaren amaieran kargua utzi zuen. Gregorio Billabeitiak ordezkatu zuen.

Denbora honetan ez da geldi egon, ordea. Asteazken honetan Repsoleko kontu ikuskaritzako batzordean sartu da. Aurretik ere bazen horko kide, aholkulari independente gisa. Fernandez EAJko militantea da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna