Ander Odriozola. Zinemagilea

«Mingarri zait aktoreak hain lotuta ikustea»

Gutxieneko ekipoa erabiliz eta ahalik eta askeena jokatuz filmatu du 'Bingen' Ander Odriozolak. Bihar proiektatuko dute Marabilli jaialdian.
MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Iñigo Astiz -

2015eko urriak 3
Ekipo teknikorik gabe, kokapen naturaletan, argiztapen osagarririk gabe, eta mikrofono txiki batekin. Gutxienekoarekin filmatu zuen Bingen film luzea Ander Odriozola zinemagileak (Ondarroa, Bizkaia, 1978). «Gerrilla modura», dio. Ahalik eta libreena jokatzeko aukera eman zion horrek, eta euskaraz komedia bat kontatzeko baliatu zuen aukera. Areto komertzialen ibilbidetik kanpo eskaini du lana. Marabilli jaialdian proiektatuko dute bihar, Ondarroako zinema aretoan.

Zergatik erabaki duzu halako ekipo txikiarekin filmatzea?

Ekipo handiekin, filmaketak oso geldoak izaten dira, eta lan asko eskatzen du eszena bakoitza filmatzeak. Guk oso azkar egiten genuen ez genuelako erabiltzen fokurik, makillajerik edo jantziteria handirik ere. Errealitatean gertatzen diren gauzak ere baliatu genituen, gainera, filmaketarako. Horrek bizitasuna ematen dio lanari, eta dibertigarria da. Jolas bat bezala da niretzat. Alde batetik, beharrak bultzatu nau hala aritzera, baina beste alde batetik beti gustatu izan zait nouvelle vague edo free cinema-n egiten zen zinema mota. Zinema askeago bat egiten zuten, baita 16 milimetroan grabatuta ere. Orain asko erraztu da teknikoki pelikulak egitea. Teknikoki hor daude aukerak; arraroa da zergatik ez diren egiten pelikula gehiago.

Eta zergatik ez da egiten?

Uste dut askotan teknikarekin obsesionatzen garela, baina, azkenean, balio dutenak dira istorioak. Bingen-en gidoia oso landua dago, baita aktoreen lana ere. Uste dut hori dela inportanteena.

Aktoreen askatasuna izango da lan sistema horren abantaila.

Bai. Planifikazio handiagoaz ere grabatu izan ditut gauzak, eta markatuta egoten da aktoreen kokapen guztia, eta zehaztuta zer egin behar duten. Min ematen dit aktoreak hain lotuta ikusteak. Aspertu egiten naiz ni neu eszenak errepikatzeko eskatzen. Sistema honekin, kamerak segitzen die haiei, eta ez alderantziz. Entseatzen ditugu sekuentziak, eta gidoiko testua ezarrita dago, baina aktoreek askatasun handiagoa daukate.

Bidean duzu bigarren pelikula. Hori ere metodo berarekin filmatuko duzu?

Askatasun bera mantendu nahi dut, baina ekipo gehixeago erabiliko dut. Edertasun tekniko handiagoa bilatu nahi dut. Gidoia lantzeko Eusko Jaurlaritzak gidoi zinematografikoak egiteko ematen duen diru laguntza lortu nuen. Gidoiari buelta pare bat ematen nabil orain, aktore bila, eta lokalizazioak begiratzen.

Komedia bat izango da hurrengoa ere?

Ez. Tragedia dramatiko bat. Komediarekin oso gustura ibili naiz, baina aspalditik nuen hurrengo filmeko istorioa buruan, eta orain hori egin nahi dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna