Lurdes Zurbanobeaskoetxea. Zahartzaroa elkarteko lehendakariordea

«Adinekoetan zaila da jakitea sarri noiz dagoen hasita hiltzeko prozesua»

Adineko gero eta pertsona gehiago egoteak dakartzan erronka berrien inguruan ardazten du bere jarduna Zahartzaroa elkarteak; osasun eta gizarte arloko legeetan horiei aurre egiteko baliabideak eskatzen ditu.
MARISOL RAMIREZ / ARP

A.Iraola -

2016ko abuztuak 24
Zahartzaroa Geriatria eta Gerontologia Euskal Elkargoan bizitzaren amaierari buruzko kezkek aparteko zama hartzen dute. Hitza ere hartzen dute gai horietan elkarteko arduradunek. Besteak beste, Eusko Legebiltzarrean berriki bizitzaren amaierako arta hobetzeko ondu den legea osatzeko ekarpenak egin dituzte. Elkargoko lehendakariordea da Lurdes Zurbanobeaskoetxea.

Populazioa zahartzen ari dela aintzat hartuta, nola bermatu jendeak azken urte horiek ahalik eta bizi kalitate onenarekin bizitzeko egiten dituen eskeak?

Orain Eusko Legebiltzarrean onartu berri den legean, esaterako, lehen bertsioan guk ikusi genuen oso alor sanitariotik eginda zegoela. Baina egin dira aldaketak; esaterako, kontuan hartu da adineko pertsonak askotan zaharren egoitzetan hiltzen direla. Legea ezin duzu egin bakarrik ospitaleetarako. Falta da, akaso, bai adineko pertsonetan eta baita urritasunak dituzten hainbat pertsonaren kasuan ere hobetu egin behar dela horiei informazio emateko modua. Hor indar handiagoa egin behar da oraindik ere.

Diagnostiko edo pronostikoak emateko orduan, esaterako?

Usu, bai adineko pertsonekin eta bai urritasunak dituztenekin, esaten da: «ez du ulertzen». Haiekin hitz egin ordez, beste pertsona batzuengana jotzen da.

Horrelakoak sarri izaten dira?

Bai, zaila delako. Zaila da ulertzea pertsona horiei akaso irudi batzuekin eman behar zaiela informazioa, edo beste hizkera batekin. Horrek legean egon beharko luke profesionalen betebehar moduan. Informazioa horrela emateak ekar dezake akaso prozesua luzeagoa izatea, baina egin behar da. Adineko pertsonekin ikusten dugun beste kontu bat da %7 dementzia batekin hiltzen direla, eta minaren diagnostikoa-eta egiteko orduan kontuan hartu behar dela pertsona horien egoera. Neurtu egin behar da pertsona horien mina: beste betebehar bat da hori. Kontuan hartu behar da adineko pertsonetan zaila dela askotan jakitea noiz dagoen hasita hiltzeko prozesua, eta apurka-apurka joan ohi dela... Askotan prozesu oso luzeak dira, eta hain luzeak izanda, maiz ez dira kontuan hartzen hainbat sintoma, esaterako minarena. Minbizia duen pertsona baten kasuan, esaterako, denek ikusten duten gauza da pertsona horrek min barik hil behar duela, baina dementzia duen pertsona baten kasuan, zaila da minik baduen ere jakitea: berak ezin duelako esan. Baina badira oinazea neurtzeko erak, eta aintzat hartu behar dira. Trebakuntza giltzarri da horretan.

Baina trebakuntza egokia falta da sarritan, ezta?

Bai, bai. Trebakuntza hori ez dago fakultateetan. Geriatria arloko trebakuntzak oso garrantzitsua behar luke, esaterako, lehen mailako arretan jardungo duten medikuentzat. Eguneroko jardunean ikusiko dituzten pertsona gehienak zaharrak dira. Baina oso trebakuntza gutxi jasotzen dute, eta hautazkoa izaten da, gainera. Ez zaio ematen duen garrantzia.

Zahartzaroak dakartzan gaitasun galtzeei hobeto aurre egiten zenbateraino lagun dezake planifikazioak? Aurretiazko borondateen agiri eta antzekoak tresna egokiak izaten dira?

Bai, nik uste dut baietz. Egia da egun adineko pertsonetan oraindik ez dagoela oso sartuta horrelakoak egitea. Oraindik gazteago garenontzat ere sarri ez da erraza: «Baina ez dakit zer ipini», esaten dugu. Ez dakigu izango dugun dementzia bat, minbizi bat edo iktus bat... Baina, tira, bakarrik gure izenean erabakiak hartzea nork nahi dugun erabakitzea garrantzitsua da. Esatea nik ezin badut senarrak, alabak edo nire adiskide batek erabakiak hartzea nahi dudala, hark ezagutzen duelako nire bizitza, nire intimitatea. Arlo horretan, horrelakoak egiteko era errazten joatea oso garrantzitsua da.

Dementziak zenbateraino dira eragozpen autonomian?

Gaur egun dementzia diagnostikatzen den unetik igual egon ahal zara denbora asko nahiko ondo erabaki asko hartzeko. Adineko pertsonekin askotan gertatzen da dementzia duela, eta ja ematen duela ez dela erabakiak hartzeko gai; eta erabakiak neurri desberdinetakoak dira, eta dementziak ere neurri desberdinak izaten ditu. Ez da gauza bera hasierako dementzia bat edo ja azken fasean dagoena. Alde horretatik, gero eta pertsona gehiago daude dementzia bat diagnostikatu eta egiten dutenak planifikazio bat, eta Gizarte Zerbitzuen Legean, esaterako, bada figura bat oso garrantzitsua, autotutoretzarena: nor nahi duzun zuk izatea zure tutorea esatean datza. Ezezagunak dira horiek, baina garrantzitsuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna