Ezker abertzalearen bilakaera. Iragana. ANALISIA

Iraganaren analisia

Enekoitz Esnaola -

2015eko apirilak 19
Urkulluk segitzen du ezker abertzaleari iraganari buruzko analisi mugatua eta partziala eskatzen. Duela bi aste Jaurlaritzaren Zuzendu programaren aurkezpenean zioenez, giza eskubideen urraketarekin zerikusia duen guztian autokritika «denek» egin beharko dute, «baina ez modu berean, erantzukizuna ezberdina delako». Premiazkotzat jo du «ETAren ingurune politikoak» erakunde armatuak eragindako giza eskubideen urraketez «balorazio kritiko eta argia» egitea. Urrian, Hitzeman programa aurkeztu zuen Jaurlaritzak; han sartzeko, «bake eta bizikidetzaren» aldeko adierazpen bat onartu beharko dute euskal presoek, eta Jaurlaritzak, damurik eskatu gabe, haien «gogoeta autokritikoa bultzatzea eta indartzea» ere badu helburu.

Espainiako Estatuko fiskal, epaile, ETAren biktimen elkarte, Guardia Zibila, Polizia eta bestelako batzuen jarreragatik, ezker abertzaleko arduradun izandakoek eta gaurkoek egundoko trabak dituzte iraganari buruz lasai aritzeko, BERRIAk ere gaurko Harian-eko erreportajea egitean frogatu duenez. Estatuak edozein aitzakia nahikoa du haiei delako jarraitutasuna leporatu eta auzibidean jartzeko. Arraiz Sortuko presidenteari gertatu zaio orain ez asko, 2013ko azaroan Brouard eta Muguruzaren omenaldian ezker abertzalearen ibilbide politikoa aldarrikatzeagatik. Harena ez da kasu bakana.

Inork ez du ukatzen ezker abertzaleak, orokorrean hartuta, erantzukizun berezi bat duela euskal gatazkan, frankismoaz geroztik ere urteetan estrategia politiko-militarra izan baitzuen. 800 pertsona pasa hil ditu ETAk; gehitu beste atentatuak, bahituak, mehatxatuak... Erantzukizun hori ezker abertzaleak berak ere aitortu zuen 2012an, Kursaaleko adierazpenean: «Onartzen dugu, gatazkaren gordintasunean, ezker abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazioa falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko. Ezker abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren aurrean».

Geroztik Sortukoak joan dira ETAren biktimen omenaldietara, eta bakegintzan pauso esanguratsuak eman ditu ezker abertzaleak urteotan: Sortuk 2011n estatutu berritzaileak (indarkeria errefusatu, ETArena barne); ETAk 2011n iraultza zergaren eta jarduera armatuaren bukaera; EPPK-k 2013an adierazpena («eragindako alde anitzeko sufrimendua eta mina zinez aitortu»); ETAk iaz armagabetzearen hasiera, eta «borroka armatuaren egitura logistikoa eta operatiboen» desegitea.

Urkulluk «denen» autokritikaren beharra aipatu duen honetan, EAJk eta haren Jaurlaritzak ere badute zerrenda propio bat: Herrizaingo kontseilari zela, Atutxak ezker abertzaleko gazteria kriminalizatu zuen, ustezko Y taldeak zirela medio; hemerotekan dira Atutxak berak eta EGIk Egin-i buruz esandakoak; GAL bukatzear zela EAJk etxerako (Jaurlaritzarako) hartu zuen PSE (1987 hasieran), eta gero, GALen erantzukizuna zeinena zen nahikoa garbi egon arren, urteetan jardun zuen harekin gobernatzen; ofizialki badira dagoeneko 26 urte PSOEren gobernuak, EAJren sostenguarekin (PSOEk aitortu izan du), euskal presoen sakabanaketari ekin ziola; Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak eskatuta, Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak aurten jakinarazi du 1960-2013 aldiko 2.820 tortura salaketa aztertu dituztela eta haietatik %9,6 direla Ertzaintzaren tratuari buruzko kasuak (271)...

«Erantzukizuna ezberdina da», Urkulluk. «Bere horretan biktima den Herria da gurea», Ugarteburuk, Kursaaleko ekitaldi hartan.

Euskal Herria biktima da oraindik ere, ez baitira bukatu giza eskubideen urraketak. Adibidez, azken urte eta erdian lau operaziotan euskal presoen eskubideen aldeko mugimendu zibiletako 46 lagun atxilotu ditu Espainiako Estatuak: presoen abokatuak, medikuak, senideak, Herrira-rekin lotutakoak, EPPK-ko bitartekariak... Eraso haien aurrean EAJk eta Jaurlaritzak erakutsitako jarrera ez da izan euskal gizartearen parte handi baten gustukoa.

Euskal gatazkan —ez zena hasi ETAren sorrerarekin— parte izandako norbanako eta eragile bakoitzak dauka bere iragana eta, jakina, hari buruzko analisi propioa. Baina ezker abertzale ofizialak oraindik ere jendaurrean ezin du besteen baldintza beretan hitz egin 1979an eta beste garai batzuetan hartutako edo babestutako erabaki politikoez, eta horrek mugatu egiten du. Akatsak akats —Arraizek aitortuak 2013ko omenaldi hartan—, gorabeherak gorabehera, haren ibilbideak hari bat izan du eta, beraz, justifikazio politiko bat bilatzen dio.

EAJren kasuan bezala —orain arte, bederen—, norbera bere iraganaren analisi kritikoaz geldirik egon eta bestearen borondatea aldatu nahi izateak onurarik ez lekarke. Onurarik ekarri ez zuen bezala iazko urtarrileko manifestazioan EAJ antolatzaileetakoa izan eta haren kontrako oihuak egiteak. Winston Churchillek zioena har daiteke kontuan: «Oraina iragana epaitzen saiatzen bada, etorkizuna galduko du».

Ezker abertzale ofizialak, 2009an gogoeta estrategikoa hasi zuenetik hona, bidelagunak eduki ditu Euskal Herrian (koaliziokideak...) eta nazioartean, eta haren apustua sakontzeko balio izan du horrek, bidelagunek baldintzak ere jarri izan dizkiotelako. Bakebidean EAJk eta Sortuk elkar hartu eta aurrerabiderako konpromiso batzuk baleuzkate, iraganari so egin eta autokritikan sakontzeko baldintza hobeak leudeke. Bi alderdiak ari dira hizketan. Denbora aurrera doa, eta, bitartean, estatuak zabalik du «'kartzeletako fronteko' erakunde desberdinen» aurkako xake partida.