ANALISIA

Lantegia dute Euskal Bidean

Enekoitz Esnaola -

2015eko otsailak 15
Arraizek Voltaireren XVIII. mendeko aipu batekin hasi zituen Ficoban eta Forum Europan Euskal Bidea aurkezteko hitzaldiak —«Voltairek idatzi omen zuen Euskal Herria dela Pirinioen bi aldeetan abesten eta dantzatzen duen Herria»—. Kasurako, berriagoak dira Telesforo Monzonen hitzak: «Gure herriaren aurkako indarkeriarik handiena Nafarroaren ingurukoa da. Estrategia: Euskal nazioa puskatan ezarri, zati bakoitza bere alde joan dadin, ontzia ezin berreraikitzeko gisan. Nafarroa gabe ezer ez dugu nahi. Ontzi osoa nahiago dugu, hutsik ere, ontzi hautsiaren puskak baino, transferentzia paperez inguraturik» (1980, Egin). Voltairerena ondo sartzen da belarrira. Monzonena gordin egiten da; hori baita errealitatea, eta hortik abiatu dute Euskal Bidea, «Herria» estatu bihurtzeko asmoz.

Justizia lortzeko «itun soziala» aldarrikatu zuen Voltairek. Norberak landu behar du bere patua, haren arabera. EH Bilduk eta EH Baik «kontratu sozial berria» eskaini diote euskal gizarteari, erabakitzeko eskubidean oinarritutakoa; ondoren, proiektu politikoek errealitate administratiboetako herritarren babesa jaso, «ontzi hautsia» berreraiki eta Euskal Estatua sortzeko. «Prozesu eratzailea, mailakatua, pragmatikoa...». Ezker abertzaleak, bi koalizioen baitan, orain arteko proposamen politikorik errealistena egin du. Egoera gordina den arren, ondo sartu ahal da askoren belarrietara, eta hark igual dauka orain euskal politikan lehenengo aldiz ekimena izateko abagunea. Lantegi handia eta konplikatua daukate aurretik, normala denez.

Badu arriskurik Euskal Bideak: gizarteak nazio identitatearekin soilik lotzea eta, ondorioz, ezkerreko borroka sozial eta ekonomikoa Podemos-Ahal Duguren esku geratzea, hein handi batean. 2011ko maiatzeko bozetan emaitza ikusgarriak lortu zituen Bilduk, eta geroztik hauteskunde desberdinetan portzentualki-eta eutsi egin badio ere —eta ez zen gutxi—, ezkerrera eta sistemarekin deskontentu diren herritarren artera ez da sobera zabaldu, saiatu den arren. Eusko Legebiltzarrerako bozetan Ezker Anitza ordezkaritzarik gabe geratu zenean, EH Bilduk bere burua «bestelako eredu sozioekonomiko bat duen ezkerreko indar bakar» gisa ikusi zuen. Ezker Anitzarekin batzartu, eta zioen haren ekarpenak bereganatu eta bideratuko zituela. 2012aren hondarra zen; orduan ez zegoen Podemosik. EH Bilduk Gasteizko parlamentuan garrantzi berezia eman dio arlo sozioekonomikoari, bere ekinbideen %85 hari buruzkoak izan baitira; horrez gain, Kutxabanken borrokatu da, Gipuzkoako Aldundiak ezkerreko politika bat darama —zergak, mendekotasuna...—, baina, hobeto iristeko, formula eraginkor berriak edo berritzaileak topatzea ez litzaioke gaizki etorriko; esaterako, iritzi publikoak haren arduradun nagusi gehienak nazio identitatearekin eta konponbidearekin soilik ez lotzeko.

Euskal Bidearen eskaintza edukiz betetzea du beste zeregin bat EH Bilduk, aurrerabiderako idiaren pausoak emateko. Maiatzeko bozen ondotik erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernuak osatu nahi ditu. Instituzioak egunerokoan ere gobernatu behar dira, eta, adibidez, EAJk eta biek gizarte eredu desberdinak dituzte; nola gobernatu? Podemos luke aliatuago, estatugintzan azeleragailua apalago zapaltzea lekarkeen arren; baina, «ontzi osoa» izan gabe ere, haren «puskak» eduki sozialez betetzeko aukera luke, zentralitatea irabazteaz gain. Hor ikusteko egongo da Podemosentzat, bere estatu estrategian, zenbateraino den baldintza ETAren armagabetzerik eza, edo, Arraizek esan bezala, «dagokionak» zer egingo duen «herri honen egoera eta prozesuari begira».

EAJrekiko harremana da argitzeko duen beste alor bat —Sortu eta biak 2013ko uztailetik ari dira biltzen; fruiturik?—. Euskal Herriaren egituraketa juridiko-politikoan ere ez dirudi bat datozenik. Orain urtebete pasa Ortuzarrek irrati kate batean «Euskadi nazioa Europan» esan zuenean, elkarrizketatzaileak «nazioa edo estatua?», galdetu zion. Ortuzarrek: «Estatua esan nahi izan banu, estatua esango nukeen».

Ezker abertzaleak kasik atzo arte negoziazio eskema klasikoa zeukan; eta dena zen hain sekretupekoa, 2006an, adibidez, Loiolan ia izenpetu zuten akordioa Vatikanoan gordetzeko prest zeuden. Garai hartan, gainera, tiraderan sartu zuen ezkerreko subiranisten artean marrazten ari ziren bilgunea; Loiolakoa tentagarria zen, antza. Bukatu ziren hura eta Suitzakoa, eta bakarrik sentitu zen ezker abertzalea. Behetik gorako prozesua nahi du orain, aldebakartasuna bide hartuta. Baina gero ere izan ditzake amuak.

Ehun mila kafe hartzeari ekin diote Euskal Bidea plazaratu dutenek. Atxagaren Gizona bere bakardadean liburuan Poloniako futbol selekzioko interpretea kezkatuta azaltzen da kontzentrazio hoteleko langileen «konfiantzaz abusatu» duelakoan. «Tori orduan kafe gehiago. Kafe gehiago, konfiantza gehiago», hoteleko langileak interpreteari, onbera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna