ANALISIA

EH Bilduren pendulua-eta

Enekoitz Esnaola -

2015eko irailak 13
EAJren ibilbidea definitzeko erabili izan da penduluaren metafora; subiranismoaren eta autonomismoaren arteko orekan ibili da, arriskatzearen eta pragmatismoaren artean. Santiago de Pablo eta Ludger Mees historialariek El péndulo patriótico izenburua jarri zioten haren historiari buruzko bildumari. Esaten zuen Juan Ajuriagerra EBBko buru izandakoak EAJk «tranbia guztiak» hartu behar zituela.

Espainiako gerra bukatu berritan, Irujok independentziaren alde egin zuen EBBren batzar batean, «baina abertzaletasunak jatekoan eta garbantzuetan pentsatu behar du»; «esango nuke pixka bat egon behar dela», zioen. 1979an Gernikako Estatutua onartu aitzin ere izan ziren independentziaren aldeko mezu batzuk; Markos Bizkaia diputatuak aipatu zuen estatutua ez bazen onartzen, EAJk independentzia eskatuko zuela, baina EBBk kargu hartu, eta ohartarazi zion tentsioa jaitsi behar zela. 1988an egin zuen Arzalluzek Arriagako diskurtso famatua, aitortuz «Espainia barruan eroso» sentitzea zela xedea. Urte hartako Alderdi Egunean Arzalluzek berak bota zuen Europako banderari izar bat falta zitzaiola: Euskadirena. 1998an Lizarra-Garazin zen EAJ, burujabetzaren bidean ezker abertzalearekin eta. Joan den ostiralean Diadako lore eskaintzan egon, adierazpenetan katalanen parte hartze prozesua babestu eta Euskal Herrira itzuli zen EAJko ordezkaritza, Ortuzar buru, arratsaldeko mobilizazio erraldoi independentistan parte hartu gabe.

Lagin txiki bat baino ez da aurrekoa, sinplea, agian arina, baina estilo baten isla da. EAJk independentismora baino gehiago jo izan du (EAEko) autonomismora / estatutismora, eta, kolore askoko sarea botata, jendea batuz joan da, bidean multzorik galdu izan badu ere —1921ean Aberrikoak, 1934an Jagi-Jagikoak, 1950eko hamarkadan Ekinekok, 1986an EA sortu zen—. 120 urte dituen alderdia da, eta hor dago, botere instituzional handiarekin, bere penduluarekin eta estiloarekin. Hori da euskal abertzaletasuneko bloke bat, denentzat ezagun dena.

Besteak, ezkerralderakoak, ba al du bere pendulurik eta estilorik? 50 urte pasan estrategia politiko-militarra izan ondotik eta hamar urtean legez kanpo egon ostean, ezker abertzalearentzat ez zuen erraza izan behar estrategia berri bati heldu, eta edukiekin, formekin eta taktikekin berehala asmatzea; eta, orobat, gaitza behar zuen izan lehen unetik, eta instituzioetan bakarka aritu gabe, (EH) Bildu koalizioa sortu, eta beste alderdi batzuekin beti modu sendo eta koherente batean aritzea. Baina ezker abertzaleak / EH Bilduk, «prozesu eratzailean» lurralde batasuna, euskal estatua eta «justizia soziala» xede, beharko du estilo bat finkatu. Horretan dabil maiatzeko bozen ondotik.

Han, azkeneko urteotan guztia agian gehiegi kontrolatu eta gidatu dute goitik, zuzendaritzatik. Ardatz nagusiak zein dituzten jakitun, orain tokian tokira egokitu nahi dute estrategia, autonomia emanez udalerriei. EH Bildu «poliedrikoa» nahi dute, «Euskal Herri asko baitago». Historikoki udalerrietan izan du indarra ezker abertzale zabalak, eta filosofia horri protagonismo handiagoa ematea besterik ez du, prozesu herritar bat abian jartzeko —eta EAJ baldintzatzeko— «fronte zabala» eratu nahi badu. Bere pendulua ere badu finkatzeko. Hots, soziologiari so egin, eta asmatu beharko du non atera garbantzu kontuak eta non sentimendu nazionala; non jo oso ezkerretik eta non plazaratu identitate kontuak; eta nola uztartu nazio diskurtsorako.

Horrek denak denbora bat eskatuko die, eta, lehen hauteskunde zikloa bete ondoren, gutxienik lauzpabost urteko perspektibarekin aritzea, ez baita epe motzean aldaketarik espero —kasurako, EAEn datorren urteko bozetako jokaldia telebisatuta dago: EAJ-PSE—. Argien aroa izena du Otegiren elkarrizketa liburu batek.

Politika modu hori azken urteetan Nafarroako erkidegoan aplikatu du ezker abertzale zabalak, herrialdea subjektu gisa aitortuta eta askotariko lankidetzak sustatuta, eta Iparraldean aspalditik dabiltza gisa berean. EAEn badauka udalerri handi bateko eredu bat: Errenterian EH Bilduk eta Irabaziz-ek (Ahal Dugu-ko jendea, IU-Ezker Anitza, Equo) legealdiko udal akordioa sinatu dute, «eraldaketa soziala eta politikoa» helburu. Baina ez da prentsaurreko batean-edo ideia bota eta ondoren erdietsitako hitzarmena izan; aurreko legealdian Bildu eta ezker ez-abertzalea elkarlanean aritu ziren. Akordioko testuan «masa kritikoaz» eta aldaketa «mentaleko» prozesuez hitz egiten dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna