Albistea entzun

Ez betiko adiorik, 'Cassini'

Hamahiru urteko misio bat burutu ondoren, ostiralean betiko desagertu zen 'Cassini' zunda. Eguzki sistema berri baten irudia helarazi du misioak; biziaren abaroa izan daitezkeen toki berriak aurkitu ditu.
Saturnori 'Cassini' zundak egindako argazkietako bat.
Saturnori 'Cassini' zundak egindako argazkietako bat. NASA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2017ko irailak 17

Lurretik 1.420 milioi kilometrora dagoen planeta erraldoi batek gizakiak egindako tramankulu ñimiño bat irentsi berri du, betiko. Cassini zunda Saturnoko atmosferan sartu zen ostiralean, eta, ordudanik, historia da. Gizakia balitz, zilegi litzateke bere buruaz beste egin duela esatea. Suizidioak helburu gardena izan du: Saturnoren inguruan dauden ilargiak nahigabean kutsatzeko aukera oro alboratzea. Zientzialarien arabera, Titan eta Entzelado bezalako ilargiak benetako harribitxiak dira, eta, horietakoren batean erori izan balitz, mundu horiek betiko kutsatzeko arriskua legoke. Hamahiru urtez mundu urrun horretako bazter miresgarrien berri eman duen Cassini zundaren amaierari Grand Finale izena jarri diote misioaren arduradunek. 1997ko urrian atera zen Cassini-Huygens misioa, NASA, ESA eta Italiako Espazio Agentziaren elkarlanari esker, eta 2004an Saturnoren orbitan sartu zen. Cassini planeta erraldoiaren inguruan gelditu bazen ere, Huygens zundak Titan ilargian lurreratzea lortu zuen. Hain urrun dagoen diana batean asmatu izana «arrakasta itzela» izan zela uste du Agustin Sanchez-Lavega EHUko astrofisikariak.

Titandik helarazi zituen datuei begira zur eta lur geratu ziren zientzialariak. Huygens lurreratu baino lehen, atmosfera zerratu batek ilargi horren lurrazala estaltzen zuen. Behin hodei lodi hori pasatuta, ordea, itzelezko mundua agertu zen: hodeiak, lakuak, ibaiak... Lurrean urak jokatzen duen rola metanoak jokatzen du Titanen. «Metanozko aintzirak daude han, baina, tamainagatik, itsasoak direla ere esan genezake», azaldu du Sanchez-Lavegak. «Konposatu organikoei dagokienez, eguzki sisteman parekorik ez du ilargi horrek». BERRIA iritzi bila joan zaionean, ESA Europako Espazio Agentziak misioan duen zientzialari nagusi Nicolas Altobellik ere Titanen topatutakoaren garrantzia azpimarratu du. «Huygensek Titango atmosferaren sekretuak azaleratu ditu aurrenekoz; hango lurrazala ukitu du, eta haren osaketa aztertu. Bestalde, beste planeta bateko ilargi batean gizakiak egindako lehen lurreratzea izan da».

Entzeladon topatutakoa beste ezusteko bikain bat izan zen. «Izan ere, Cassini zundak erakutsi digu izotzezko ilargiek jarduera dutela. Entzeladoren barruan ozeano bat dago, eta orain badakigu bertan jarduera hidrotermala dagoela». Halako inguruneak Lurrean bizia sostengatzeko gai direla gogoratu du zientzialariak, Eguzkiaren argiaren beharrik izan gabe. Dena dela, Altobellik azpimarratu du horrek ez duela esan nahi ezinbestean bizia dagoenik. «Titanen bezala, bere ozeanoetan dauden baldintzak ezezagunak zaizkigu oraindik, baina ez dugu alboratzen Entzelado bizitza izateko gai izatea».

Bat dator Sanchez-Lavega. «500 kilometroko diametroa besterik ez duen ilargi txiki horren barruan bizia garatzeko aukerak daude. Inork espero ez zituen geiserrak ikusi dira. Ilargiaren lurrazalean dauden arrakaletan zehar gasa ateratzen da. Baldintza hidrotermalak dira, funtsean, gure planetan biziaren agerpena bultzatu zuten antzeko baldintzak».

Planetan, berriz, haren atmosferako «gauza ikusgarriak» atzeman dituztela azpimarratu du astrofisikariak. «2010ean planeta osoari bira ematen zion ekaitz handi bat hasi zen. Kontuan hartzen badugu Saturno Lurra baino ia hamar aldiz handiagoa dela, ekaitzaren tamaina irudika dezakegu». Poloetan atzeman diren zurrunbilo erraldoiak ere gogora ekarri ditu. «Horiek ikertzea interes handiko kontua da, Lurrean ere izaten direlako, eta, hemen, ozonoaren suntsiketari lotuta ageri dira». Saturnon sortu den hexagono itxurako estruktura bitxia ere aipatu du adituak. «Horrek ere parekorik ez du eguzki sisteman. Orain badakigu denboran mantentzen dela. Azken 30 urteetan izan da han, espazio misio ezberdinen bitartez behatu ahal izan delako. Baina haren jatorria argituko duen erantzunik ez dugu oraindik».

Eraztunen osaketa

Zalantzarik gabe, Saturno entzutean, berehala datoz gogora haren eraztun famatuak. Horiei dagokienez ere, misioaren aurkikuntzak paregabeak izan dira. «Misioari esker, eraztunen dinamika eta osaketa zehatza ezagutu dugu. Biziak direla badakigu orain. Saturnoko ilargiek eraztun horiek antolatzen dituzte, beren eremu grabitatorioari esker». Orain, zientzialariek badakite ur-izotz blokez osatuta daudela, baina beste konposatu batzuekin ere nahastuta daude. Hala ere, Altobellik ohartarazi du ez dakitela eraztun horiek nola osatu ziren. «Agian, hori argitzeko datu guztiak eskura ditugu jada; oraingoz, behin misioa bukatuta, analisi gehiago egin beharko ditugu nola osatu ziren jakin ahal izateko».

Eraztunetan dagoen partikulen dinamika «sinestezina» dela esan du Altobellik. Bestalde, nabarmendu du bertan akrezio prozesuak mantentzen direla, eta horren bitartez ilargi txiki berriak sortzen ari direla. Eredu matematikoek sortze hori aurreikusten bazuten ere, prozesua misioaren bitartez ikusi ahal izatea «zirraragarria» izan zela esan du.

Bueltatzeko grina

«Gu, gizakiok, gauza harrigarriak egiteko gai gara», laburbildu du misioaren alde teknikoan aritu den Jo Pitesky ingeniariak. Bere balorazioa posta elektronikoz helarazi badu ere, berehalakoan igartzen da haren hitzen atzean dagoen grina. «Asko, asko dira misioak izan dituen alde nabarmenak. Handienetakoa izan da bizia izan dezaketen munduen inguruan gure ulermena asko handitu dela. Entzeladoko eta Titango lurrazalen azpian ur likidozko ozeanoak topatu izanak bizia bilatu behar duen tokiei buruzko ideiak aldatu ditu».

Azken asteotan bildutako datuak bereziki baliagarriak izango dira. Misioaren azken uneetan NASAko zientzialariak ausartu dira normalean egingo ez lituzketen maniobrak egiten, aparteko arriskuak hartzen. Datu andana hori aztertu eta interpretatu beharra dago orain, eta horretan ari dira jada, Piteskyk berak esan duenez. «Gaur [asteartez], proiektuaren zientzia taldearen bileran nago, zundak egindako azken orbiten inguruko lehen emaitzen berri izaten. Aspaldiko zenbait galderaren erantzunak argitzear daude. Adibidez, zenbat urte dituzte Saturnoko eraztunek? Baina galdera berriak ere sortzen zaizkigu. Zergatik ez dago hautsik Saturno eta eraztunen artean? Tira, badakigu hara bueltatu behar dugula».

Sanchez-Lavegak azken uneen garrantzia azpimarratu du. «Saturno eta eraztunen artean ibili da Cassini, eta hortik informazio asko ateratzea espero dugu. Adibidez, planetaren barruko estruktura nolakoa den, nukleoren bat ba ote duen edota atmosferaren goiko aldean ikusten ditugun haizete indartsuak atmosferaren barruan mantentzen ote diren». Orain, adituek datu andana dute ikertzeko, erantzun bat aurkitzen duen aldiro zientziari galdera berriak areagotzen baitzaizkio. Hortaz, Piteskyk esan duen bezala, Saturnora itzultzeko irrikan daude. Arazo bat dago, ordea: harako misiorik ez dago aurreikusita hurrengo hamarkadetarako. Hala ere, Cassinik opari eder bat egin dio gizateriari. Eguzki sistemako planeten artean ikusgarrienetakoa da Saturno, eraztun harrigarriz hornitua, eta horien irudiak eskuratzeagatik bakarrik merezi izan du hara joatea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri
LABeko suhiltzaileen atalaren prentsaurrekoa, atzo, Iruñean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

LABek Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du

Joxerra Senar

Sindikatuak salatu du urteetako gabeziak «inoiz baino nabarmenago» geratu direla, eta ez dela egon ez aurreikuspenik, ez alerta gaitasunik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...