Noiz sortua: 2016-09-29 00:30:00

Haurren amets fabrikatzaile

Imanol Urbieta musikari, konpositore eta musika pedagogoa hil da, 82 urte zituela. Dozenaka kantu utzi ditu haur eta helduen talde memorian
Imanol Urbieta musikari, konpositore eta pedagogoa (1934-2016).
Imanol Urbieta musikari, konpositore eta pedagogoa (1934-2016). JON URBE / ARGAZKI PRESS

Gorka Erostarbe -

2016ko irailak 29
Umetan musika jaso zuen; edo iritsi zitzaion behintzat. Eta indarrak iraun dion artean musika eman du. Eman die haurrei. Eta haiei emanez baita gainerakoei ere; haur haiek heldu bihurtu baitira, edo, bestela, haurrekin batera helduek ere entzuten baitituzte kantuok. Zein euskaldunen belarrietara ez zen iritsiko, aldez edo moldez, Jon Braun, Txiki txiki txikia edo Jolasean nenbilen —batzuk aipatzearren— kantuen oihartzunik, doinu eta hitzik. Kantuz kantu sortu eta zabaldu zuen kantutegi oso bat; haurren ametsak fabrikatu zituen, eta iruditeria oso bat ehundu zuen. Atzo hil zen Imanol Urbieta musikari, musika irakasle eta pedagogoa (Zarautz, Gipuzkoa, 1934ko martxoaren 10a-2016ko irailaren 28a), jaioterrian, 83 urte zituela.

Haur asko hezi eta hazi dira haren kantuekin azken hamarkadetan, eta herritar askoren soinu banda osatzen dute hark sortutako abestiek. Imanol Urbietak egindako lana ezaguna eta aitortua izan da Euskal Herri osoan zehar; sarri gertatu ohi den moduan, bizitzaren azken urteetan iritsi zitzaion, batez ere, aitortza hori. Azken urteetan, omenaldiak handik eta hemendik iritsi zitzaizkion. 2010eko abenduaren 5ean Argizaiola saria eman zioten Durangoko Azokan «umeen euskarazko kantutegiari egindako ekarpenagatik». 2013an, berriz, haren omenezko diskoa ondu zuten Euskal Herriko 14 musikari garaikidek, Urbietaren beraren kantuen bertsio edo moldaketak eginez. Diskoari Bakarrik eta Libre. Imanol Urbietaren kantak izenburua jarri zioten haren kantu bati keinu eginez. Eñaut Elorrietak, Mursegok, Anarik, Pettik, Split 77k, Aiora Renteriak, Joseba Irazokik, Pariak Baik, Su Ta Garrek, Fermin Muguruzak, Matxurak, Lou Topetek, Audiencek, Makala Jazz Funk Bandek, Pirritx, Porrotx eta Marimotosek, eta Andoni Egañak—azken horrek kantu propioa sortuz— parte hartu zuten Zarauzko Udalak bultzaturiko eta Elkarrek argitaraturiko lan horretan. Mikel Kazalis musikaria (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia...) eta Urbietaren herrikidea izan zen egitasmoaren koordinatzaile eta soinu teknikaria. Atzo albisteak ezustean harrapatu zuen, eta hala idatzi zuen bere Facebookeko horman: «Azken unerarte sortzen ibili den musikari handia joan zaigu...baina bere izpirituak eta musikak oraindik gure artean jarraituko dute, betirako! Aupa Manolo, ikusi arte». Sustatzaileek adierazi zuten 1990ean Mikel Laboaren omenez egindako Txerokee diskoa izan zutela erreferentzia modura, izan ere, hark bezala, Urbietak belaunaldi gazteagoen oroimenean arrastoa utzi baitu bere kantuekin, eta jakin baitzuen musikari gazteagoekin harremanak erein eta sendotzen.

Jaioterrian ere izan zituen omenaldiak azken hilabeteotan. 2014ko azaroan, 80 urte bete zituen egunean, omenaldia egin zioten herrian. Zarauzko abesbatzak kontzertua eskaini zion. «Haurrentzat egindako lana ezaguna bada ere, helduentzat ere abesti asko konposatu zituen. Alderdi hori herritarren artean ezezagunagoa da, eta horri indarra eman nahi diogu», azaldu zuen Jaione Eskudero Zarautz Abesbatzako zuzendariak orduko hartan. Hilabete batzuk lehenago, apirilean, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolaren omenaldia jaso zuen. Omenaldian, 1972 izeneko antzezlana egin zuten, Urbietaren ikasle ohi eta semeetako batek. 1972ko ikasgela bat irudikatu zuten, eta Urbieta irakasle zeneko pasarte bat antzeztu zuten.

Aurrez, beste sari batzuk ere jaso zituen. 1996an, Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina eman zioten; 2007an Anton Abadia sari eman zion Gipuzkoako Diputazioak. Bai Gipuzkoako Aldundiak, bai Zarauzko Udalak eta bai Eusko Jaurlaritzak ohar bana plazaratu zuten atzo Urbietaren figura eta lana goratuz.

Jaioterriko gazi-gozoak

Gauzak ez zituen, ordea, beti hain gozo izan bere jaioterrian. Ikastolako lehen irakasleetako bat izan zen, baina hango egonaldia ez zuen nahi bezain ongi amaitu. Euskadiko Kutxako zuzendari zela, dena utzi eta Erromara joan zen irakasle titulua ateratzera, ikastolan irakasle hasteko. Aurrez Filosofian lizentziatu zen (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta musika ikasketak egin zituen Gasteiz, Donostia, Bordele, Budapest eta Estrasburgon. «Nire semeei beste heziketa bat emateko hartu nuen irakasle hasteko erabakia», kontatu zuen 2002an Argia-ri emandako elkarrizketan; eta jarraitu zuen: « Konturatu nintzen umeak gustura edukitzeko kantua oso garrantzitsua zela. Geografia, eta bestelako irakasgaiak ere kantuen bidez ematen nituen. Nire irakasteko modua ez zen konbentzionala, eta aztoratu egiten nuen ikastolako sistema... Haurrak zerbait ikasi nahi badu, lehenengo bizi eta esperimentatu egin behar du, eta gero azalpena bilatu. Nik intuizioz erabiltzen nuen pedagogia propioa, ongi edo gaizki ari nintzen jakin gabe. Geroago etorri ziren teoriak». Ikastola utzi behar izan zuen — «bidali egin ninduten»—, eta bere bizitzako «unerik latzena» bizi izan zuen: «Zarautzen neukan lagunartea, koroa dena galdu nuen». Baina, ez zuen etsi herrian bere lekua, bere bizimoldea topatu artean. «Neure herrian bizitza berregituratzeko, kontserbatorioa sortu nuen», adierazi zuen elkarrizketa horretan. Zarautzen musika eskola bat sortu zuen (1970), Hernanin beste bat (1978) eta Donostian beste bat: Xirula Mirula, egun ere lanean ari dena.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta ikerketa asko egin zituen. Pedagogia arloko liburu eta disko asko eman zituen argitara. Orotara, 60 diskotik gora kaleratu zuen, haur nahiz helduentzat. Haur kantarien mugimendua sortu zuen Zarautzen: haurrak kantuan eta ipuinak kontatzen jarri zituen; herriz herri ibili ziren, eta haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa ere grabatu zuen: Haur Kantariak, 1967an.

Musika bizitzarako tresnatzat hartzen zuen, ez helburutzat, eta, horregatik, haurrak zituen beti gogoan. Haientzat zuen denbora, haientzat jakituria eta maitasuna. «Nik bizitza maite dut eta hori ez dezaket ukatu, eta hor inportantea haurra da. Niri esperientzia inguruak eman dit, eta batere lotsarik gabe esan dut, urteak pasa dira eta azkenean konturatu naiz, nahi gabe ere, esperientzia handiena txikitakoa izan dela, amarena. Konturatu naiz, musika zerbait bada haurrentzat, hasera batean terapia hutsa dela», adierazi zuen 1989ko beste elkarrizketa batean. Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak ere egin zituen; 1989an, Zairen musika etnikoari buruzko ikerketak egin zituen. Hala, haurrentzako kantak, eskoletan musika egiteko bideoak, musika irakasteko metodoak eta abar egin zituen.

Izan ere, Urbietak berak haur zela izan zuen musikarekiko mira, lehen esperientzia. «Zarauzko plazan jaioa naiz, eta kioskoa pauso batzuetara neukan. Han jotzen zen musika oso atsegina zitzaidan. Harekin esnatuko zitzaidan niri barruan neukan jenio txikia. 8 urterekin txistua jotzen nuen, eta pianoa jotzen ere gazterik hasi nintzen. Gero, solfeoa ikasten hasia nintzela, bandako zuzendaria konturatu zen musikari bat zetorrela han, eta bandan klarinetea jotzen hasi nintzen».

Francisco Escudero izan zuen irakasle, eta gogoratzen zuen hark itxaropen handia zuela beregan, orkestrako musikari bezala. «Herriak ez zituen eskatzen kontzertistak, herritik kanpora joan eta txalo eta sari bila ibiltzen ziren musikariak. Nik herrian egin ditut gauza guztiak. Musika beti izan da, niretzat, pertsonekin elkartzeko bide bat». Horretan jardun zuen bizi guztian.

Albiste gehiago

Apirilaren 1ean eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 9.358 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 501 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 2.134 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Etxeetara elikagaiak eramateko taldeak antolatu dituzte Milanen. ©Matteo Corner / EFE

Izurriak 823.626 pertsona kutsatu eta 40.598 hil ditu munduan

Berria

Dagoeneko 501 pertsona hil ditu gaitzak. Hego Euskal Herrian 9.335 kasu diagnostikatu dituzte. Sindikatuek gutun bat bidali diote Denis Itxaso Madrilek EAEn duen ordezkariari, besteak beste zentralizazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta Maddalen Iriartek mahai bat eratu nahi du erabakiak hartzeko

1983ko abuztuan, Busturian, uholdeetan. ©BERRIA

Zer egin krisi bati aurre egiteko?

Enekoitz Esnaola

Jaurlaritzako eta Nafarroako lehendakariek, euskal gatazkako indarkeriaz gain, zenbait garai sozial gogor ere bizi izan dituzte 40 urteotan: uholdeak, sute eta istripu larriak, krisi ekonomikoak... Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Patxi Lopezek eta Uxue Barkosek lehendakari gisara bizi izan zituzten krisietan izandako esperientziak kontatu dizkiote BERRIAri. Garrantzia eman diote gertutasuna eta sentsibilitatea izateari, baita neurriak hartzeari ere.

Herrialdeka, Bizkaian aurkeztu dituzte dosier gehien. ©Marisol Ramirez / Foku

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Gorka Erostarbe

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna