Albistea entzun

AITORTZARIK GABE, EZIN ETXERA ITZULI

Estatu Islamikoaren genozidiotik ihesi, yezidi askok Ipar Kurdistango Diyarbakir hirian aurkitu zuten babesa. Hala ere, Turkiako agintariek ez diete onartzen errefuxiatu estatusa. Ekitaldi bat egin dute genozidioa oroitzeko, eta nazioarteari eskatu diote Sinjar babestu dezala, bueltatu ahal izateko.
Estatu Islamikotik ihesi Amedera (Diyarbakir) iritsitako haur yezidiak, joan den abuztuaren 3an, genozidioaren bigarren urteurrena oroitzeko ekitaldietan. sara a. de ceano-vivas nuñez
Estatu Islamikotik ihesi Amedera (Diyarbakir) iritsitako haur yezidiak, joan den abuztuaren 3an, genozidioaren bigarren urteurrena oroitzeko ekitaldietan. sara a. de ceano-vivas nuñez SARA A. DE CEANO-VIVAS NUÑEZ / EZEZAGUNA

Sara A. de Ceano-Vivas Nuñez -

2016ko abuztuak 7 - Diyarbakir

Yezidien errefuxiatu esparruan daude jesarriak, Ameden (Diyarbakir), eta bazkaltzen ari dira, alboan Nahla dutela, 17 urteko neska yezidi bat. Nahlak aitortu die bart ez zuela afaldu, eta gaur ez duela gosaldu ere egin. Tematu egin zaizkio: «Nahla, jan egin behar duzu, egun oso luzea izango da-eta gaurkoa». Eta Nahlak erantzun: «Ez da ezer gertatzen egun batean ez jateagatik; EIk [Estatu Islamikoak] Sinjarri eraso zionean, mendian egon ginen bederatzi egunez, ez jatekorik eta ez urik ez geneukala». Jihadisten erasoaren berri kontatu diete Nahlak eta haren amak: «Goizaldean eraso zigun EIk, hiruretan; lotan geunden, eta umeak aldean hartuta ihes egin behar izan genuen Sinjar mendira; bederatzi egun eman genituen han, ez jatekorik eta ez urik ez geneukala, oinak odoletan, eta lurrean lo eginez. Inor ez zitzaigun etorri laguntzera». Nahlak eta haren familiak, beste milaka familiak bezala, ihes egin zuten Iraketik, eta oinez iritsi ziren Ipar Kurdistanera, Turkiako aldera. Turkiako agintariek ez zieten lagundu. Ez diete eman nahi izan errefuxiatu estatusa. Orain, bi urteren buruan, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak kudeatutako udalerriko errefuxiatu esparru batean daude, Ameden. Legez, ezin dira irten esparrutik, eta ezin dute ez hezkuntzarik jaso eta ez lanik lortu.

Gaur, Amedeko yezidien errefuxiatu esparruan, Sinjar hirian duela bi urte gertaturiko sarraskia gogorarazi dute. Dozenaka pankartaren bidez, genozidioa aitor dezaten galdegin diete nazioarteari eta NBE Nazio Batuen Erakundeko organoei. «Genozidioa izan dela aitortu ezean, ez gara itzuliko Sinjarrera», adierazi dute agintari yezidiek. Badute beste eskaera bat ere, ezin aldatuzkoa: nazioarteko erakundeek yezidientzako eta beste hainbat gutxiengo erlijiosorentzako eremu babestu bat eratzea Sinjar eskualdean. «Sinjarrera itzuli nahi dugu, baina Sinjar seguru eta baketsu batera», dio Sahirak, errefuxiatuen esparruko beste neska yezidi batek. Berdin jantzitako neska gazteak, eskuz margotutako kamisetekin eta zapi beltz bat ahoan, ilaran daude guztiak. Rayan Haji 15 urtekoak performance-aren esanahia azaldu du: «EIk hemeretzi emakume yezidi bizirik erre zituen, eta bideoan grabatu zuen. Lehenik, seme-alabak janaritzat zerbitzatu zizkieten. Zeren errudun ziren horrela hiltzeko?».

2014ko abuztuaren 3an, Sinjar hiriari eraso zion EIko borrokalari saldo handi batek, arma astunez, gerrako gurdiz eta morteroz horniturik; baina baita hiri inguruko herriei eta herrixkei ere. Agintari yezidiek eta pexmergek —Kurdistango Eskualde Autonomoko armada erregularra— aurrez ikusia zeukaten hiriari erasoko ziotela, EIkoek beren esku baitzeukaten Mosul hiri garrantzitsua, handik 130 kilometrora. Zibil yezidiek, ehunka gutxi batzuek, hiria babestu zuten, arma arin urri batzuekin. Hiria babestera joango zirela hitzeman zuten pexmergek, baina ez ziren sekula agertu. Armada erregularrak ihes egin zuen, eta EIren esku utzi zuten errepidea, zibilak ebakuatzeko irtenbide gisa erabili ordez.

Berehalakoa izan zen sarraskia. Ordu gutxi barru, milaka yezidi erail zituzten, eta milaka emakume eta neska atzeman, gerrako harrapakin gisa. Hainbat informazio iturriren arabera, erasoa izan eta hurrengo astean, 50.000 yezidik lortu zuten ihes egitea Sinjarko mendietara, eta hantxe eman zituzten hamar-hamabost egun, ez urik eta ez jatekorik ez zeukatela, 45ºC-ko tenperaturan. Ehunka hil ziren, deshidratazioak eta goseak jota; gehienak, haurrak. Nazioarteko zenbait indar eta armada erregularra hegazkinetatik saiatu ziren ura eta jatekoa jaurtitzen, baina haietako ezeinek ez zuen nahi izan bere unitaterik arriskatu lurreko operazio batean.

11.000 soldadu zituzten igorriak Sinjar babesteko; haietatik 200 komandanteak ziren. Kurdistango Eskualde Autonomoak irmoki adierazia zuen: «Gure azkeneko odol tanta isuri arte babestuko dugu Sinjar», hala adierazi zuen Serbast Bapirik, KDP Kurdistango Alderdi Demokratikoaren 17. Sekzioko buruak. Premisa horrekin, Kurdistango Eskualde Autonomoak uko egin zion yezidiak babesteko sekzio bat eratzeari, argudiaturik pexmergek neurri guzti-guztiak hartuak zituztela lurraldea babesteko. Horren aitzakian, Irakeko armadak lagatako armak ebatsi zituzten, baita zibilei berenak kendu ere erabilera propiorako zeuzkatenak, haiek entregatu ezean isun handiak ezarriko zizkietela mehatxu eginda.

Yezidien gerrillak

PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren gerrillak, YPG eta YPJ Rojavako Herri Babesaren gerrillekin batean, korridore humanitario bat zabaldu zuten Sinjarko mendietan barrena, errefuxiatuek ihesbide bat izan zezaten heriotza segurura zeramatzan hartatik libratzeko. Halaber, gerrillek berek entregatu zizkieten lehenbiziko armak artean bizirik zirauten yezidiei, tinko eutsirik beren hiria ken ziezaioten EIri. Armen eta entrenamenduen bidez trebatu zituzten YBS Sinjarko Erresistentzia Unitateak, zeintzuek HPS Sinjarko Babes Unitateekin batean jarduten baitute; gerrilla apartidistak dira HPSak, eta 2014ko abuztuan sortu ziren, EItik babesteko asmoz.

Joan zen azaroaren 13an askatu zuten Sinjar, eta, orduan, zera adierazi zuen hedabideen aurrean Massud Barzanik, Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak: «Pexmergen odolari esker askatu zen Sinjar, eta, orain, Kurdistanen parte bihurtu da; pexmergek bakarrik askatu dute Sinjar». Hau ere esan zuen: «Beste ezein indarrek ez du esku hartu». Irak iparraldeko lurraldea kontrolatzeko estrategian, hiri giltzarria da Sinjar; izan ere, Siriarantz doan errepidean dago, eta zuzenean dago lotua Mosul hiriarekin. EIren esku dauden lurraldeak berreskuratu nahi ditu pexmergen armada erregularrak, helburu argi batekin: Kurdistango Eskualde Autonomoaren mugak zabaltzea. Massud Barzani presidenteak kargutik kanpo behar luke 2013tik, baina agintean dirau oraindik, eta, antza denez, erreferendum bat prestatzen ari da Irak iparraldean estatu kurdu independente bat sortzearen inguruan.

Yezidien komunitatearentzat, beraien kontrako 74. genozidioa da hau. Gutxienez 70.000 pertsonak osatzen dute yezidien komunitatea, eta, batik bat, Sinjar eskualdean bilduta daude. Yezidien erlijioa munduko antzinakoenetako bat da: Meleuk Taus gurtzen dute —Paumaren Aingerua—, zeina Luziferren irudikapena baita musulman askorentzat, eta, beraz, deabruaren gurtzailetzat dauzkate yezidiak. NBEren ikertzaile batzuek egindako txosten batean aitortua dutenez, muturreko talde erlijiosoak sistematikoki jazarri izan zaizkie yezidiei Iraken eta Sirian, haien «nortasuna desegiteko» asmoz. Txosten horretan argi diotenez, EIk yezidien nortasuna desegin nahi izan du: gizonezkoak, konbertitzera behartuta, aukeran emanik islamera konbertitzea edo heriotza; emakumeak eta neskatoak, sexu esklabotasunera behartuta edo sistematikoki bortxatuta; eta mutikoak, beren lerroetan borrokalari gisa batzera behartuta. Txosten horretan, ondorio bat nabarmendu dute azkenean: ezin konta ahala emakume eta haur dauzkala bahiturik EIk; eta, Sirian eta Iraken oraindik ere aginpidea beren esku dutenez, «genozidioak bere hartan dirau».

Bakearen Nobel hautagaia

Nadia Murad yezidi gazteak EItik ihes egitea lortu zuen, eta Bakearen Nobel sarirako hautagaitzat proposatu du Irakeko Gobernuak. Elkarrizketa batean esan du: «Gobernuan konfiantza galdu dugu. Etxera itzultzeko, gure herrialdeak nazioartearen babespean egon behar du. Hau ez da yezidiek genozidioa jasan dute lehen aldia; ezin dugu gehiago onartu. Yezidiek eta gerra hau jasaten duten guztiek nahi dute komunitate guztiak eta gizateria daex-en aurka elkartzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek ustezko globo espioi txinatar bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak nahastu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Ukrainako armadako soldaduak, atzo, Kramatorsken, goizaldean Errusiak jaurtitako misilek eragindako hondakinen artean. ©SERGEI XESTAK / EFE

Bruselak ohartarazi dio Ukrainari EBko kide izateko bidea luzea dela

Igor Susaeta

Europako Batzordearen arabera, ez da «esprint bat» talde komunitarioan sartzeko prozesua, «maratoi bat baizik». Kievek berretsi du 2024ko abendurako egon nahi duela batasunean sartzeko prest
Milaka zibil gerra frontean harrapatuta daudela salatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...