Albistea entzun

HIRUDIA

Charlie izan ala ez izan

Katixa Dolhare-Zaldunbide - Idazlea

2015eko urtarrilak 15

Zutabekide, irakurle, BERRIAko langile eta laguntzaile guzioi urte hastapeneko zorion eta osagarri agiantzak, ohiko erretorika saihestuz, modu ahal bezain zintzoenean helarazteko xedez gogoetetan nindabilela, hara non basakeria izugarria gertatu den Parisko Charlie Hebdo aldizkariaren egoitzan. Iduri luke, Patxi, delako Rangoli haiek Indiako patio eta egongeletatik kanpo ez dutela eragin handirik, maleruski...

Hedabide guziek jakinarazi digutenaz, atentatua iragan orduko jendea bere baitarik bildu eta batu da karriketan, Je suis Charlie (Charlie naiz) banderola eta pankartak hunkigarriki zetxikela. Baina kasik berehala ere, beste mugimendu bat sortu da, gehienbat Interneteko sare sozialetan, Je ne suis pas Charlie (Ez naiz Charlie) aldarrikatzeko; horretan, pentsa zitekeen bezala, eskuin muturreko arrazistak —«Je suis Charlie Martel» (Charlie Martel naiz), erran omen du Jean-Marie Le Penek— baina ere delako batasun herrikoi haren faltsukeria gaitzetsi nahi luketenak.

Orduan, Charlie izan ala ez izan?, diot galdegin neure buruari. Charlie naiz, bai, adierazpen eskubidea, bai eta prentsaren askatasun eta aniztasunaren izenean ere; Charlie naiz, bai, edozoin bortizkeriak erail biktimekiko giza elkartasunaren izenean. Baina ez, ez dut neure burua identifikatzen guti irri eginarazten nauen aldizkari horren ildo editorial probokatzailearekin, eskaintzen dituen amultsutasunik gabeko azken urteetako marrazkiekin; Marcel Sel internautak bere blogean dioen bezala: «Ez gara beti ados haurrideen artean». Charlie izan ala ez izan, demokraziari atxikia zaion edonoren haurrideak baitziren hildako kazetariak.

Ez da aldiz eztabaidagarri frantses arruntarendako Kouachi anaiekin eta Amedy Coulibalyrekin ez daukala anaitasun izpirik. Alta, hirurak frantsesak ziren: Frantzian sortuak eta haziak ziren. Baina non sortuak, non haziak? Frantses Errepublikak bere kolonia ohietatik jin etorkinendako eraiki delako ghettoetan, erakunde publikoek abandonatu cites, quartiers edo banlieue deitutako guneetan. Bistan dena, islamisten mehatxuak errealak dira, baina nork ditu konkretuki tiroketak egiten edo zartagailuak zapartarazten? Nora ezean dabiltzan delako hiru frantses haiek bezalako buru beroek, ez buruzagi psikopatek. Ene iduriko, hilketa latz horrek berriro begi bistan ezartzen digu Errepublikaren porrota kolonia ohietatik etorritakoen integrazio lanean. Nahaskeria eragiteko bildu beharreko martirioak aurkitzeko, delako fanatikoek badute non bila: miseria sozial, ekonomiko eta kulturalean, frantses demokraziatik aparte dauden auzo haietako gazterian. Zinez, errazago zaio Estatuari GIGN igortzea, eta eztabaida politikoak seguritatearen gaiari mugatzea, atzerriko mamu bizardunen kontrako batasun herrikoi hipokrita eragitea —edo hortaz baliatzea—, banlieue-an garraioak, ekintza sozialak, plantako ikastetxeak —tokiko irakaslez osatuak—, kultur zentroak edo lana sustatzea baino, hots, barne mamuak diren pobrezia, diskriminazio eta ignorantziari aurre egitea baino. Anaitasuna lematzat daukan Errepublikaren altzoan hazi eta hezi izan balire, banlieue-tik haratago bizi frantsesen egiazko senide gisa, Kouachi anaiak eta Amedy Coulibaly ez zitezkeen menturaz islamisten sareetara eroriko.

La guerre des banlieues n'aura pas lieu, dio Abd Al Malik raplari eta poeta ezagutuaren liburuaren tituluak, 1935ean Jean Giraudouxen La guerre de Troie n'aura pas lieu antzerkiaren izenburua parodiatuz. Parisko 14. auzoan sortu Abd Al Malik autoreak erakusten du eleberri horretan norberak zentzu bat aurkituz geroz bere bizitzan, jakin dezakeela herra eta mendeku gutiziari ihardukitzen. Zentzu hori erakar lezakete ontsa ulertu erlijioak, edo berdin literaturak. Harresi espiritualek gerlatik babestuko gaituzten nork erran? Giraudouxen obra hondarrean gerla pizten da, azken finean, baina Abd Al Malikenean ez... Giza haurrideen arteko gatazka edo gerlarik sor ez dadin mendebaldeko Europa honetan, eta bakea lora dadin mundu osoan —umorearekin batera, hori nahiko zuketelako Charlie Hebdo-ko marrazkilariek—, horra zer desira nezakeen, 2015. urte honetako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Koldo Biguri, Garazi Arrula eta Massimo Carlotto —pantailan—, gaur, liburuaren aurkezpenean. ©Iñigo Uriz / Foku

Italiaren erraiak, beltzez

Ane Eslava

Koldo Bigurik euskaratu du Massimo Carlottoren 'Agur, maitea, ikusi arte' nobela, eta Txalapartarekin argitaratu. Lanak Italiako boterearen eta kriminalitatearen arteko harremana islatzen du.

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Juan Mari Aburto eta Fernando Perez, atzo, Azkuna zentroan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bost erakusketa egongo dira ikusgai aurten Bilboko Azkuna zentroan

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte, eta arte bisualak indartzea izango du ardatzetako bat zentroak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.