Albistea entzun

SERIEA. Errefuxiatuak (III). Ibilbide aldaketak

Babes premiak irekitzen du bidea

Tamaina handiagoan ikusi

Adrian Garcia -

2016ko maiatzak 19

EBk eta Turkiak eginiko itunak Greziako bidea itxi die iheslariei, baina ez du baretu haien estutasuna. Nazioarteko erakundeek ohartarazi dute beste ibilbide batzuk hasi direla erabiltzen, askoz ere arriskutsuagoak.

Ate bat ixtean, beste batzuk irekitzen dira ezinbestean. Iheslarien bideak harresiz, mugetako kontrolez eta beste hamaika oztopoz bete dira azken urteetan, baina horiek ez dute haien ibilbidea eten, babesa bilatzeko premia gainditu dezakeen trabarik ez baita. Oxigenoz beteriko puxika batekin irudika daiteke iheslarien itolarria eta Europarako bideak ixteko agintarien obsesioa. Alde batean presio eginez gero, puxikaren beste aldea puzten da, baina aireak beti egiten du lekua. Neurri murriztaileek are arriskutsuagoa egiten dute iheslarien jarduna, baina ez dituzte atzera eginarazten. Puxika lehertzeko arriskua, ordea, beti dago present.

Austriak eta inguruko beste bederatzi herrialdek moztu zuten lehenik Balkanetako bidea. Martxoan Mazedoniak ezarri zuen tapoia Greziarekiko mugan, eta herrialdean pilatuta daude ordutik dozenaka milaka errefuxiatu —40.000 gobernuaren arabera—. Hilabete horretan eman zion Europak azken errematea Ekialde Hurbileko gerretatik asiloa eske Europara jotzen zutenen bide nagusiari, Turkiarekin ituna eginda. Afrika iparraldeko beste herrialdeekin egin gisan, EB Europako Batasunak zaindari lanak egiteko erosi du Turkia.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Europara asilo bila jotzen duten %87k Greziatik egiten dute bidaia. Baina Egeo itsasoko bidea itxita, bide arriskutsuagoak hartzeko beste erremediorik ez dute errefuxiatuek. Libia da askoren alternatiba, gerra egoeran itota egon arren orain bost urtetik.

Libiako zeharkaldiak

UNHCRen datuek erakusten dutenez, Libiatik Italiarako zeharkaldia egiten dute gero eta iheslari gehiagok. «Arrantza saioa hasi da, eta, aurtengo martxoan, iazkoarekin alderatuz, zeharkaldiak hirukoiztu egin dira», adierazi du UNHCRko Leo Dobbsek. «Egeoko atea itxita, litekeena da zenbaki horiek gora egitea». Apirilean jende gehiago iritsi zen Italiara —9.149 lagun—, Greziara baino —3.650—, lehen aldiz 2015eko maiatzetik.

Izan ere, Libiatik Europarako zeharkaldia ez da berria; Europak Libiako giza trafikatzaileen aurka «irmo jardutea» hitzeman zuen iaz, 800 lagun baino gehiago Mediterraneoan ito zirenean. Baina EBk eta gerrak zatitutako Libiako gobernuek ez dute asmatu giza trafiko sare horien aurka egiten.

NBEk uste du 100.000 iheslari daudela Libiako mendebaldeko kostaldeko herri eta hirietan, Europarako jauzia egiteko zain. Eguraldia izan da zeharkaldia egiteko orain arteko traba, eta sasoi epelagoek giza trafikatzaileak ontzi gehiago bidaltzera bultza ditzakete. Giza eskubideen aldeko erakundeek salatu dute Libiako miliziek giza trafikoarekin etekinak ateratzen dituztela, eta baldintza gizagabeetan atxikitzen dituztela errefuxiatuak atxilotze zentroetan. Libiako NBEko misioak ere txosten batean jakinarazia du milaka errefuxiatu atxilotuak dituztela herrialdean, eta tortura eta tratu txarrak sufritzen dituztela.

Migrant Report erakundea izan da Libiako zentro horiek salatu dituen lehenengotarikoa. Zawiya hiriko atxiloketa zentroan gertatutakoa erakunde horren bidez jakin da: apirilean 200 bat iheslarik zentrotik ihes egin zuten, eta zaindariek arma automatikoekin tiro eginda saiatu ziren ihesaldia zapuzten. Lau iheslari hil zituzten, eta beste hogei bat zauritu.

Joan den astean Mediterraneoan egindako erreskatea da bide alternatiboak erabiltzen hasiak diren beste adibide bat; Italiako larrialdi zerbitzuek bi ontzitan zihoazen 900 bat lagun erreskatatu zituzten Siziliatik gertu, Italian. Bidaiari gehienak Siriatik ihes egindakoak ziren, eta Irakeko herritar batzuk ere bazeuden. UNHCRen arabera, urtebete baino gehiagoan ez zen Ekialde Hurbiletik Italiara horren talde handirik iritsi. Egiptotik itsasoratu ziren ontzi horiek.

Greziako giza krisia

Brusela jakitun da bide bat ixtean beste batzuk irekiko direla derrigorrean, eta EB-Turkia ituna sinatu zutenetik agindu die 28ei bide berri horiek zapuzteko. Italia eta Espainia jarri dituzte alertan, Europaren hegoaldeko beste ateak.

Horrez gain, Grezian harrapatutako 40.000 lagunei so dago Europa. Izan ere, EB-Turkia itunak ez du aurreikusten bertako giza krisia konpontzeko neurririk, eta, Balkanetako bidea itxita, beste batzuk har ditzakete aurrera egiteko. Albanian arreta jarria du EBk, Greziatik hara oinez igaro, eta Otranto itsasartea gurutzatuta Italiara iritsi daitezkeelakoan.

Iparraldeko bideaz ere ohartarazi dute agintariek, nahiz eta oraingoz oso gutxi izan bide hori erabiltzen dutenak. Batik bat Siriarrek erabili dute bide hori, lehendabizi Errusiarako bisa eta hegaldia ordainduta. Behin Errusiara iritsita, ipar Europatik sartzen saiatzen dira; aurtengo lehenengo hilabeteetan Finlandiara mila errefuxiatu inguru sartu dira Errusiaren menpeko Laponiatik. Norvegiak urte amaieran itxi zuen Errusiarekiko muga.

Gehiago dira, halere, hegoalderantz jotzen dutenak Europara iristeko saihesbideen bila. Magrebeko herrialdeek ateak itxi ondotik, siriar askok Saharaz hegoaldeko herrialdeetara hegan egin dute, basamortua gurutzatuta Melillara eta Ceutara —Marokon dauden Espainiaren menpeko hirietara— ailegatzeko.

UNHCRen arabera, 340 siriar daude Nuakxoten, Mauritaniako hiriburuan. Beste erakundeek 3.000 direla diote, gehienek errefuxiatu gisa izena ematen ez dutelako. Sebastien Laroze Mauritaniako UNHCRko ordezkariaren ustetan, aurrerantzean gero eta gehiagok hartuko dute Saharako bidea, Europako trabek bultzatuta. Ez Mediterraneoak ez eta basamortuak ere ez baitute iheslarien babes premia itzaliko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa, gaurko agerraldian, Espainiako Kongresuan ©J.C. Hidalgo / EFE

Grande-Marlaskak berriz esan du Espainian ez zela inor hil Melillako hesia igarotzeko ahaleginean

Ander Perez Zala

Espainiako Barne ministroak Guardia Zibila defendatu du, argudiatuta segurtasun indarren erantzuna «proportzionala» izan zela. Ikerketa batzuen arabera, gutxienez lagun bat hil zen Espainian sartzean.

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Gerra apartekoa da antolaketa sozial bat ezartzeko»

Igor Susaeta

Gerra erregimenaren eskema gobernatzeko eredu gisa aplikatzeak eragiten dituen egoerez eta ondorioez ohartarazi du Sanchez Cedillok 'Esta gerra no termina en Ucrania' liburuan.
NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea
Jiang Zemin, 2007ko argazki batean. / ©MICHAEL REYNOLDS, EFE

Jiang Zemin hil da, 1993tik 2003ra Txinako presidente izandakoa

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano

Tiananmen plazako protesten ostean hartu zuen kargua, eta Alderdi Komunistan merkatu ekonomia sozialista kontzeptua txertatu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.