Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Eten bat,uraren bidean

Publizitatea

Gizartea

AHTa. Kalteak akuiferoetan

Eten bat,uraren bidean

AHTak kaltea eragin du hainbat erreka, iturburu eta akuiferotan; horietako batzuk garrantzitsuak dira. Asteasuko tunelean hiru erreka lehortu izanak hautsak harrotu zituen, eta, orain, lanak gelditu behar izan dituzte Adunako tunelean ere.
Asteasuko tunelaren iparraldeko ahoa, Zizurkilgo udalerrian. Tunel horren eraikuntzak hainbat erreka lehortu ditu.
Asteasuko tunelaren iparraldeko ahoa, Zizurkilgo udalerrian. Tunel horren eraikuntzak hainbat erreka lehortu ditu. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2015-07-11 / Iñaki Petxarroman

Ezin zenbatu zenbat kalte egin duten jadanik AHTko lanek Euskal Herriko iturburu, erreka eta akuiferoetan. Obrak amaitu eta denbora beharko da, eta ikerketa zorrotzak, kalteak zenbatzeko. Azken gertakari larria herenegun jakin zen. Adunako tunelean ur isuri garrantzitsu bat antzeman dute, eta lanak bertan behera utzi behar izan dituzte, behin-behinean.

Eusko Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi duenez, euste zertxak jartzean izan da arazoa: «Ura isurtzen hasi da, ezustean». Isuria Adunako tunelean (4.718 metro) gertatu da, Zizurkil-Andoain zatian. Momentu batzuetan, 110 litro segundoko zenbatu dituzte. Oso isuri handia da hori. Ideia bat egiteko: emari horrekin egun batean 80.000 biztanle ingururen ur kontsumoa aseko litzateke.

ETSko arduradunen deiaren zain zegoen Josu Amilibia Adunako alkatea atzo, baina ez zuen jaso. Hura ere saiatu zen haiekin hitz egiten, baina ez zuen lortu. Ez da AHTko lanekin eduki duten arazo bakarra. Hainbat baserri urez hornitzen zituen Zulobietako iturburua ere lehortu egin du obrak, eta Adunako plazako iturria hainbat hilabetez lehortuta egon da, orain dela gutxi ura berreskuratu duen arte.

Lokatzaren gainera dator ura. Izan ere, duela hilabete eta erdi, maiatzaren 27ko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, Asteasuko tunelean (Gipuzkoa) izandako antzeko arazo batengatik galdetu zioten Ana Oregi sailburuari EH Bilduko legebiltzarkideek. Hain zuzen ere, Dani Maeztuk galdetu zion tunelaren lanek Sorgintxulo, Akolai eta Ugarte erreketan sortutako kalteez.

Ana Oregik esan zuenez, «proiektua idazteko fasean egindako probetan, formazio hori iragazkortasun gutxikoa zela zehaztu zen, EAEko formazioen ezaugarri orokorrekin bat eginez, baina zulatzeek agerian utzi dute formazioa espero baino iragazkorragoa zela». Aurreikuspen oker horren ondorioz kalteak eragin dituzte inguruko erreka eta iturburu batzuetan. Alabaina, sailburuak garrantzia kendu zien kalteei: «Kaltea eremu jakin batean eragin da. Eremu horretako iturburuak garrantzi txikikoak dira, eta ur erabilera, oso mugatua».

Gainera, Oregik aitortu zuen zaila izango dela eragindako kaltea konpontzea eta errekak jatorrizko egoerara lehengoratzea. «Izan ere, tunel bat eraikitzeak luzerako drainatze efektua sortzen du. Hori dela-eta, Asteasuko tunela erabat iragazgaitza bihurtu arren, ezin da bermatu errekak jatorrizko egoerara lehengoratu daitezkeenik».

Sailburuak esan arren zulatu beharreko eremua iragazkortasun txikikoa zela, hori zalantzan jartzeko zantzu ugari zeuden. Izan ere, baziren ikerketak kontrakoa ziotenak. Besteak beste, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eremu horretan egindako zundaketa bat, Hasibarralde inguruan. Zundaketa horrek agerian utzi zuen tokia iragazkortasun handikoa zela: segundoko 15-20 litro ur topatu zituzten bertan. Hori emari handia da.

Legebiltzarrean Dani Maeztuk hiru aldiz galdetu zion sailburuari zundaketa hartaz, eta sailburuak bakar batean ere ez zion erantzun. BERRIAk Ura agentziari ere galdetu dio zundaketa hartaz. Izan ere, EEEren ondoren, 2006an, Ura agentziak hartu zuen EAEko ur politikaren eskuduntza, eta EEEk ordura arte egindako zundaketa eta ikerketa guztiak beretzat hartu zituen. Urak ez dio erantzun BERRIAren galderari, AHTaren inguruko gaiak Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren eskuduntza direla argudiatuta.

Euskarazko kazetak Ingurumen Sailari zortzi galderaz osatutako galdetegi bat igorri dio, baina ez dio erantzun, galdera horiek sailburuaren agerraldian erantzun zirela azalduta.

Sailburuak ez bezala, Maeztuk uste du Asteasuko inguru horretan eragindako kalte ekologikoa «oso garrantzitsua» dela.

Adunako tunela Asteasukoaren hurrengoa da, Donostiara bidean. Eta ur isuria handiagoa izan da bertan. Izan ere, Asteasuko tunelean ura topatu zutenetik atzeman duten isuririk handiena segundoko 50 litro da, aurtengo otsail-martxoetan, hau da, neguan. Iruran 110 litro segundoko isuri dira uda betean, azken bolada lehor samarra izanik.

Aurreikuspen eskasa

Iñaki Antiguedad EHUko Hidrologiako irakasleak «larritzat» jo du Asteasun gertatutakoa, eta are eta larriagoa Adunakoa. «Hau jada egiturazko arazoa bihurtzen ari da, eta esan daiteke, tunelak direla lurralde honetako uraren kudeaketaren arazo nagusia».

Adunako tunelaren kasuan oraindik ez dute zehaztapenik eman, baina antzeko kasuak dirudite, ikuspegi geohidrologiko batetik, Asteasukoa eta Adunakoa. Antiguedaden ustez, Asteasuko tunelean ura egon zitekeela aurreikus zitekeen, bazirelako horretarako zantzuak. Batetik, EAEko mapa hidrologikoa zegoen, 1996koa. Mapa horretan 11 litologia ezberdin ageri dira eskualdean, eta ondoan litologia bakoitzari dagokion iragazkortasun mota. Tunela zulatu beharreko zatian bost litologia daude, bat erdi mailakoa, bi iragazkortasun handikoak, bat txikikoa eta beste bat oso txikikoa. «Beraz, zati osoan ez dago litologia bakar bat iragazgaitza».

Oinarri horrekin, zulatzen hasi aurretik, zundaketak eta probak egin behar zituztela uste du Antiguedadek, aukera handia baitzegoen ura topatzeko. «Imajinatzen dut tunela egitera sartu zirela eta bat-batean ur pila bat topatu zutela. Tunela erreka bat bihurtuko zen, formazio iragazkor batzuen drainatze lerro bat».

Mapaz gain, gainera, Antiguedadek gogoratu du EEEk Hasibarralden egindako zundatzea ez dutela kontuan izan. «Obraren arduradunek hidrogeologiari ez zioten jaramonik egin, eta, ura pilatu ahala, euren arazoa bihurtu zen ur asko jasotzen hasi zirela tunelean. Izan ere, ez zuten aurreikusia tunela zigilatzea».

Ondoren erabaki zuten piezometroak jartzea tunelaren inguru ezberdinetan, ur emariak kontrolatzeko. Baina Antiguedaden iritziz hori zulatzen hasi aurretik egin behar zuten, ez ondoren. Gainera, tunela zigilatzea baztertuta, ura bazterretatik bideratzea eta kanpora botatzea erabaki dute. «Horrek eragin du tunelera doan ura, drainatzen den ura, ez dela kanpora drainatzen bere jatorrizko ubidera, eta orduan hainbat errekasto siku geratu dira puntu batetik gora».

Obra egiten ari den ETSk zortzi piezometro jarri ditu Asteasuko tunelean, eta haietako zazpitan topatu dute ura; haietako batzuetan dezente, gainera. «Ez du balio esatea piezometroak jarri dituzula a posteriori, zeren, hala bada, gaizki eta berandu jarri dituzte. Piezometroak jarri bazituzten tunela zulatzen hasi aurretik ohartuko ziren ura topatuko zutela».

Ardurak eskatu ditu Antiguedadek. «Gertatu denari erreparatuta, ikusten da hidrogeologiari ez diotela jaramonik egin, eta Ura agentziak eta Ana Oregik sekulako ardura daukate».

Asteasun izandako gorabeheraz bi txosten egin dituzte azken hilabeteotan. Bat Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta eta bestea ETSak berak eskatuta. Bi txostenek agerian utzi dute tarte gehienean tunela maila piezometriko edo freatikotik behera doala. Alegia, alde saturatu batean zulatu dutela. «Zelan da posible tunelaren trama jartzea alde saturatu batean, uraren maila goitik egonda, eta ez pentsatzea zigilatu behar zutela?», galdetu du Antiguedadek. Asteasuko tunelean gertatutako gauza bera orain Adunan errepikatu dela dirudi. «Adunakoaren kasuan, udan, 110 litro topatzea sekulako emaria da, eta erakusten du eragiten ari direla hektarea askotan, eremu zabal batean».

Udalatxeko adibidea

Ez da Euskal Y-ak akuifero eta erreketan eragin duen kalte bakarra. Udalatxen ere ondorio larriak utzi zituen bertan eraikitako tunelak. Tunelaren zulatzeak Bostiturrietako iturburua lehortu zuen, eta Kobateko iturburuari kalte larria eragin zion. Bostiturrietako iturburu horretatik jasotzen zuten ura, doan, Arrasateko Garagartza eta Gesalibar auzoek eta Markuleteko industrialdeak ere. 2010eko martxoaren 28tik utzi zioten akuiferoko ura jasotzeari. Adifek berak egindako txosten batek aitortu zituen tunelak akuiferoan eragindako kalteak.

Bazekiten akuifero garrantzitsu bat zegoela mendiaren barruan. Hala jasotzen zuten Ingurumen Eraginaren Deklarazioan. Ikerketa hidrogeologiko bat ere eskatu zuten, eragin hori neurtzeko. Baina ikerketa egin ez, eta kalteak etorri ziren gero. Gaur egun, drainatze baten ondorioz, segundoko 50 litro ur galtzen ditu Udalatxeko tunelak, gutxi gora behera 40.000 biztanleren eguneroko kontsumoa elikatzeko beste.

Euskal Y-ko zatirik handiena, 105 kilometro inguru, tuneletik doa, eta horietako zati handi bat, 30 bat kilometro, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauskortasun handiko akuiferoetatik igarotzen dira. Gutxienez, hiru unitate hidrologikoetan kalteak eragitea espero da, zati osoa bukatuta dagoenean.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak