Film eta liburuen agertoki

Zinemari esker, Baztan haraneko (Nafarroa) hainbat toki eta herri ezagunagoak bihurtzen ari dira kanpotarrentzat. Iñaki Elizalderen Baztan pelikula edo haranak inguratzen duen Zugarramurdi herrian grabatutako Alex de la Iglesiasen Las Brujas de Zugarramurdi-k (Zugarramurdiko sorginak) sortutako ikusminak erakarririk joaten da jendea, baita eskualdeko edertasunak erakarririk ere. Azken hilabeteetan, gainera, literaturari esker ere ezagunagoa da Baztan. Dolores Redondo idazlearen Zaindari ikusezina eleberria haranean girotua dago. Liburuak arrakasta handia lortu du, eta Peter Nadermann Millenium trilogia zinemara egokitu duen produktoreak liburua pantailaratzeko eskubideak erosi ditu. Duela bi aste, Elizondon izan zen ingurua ezagutzen.
Ez da lehenengo aldia Baztango paisaiak, toki esanguratsuak, herriak, kaleak eta harri gorriz egindako etxe dotoreak pantaila handian agertzen direnekoa. Julio Medem zinemagileak haranean grabatu zuen Vacas (Behiak) 90eko hamarkada hasieran, eta Pablo Malok La Sombra de Nadie (Inoren itzala). Zabala da Baztan; 377 metro koadroko azalera du, harizti eta pagadiz osatutako baso ederrak eta paisaia berde eta bustiak ditu. Hamabost herri zein baino zein ederrago; 8.000 bat lagun bizi da haranean, eta Elizondo du hiriburu eta zerbitzu gunea.
Nafarroako beste eskualdeak bezala, krisiak gogor jo du harana. Pelikulen eta Redondoren liburuaren oihartzuna mesederako izaten ari dela diote bertakoek. Joan den urtean estreinatu zen Baztan pelikularekin jada nabaritu zuten mugimendua inguruan; batez ere, Elizondo, Lekarotz eta Arizkunen. Jasone Astibia Elizondoko turismo bulegoko langileak ostatu eta jatetxeetan egondako mugimendua gogoratu du: «Herrian nabaritzen da, jende asko mugitzen delako. Talde handia aritu zen pelikula egiten. Tabernak eta jatetxeek nabaritu dute. Denbora franko eman zuten Elizondon, eta lokalizazioak egiteko, bidaia dezente egin zituzten».
Gainera, aktore nagusiak kenduta, beste pertsonaiak ingurukoak izatea nahi zuen Iñaki Elizalde zuzendariak. Iker Frias eta Jexux Bailon ibili ziren estrak bilatzen. «Ehun laguni atera genizkien argazkiak, gero aukeraketa bat egiteko. Hemengo jendea nahi zuten», dio Friasek. Pelikularen kontura haranean mugimendu franko egon zela onartu du. «Denbora eman zuten pelikula grabatzen, eta, tarte horretan, hemen egon ziren».
Turismo literarioa
Filmeko berrogei langile Elizondoko Antxitonea Trinketeko ostatuan egon ziren lotan, gosaltzen eta afaltzen. Aldika, bazkaria ere ematen zuten prestatuta kamioian, errodatzen ari ziren tokira. «Hilabete eta erdi egon ziren. Pelikulako kamerak, laguntzaileak eta abar egon ziren hemen. Aktore nagusiak Ursuako hotelera joan ziren», gogoratu du Francis Urrutia Antxitonearen jabeak. «Izugarria izan zen. Tabernan egiten duzu lana, hotela betea duzu». Trinketeak 24 logela ditu, eta 50 lagunentzako tokia. Baina harentzat ez eze Elizondoko beste taberna eta jatetxeentzat ere mesede izan zela dio. «Eguneko lana bukatuta, tabernaz taberna ibiltzen ziren zerbait hartzen».
Baztan pelikula oraindik gogoan, azken hilabeteetan literaturak bultzatuta doa jende franko haranera. Dolores Redondo (Donostia, 1969) idazlearen Zaindari ikusezina argitaratu zenetik, hain zuzen. Liburua Baztanen girotua dago, eta jende franko hurbiltzen da turismo bulegora liburuan agertzen diren tokiez galdezka. Bi edo hiru egun pasatzera etortzen dira ingurura. «Etortzen dira, eta galdetzen dute liburuan ageri diren tokiez», dio Astibiak. Krisia guztien ahotan dagoen hitza izan arren jende gehiago dabilela dio.
Duela bi aste, Peter Naderman Millenium zinemara eraman duen produktore alemaniarra joan zen Elizondora. Bi egun pasatu zituzten eskualdean berak eta Redondo idazleak. Haiek ere Antxitonean hartu zuten ostatu. «Oso ona da horrelako jendea etortzea herrira. Boom bat bezala da Baztanentzat», dio Urrutiak pozik. Nadermanek ez daki oraindik film bat edo telebistarako serie bat eginen duen Redondoren lanarekin, baina dena delakoa, ongietorria izanen dela dio Urrutiak: «Loteria bat bezala da. Jende aunitz etorriko litzateke. Hemen, langabeziak gogor jo du, eta lana egiteko aukera izanen da. Diru franko Baztanen sartzeko manera izanen da».
Baztan nahiko ezaguna da, baina Urrutiak aitortu du filmetan eta liburuetan agertzeak jendea erakarri duela. Joan den astean berean, Antxitonea trinketean 11 herrialdetako jendea zegoen ostatu hartuta. «Baziren alemanak, irladarrak, errumaniarrak, australiarrak, italiarrak, argentinarrak, mexikarrak, euskal herritarrak, estatu batuarrak... Izugarria; ez dugu horrelakorik izan ostatuan sekulan».
Filmaketarako datarik ez den arren, uste da heldu den udaberrian hasiko direla zerbait egiten. Beatriz Ruiz de Larrinaga eta Juan Mari Ondikol Elizondoko bizilagunak Zaindari Ikusezina liburua oinarri hartuta egiten dituzten ibilbide literarioekin konformatu beharko du bisitariak, bitartean. Ondikol argazkilaria da, eta ongi ezagutzen du herria eta harana. Joan den ekainean hasi ziren ibilbideak egiten. Elizondoko plazan hasten da ibilaldia; gero, Jaime Urrutia kaletik pasatu, eta Txokotora joaten dira. Foruzainen komisaldegia, eliza, kanpo santua, hilketa baten agertokia eta Etxaide auzoa ere bisitatzen dituzte. Bidean, agertoki horietako liburuan agertzen diren pasarteak irakurtzen dituzte. Txangoa Malkorra gozotegian bukatzen da, liburuan hilda agertzen diren neska guztien gorpuen gainean agertzen den txantxingorria dastatzeko. Hego Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik etortzen zaizkie turistak, gehienak liburua irakurritakoak.
Igande honetan, badute beste txango bat, eta hilaren 10ean, 11n eta 20an ere badituzte. «Batzuk espresuki etortzen dira liburua irakurri dutelako. Asteburu pasa etortzen dira, eta ibilbidea egiten dute. Kanpotarrek, gainera, liburuan ageri diren Mari eta Basajaun zein diren galdetzen dute», dio Ondikolek. Txantxigorriak ere modan jarri ditu liburuak. Txerri gantzarekin egindako opil gozoak berriro egiten hasi dira Elizondoko Malkorra gozotegian. Lan hori utzia zuten, baina liburuan irakurri eta jendeak non erosi zitzakeen galdetzen zuen herrian. «Betiko errezeta, baina landuagoa egiten dugu», dio Malkorra gozotegiko langile Mari Jose Alañak. «Beti egon da mugimendua eta turismoa Baztanen. Orain, liburuarekin jende gehiago dabil. Ingurua gehiago ezagutzeko balio izan digu liburuak».
Ondikolek uste du liburuaren arrakasta pantailara eramaten bada Baztan beste maila batean koka dezakeela. «Ingurua ezagutzen Orabidean, Infernuko Errotan ibili zen Nadermann, eta ikaragarri gustatu zitzaion». Azpimarratu du inguruan orain arte egin diren pelikulak txikiak izan direla, baina Nadermann haranera etortzeari «sekulakoa» deritzo. «Gero ezagun egin diren zuzendari askok egin dituzte pelikulak hemen. Stepehen Fearsek orain 30 urte egin zuen bat Otsondon. Julio Medemek ere Vacas Baztanen egin zuen, eta gero egin zen famatua». Nadermann etortzea urrutirago joatea dela dio.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.