Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Interes arrotzen biktimak

Publizitatea

Mundua

Herri Indigenen Nazioarteko Eguna

Interes arrotzen biktimak

Herri Indigenen Eskubideen NBEren Adierazpenak hamar urte bete ditu, baina denbora horretan gora egin du haien kontrako jazarpenak. Aurten, 113 ekintzaile hil dituzte
Berta Caceresen hilketa argitzeko egindako protesta, Tegucigalpan, ekainean.
Argazkia: GUSTAVO AMADOR / EFE
2016ko martxoaren 2ko gauean hil zuten Berta Caceres ekintzailea, La Esperanzako etxean, Hondurasen. Copinh Hondurasko Indigenen eta Herri Erakundeen Batzordeko koordinatzaile nagusia zen, eta urteak zeramatzan mehatxupean, bi tirok zerraldo utzi zuten arte. Lider ezaguna zen, eta hilketaren berri mundu osoan hedatu zen, baina hilketa gehienek ez dute oihartzun mediatikorik, eta, gainera, nabarmen luzatu da hildakoen zerrenda, AI Amnesty Internationalek emandako datuen arabera. Atzo hamar urte bete ziren Nazio Batuen Erakundeak Herri Indigenen Eskubideen Adierazpena sinatu zuenetik, hogei urte negoziatzen ibili eta gero, baina berretsi duten estatuek ere ez dute betetzen, interes ekonomiko indartsuak daudelako gertaeron atzean.

Izan ere, Hondurasen gertatzen den gauza bera gertatzen da Brasilen, Filipinetan, Australian eta indigenak bizi diren ia herrialde guztietan —90 herrialdetan daude—. Basogabetzeak, energia proiektuak eta multinazionalen inbertsioak dira egun indigenen amesgaiztoak. Caceres hil zutenean, Agua Zarca presaren eraikuntza gera zezaten ari zen ekinean, proiektu erraldoiak Gualcarque ibaia idor ez zezan, eta ureztatzen dituen lur emankorretatik bizi diren herritarrak kanpora ez zitzaten. Gualcarque ibaia sakratua da lencatarrentzat, emakumeen espirituak bizi direla sinisten baitute. Cacique Lempiraren legatua da, zeina lurralde haien alde borrokatu baitzen espainiarren kontra, kolonizazio garaian. Gaur egun, DESA Hondurasko enpresaren eta estatuaren kontrakoa da borroka, eta, milioika euro inbertitu dituzten Txinako eta Europako hainbat enpresaren aurkakoa.

Proiektuak, 'de facto'

Agua Zarcako proiektua 2009an onartu zuten, Manuel Zelaya presidentea Roberto Michelettik de facto ordezkatu ondoren, eta, bide batez, eremu babestuetan proiektu hidroelektrikoak debekatzen zituzten dekretuak deuseztatu zituzten. Baina hasieratik izan zituzten indigenak aurrez aurre. 2011n joan ziren gobernuko eta DESA enpresako ordezkariak eremura, proiektuaren balioaz konbentzitzera: goraldia besterik ez zuela ekarriko bertakoentzat, errepideak egingo zituztela, lanpostuak barra-barra sortu, eskolak, ospitaleak… baina ezezko argia jaso zuten. Etxekoen borondatearen gainetik, ordea, proiektuari ekitea erabaki zuten; herritarrei hasieratik debekatu zieten ibaiko ura erabiltzea, eta DESAk azpikontratatutako Sinohydro enpresa txinatarrak han ezartzeko behar izan zituen lur guztiak hartu zituen, han bizi ziren indigenak handik kanporatuz. Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169 ituna urratu zutela salatu zuten indigenek —Hondurasek 1995ean sinatua—, lencatarrei ez baitzieten aurrez galdetu proiektu hidroelektrikorik nahi zuten. Aldiz, kontra dauden buruzagiak mehatxatzeari, epaitzeari eta hiltzeari ekin zioten, eta gobernuak obrak babesteko segurtasun indar bereziak bidali zituen eremura.

NBEren adierazpena

NBEren adierazpenaren arabera, herri indigenek erabateko eskubidea dute beren bizitzari eta etorkizunari eragiten dieten prozesuetan parte hartzeko eta erabakitzeko, maila guztietan, eta 169. itunak ezartzen du edozein proiektu egiten hasi aurretik herritarrei galdetu behar zaiela formalki.

Munduko 194 herrialdeetatik soilik 22k berretsi dute adierazpena, Elkartasunaren Aldeko Aliantza gobernuz kanpoko erakundeak atzo salatu zuenez. Berretsi dutenen artean daude Honduras, Guatemala, Kolonbia eta Brasil, hain zuzen hilketa gehien gertatzen diren herrialdeak. Iaz, hildako indigenen %60 hil ziren Latinoamerikan. Berretsi ez dutenen artean, berriz, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, AEBak, Txina eta Errusia daude, munduko inbertsore nagusiak. Espainiak, berriz, 2009an sinatu zuen, baina indigenen lurraldean dituen enpresei ez die betearazten sinatutakoa. Nazioarteko hitzarmenak paper hutsean geratzen dira, NBEren zigilua izan arren.

113 ekintzaile hil dituzte aurten, komunitateen lurrak eta bizimodua defendatzeagatik; AIren datuen arabera, azken hamar urteotako kopururik handiena da. 2015etik, 132 hil dituzte Brasilen: hilketa gehienak Amazoniako basogabetzearen aurka egitearen ondorioz izan dira. Filipinak dira bigarrenak zerrendan: 75 hildako, horiek ere basogabetzea salatzeagatik. Honduras da, berriz, munduko herrialderik arriskutsuena indigenentzat, biztanleen kopurua aintzat hartuz gero. Kolonbia eta Guatemala dira zerrendan laugarren eta bosgarren.

Agua Zarcako garaipena

Atzerriko eta tokian tokiko estatuen interesen indarra izugarria den arren, indigenok borrokari eusten diote, beren bizimodua defendatzeko. Agua Zarcan ere, borrokatzea erabaki zuten. Proiektua martxan jarri orduko atera ziren kalera indigenak. Makineria ezarri zuten guneetara iristeko errepideak ixten hasi ziren, egunero-egunero, proiektua etetea lortu arte, inbertsore nagusiek alde egin dutelako: Munduko Bankuak, Garapenerako Herbehereetako Bankuak, Industria Kooperaziorako Finlandiako Funtsak, Txinako Sinohydro enpresak eta Alemaniako Voith Hydro Holding GMBH & Co-k beren dirua handik ateratzea erabaki zuten presioen ondorioz, eta Caceres hil ostean. Uztailaren 7an, berriz, DESA enpresak proiektua etetea erabaki zuen, «bertakoen errespetuz», ohar batean jakinarazi zuenez, eta nabarmendu zuen «hangoen ongizatea hobetzeko lanean jarraituko» duela.

Caceresen familiak albistearen berri izan bezain laster erantzun zuen. «Proiektua etetea ez da nahikoa; bertan behera utzi behar dute betiko». Horrez gainera, salatu zuten Caceres eta beste hainbat ekintzaileren hilketak eragotz zitezkeela, eta haien hiltzaileen kontrako neurriak eskatu dituzte. Diotenez, Caceresen hilketan nahasturik daude DESA enpresako kudeatzaile Sergio Rodriguez, Diaz Chaves militarra eta beste hainbat militar ohi. Familia osoaren kontrako eguneroko jazarpena ere salatu dute.

Mirna Cunningham Muskitu herrikoa da —Nikaragua eta Honduras artean dago—, eta Latinoamerikako Herri Indigenen Garapenerako Funtseko arduraduna. Haren ustez, Caceresen hilketa ez da alferrikakoa izan, «indigenen egunerokoa ezagutarazi» duelako. «Agerian utzi du egunero-egunero pairatzen dugun jazarpena». Caceresena berriz gerta ez dadin, ordea, nazioartearen konpromisoa eskatu du.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak