Makina-erremintaren giharra

Makina-erremintaren geroa mundu zabaleko merkatu guztietan dauden zalantzek baldintzatzen dute, Antxon Lopez Usoz AFM patronaleko presidenteak garbi esan zuenez atzo. Baina aurtengoari begira ez dute aurreikuspen txarra egin, salmentek gora egingo dutela uste baitute, %5 hain zuzen. Dena den, AFMko arduradunek ez dute ikusten «merkatu bat bera ere erabat osasuntsu», eta hori oso kezkagarria dela diote.
Ekaitza datorren edo ez alde batera utzita, 2015eko datuak uste baino hobeak gertatu dira, «urteko azken txanpan makina-erremintaren azpisektoreak aurreikusitakoa baino kopuru hobeak utzi zituelako». 1.474,2 milioi euroren salmentak egin dituzte AFMko enpresek, aurreko urtean baino %7,8 gehiago —%3,4ko hazkundea aurreikusi zuten—. Esportazioei begira, AEBen bultzada nabarmena da, eta estreinakoz lehen helmuga bilakatu da sektoreko euskal enpresentzat. Esportazio guztien %12,6 han egin dituzte; Alemania (%10,4), Txina (%6,7), Italia (%6,6) eta Portugal %6,6) datoz ondoren. Esportazioak fakturazio osoaren %75 ordezkatzen dute kasik, eta iaz %1,9 igo ziren, 1.111 milioi eurora arte. Horietatik ia %70 makina-erremintari dagokio; beste %30 osagaiei eta beste hainbat azpisektoreri dagokie.
Baina 2015eko kopuruei distira eman diena barne merkatua izan da. «Oraindik barne merkatuak izandako urte onenetik oso behera gabiltza, %40 inguru behera, baina 2015ean %30 hazi zen, eta 2014an, berriz, %25». Lopez Usozek azaldu zuen horrek «haizea eman diela» nazioartekotze handiegia ez duten enpresei. Horiek horrela, barne merkatua sektorearen salmenta guztien %20 da. Salmenta horien %30etik gora Euskal Herrian bertan egiten dira. Gainontzekoa Katalunian eta Espainian saltzen da, «Madril inguruan eta Andaluziako aeronautika enpresetan, bereziki».
7.000tik gora enplegu
Zalantzak inoiz baino handiagoak izanagatik, AFMko buru Lopez Usozek %5eko hazkundea egin dutela aurreikusi du. Batetik, barne merkatua oraindik gehiago haziko dela uste dute, eta, bestetik, 2015eko lehen seihilekoan jasotako eskariak —%12,8ko igoera— aurtengo lehen seihilekoaren salmenta kopuru onak bermatzen ditu.
Gainera, AEBak geratzeko iritsi direla dirudi, eta merkatu garrantzitsuenetan hirugarren bilakatu dela berretsiko du urteak. Baina ez da 2015ean bezain beste haziko, «besteak beste, hauteskunde urteak zamatuko duelako». Txina ere ez atzera ez aurrera dagoela esan zuen argi eta garbi AFMko buruak: «Enpresa askok inbertsio handiak egin zituzten merkatu horretan, baina ematen du hortxe geratu dela, nabarmen jaitsi baita azken urteotan».
AFM erakundean 160 kide daude; horietatik 125 enpresak dira, eta gehien-gehienak, Euskal Herrikoak. 2015ean %1 inguru hazi da enplegua alorrean, eta egun 7.100 inguru langilek dihardute. «Oso alor sustraitua gara, baina ez gara industria tradizionala, ekoizpen aurreratuaren abangoardian baikaude». Aeronautika, energia, autogintza eta beste hainbat alorretarako osagaiak eta makinak egiten dituzte AFMko enpresek, baita 4.0 fabrikazioan eta fabrikazio gehigarrian barneratuz ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.