Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Zahartzaroa bizitzeko moduak

Publizitatea

Bizigiro

Zahartzaroa bizitzeko moduak

Adinari dagokionez, gizartea gero eta nagusiagoa da Euskal Herrian, eta Bizkaia, egun, «Europako hirugarren lurraldea da» zahartze aktiboaren esparruan; arlo horretan, ereduak askotarikoak dira. Zahartzeari aurre egiteko dauden moduen berri eman dute adineko hainbat lagunek.
Zahartze aktiboaren aldeko apustua egiten ari dira hainbat udalerri; irudian, gizon bat, Bilbon paseatzen.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-08-11 / Peru Azpillaga

Herritarren %29k 65 urte baino gehiago izango dituzte 2031. urtean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori da Orkestrak, Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, bere txostenean ondorioztatutakoa. Osasun eta gizarte hobekuntzei esker, gero eta gehiago luzatzen da gizakion bizitza. Hala ere, zahartzearekin batera, askok autonomia eta bizitasuna galtzen dituzte. Horregatik, hainbat eragileren ustez, bada garaia zahartze eredua mahai gainean jarri eta zahartze aktiboaren alde apustu garbia egiteko.

Zahartze aktiboa, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, osasun, parte hartze eta segurtasun aukerak optimizatzeko prozesua da, pertsonak zahartu ahala bizi kalitatea hobetu ahal izateko. Hori lortzeko apustua egiten ari dira Euskal Herriko hainbat udalerritan.

Berriki EHUk argitaratutako datuen arabera, Bizkaia «Europako hirugarren lurraldea» da zahartze aktiboari dagokionez, aurretik soilik Danimarka eta Suedia dituela. Donostian ere, bide hori jorratzeko asmoa dute. Hiria 2009an sartu zen Donostia Europako Hiri Lagunkoien Sarean, zahartze aktiboa sustatzeko politika publikoen bidez. Geroztik, Lagunkoia egitasmoak aukera andana eskaini dizkie adinekoei.

Eva Salaberria da Donostia Lagunkoia egitasmoko koordinatzailea. Azaldu duenez, haien helburua hiriak duen zahartze prozesuan fokua jartzea da. Donostian, 65 urte baino gehiago ditu biztanleriaren %23k. Salaberriaren ustetan, proiekzio demografikoak sortuko duen errealitateak erronkaz gain aukerak ere ekarriko ditu; erronkak, hiriak bere zerbitzuak eta politikak egokitu beharko dituelako, eta aukerak, adineko pertsona horien artean «sekulako» aniztasuna, ezagutza, esperientzia eta indarra dagoelako. «Baby boom-eko lehenengo belaunaldiak hasiak dira erretiratzen, eta hor hiriak aprobetxatu nahi duen aktibo oso handia dago». Esplikatu duenez, parte hartzea da erronka horiei aurre egiteko modua.

Zahartze aktiboaren eredu

Juanmi Mariño eta Alicia Arbanaz dira proiektuaren partaide eta eredu. Biak hamaika ekintzatan eta tailerretan ibiltzen dira, eta «oso harro» daude beren zahartzaroaz. Ekintza horietako askotan batera aritzen dira; besteak beste, ipuinak kontatzen+55 elkarteak sustatutako Narratzailearen txokoan. Mariñok mugitzeko arazo batzuk ditu, baina ez dago etxean geratzeko prest. Aquagim-era joatean da astean birritan, eta, gainera, han egindako taldetxoan sarri geratzen dira zerbait hartzeko, Whatsapparen bidez. «Tailerrek etxetik irtetera bultzatzen zaituzte», aitortu du.

Orain dela gutxi, batukada taldean ere hasi zen Mariño, ostiraletan. «Ez naiz inoiz basoerdiak hartu zale, eta, orain, batukadaren ostean, beti noa zerbait hartzera taldeko kideekin». Haren ustez, tailerrek jakintza eta harremanak sustatzen dituzte, eta hori da beretzat onena: bizitasuna, alegia. «Nik amarenarekin alderatzen dut batzuetan nire bizitza. Hura beti zegoen gure bisitaren zain, gero gaixo egon zen, eta gauza asko utzi behar izan genituen bera zaintzeko; 72 urterekin, jada ezin zen etxetik atera. Nik orain 72 urte ditut, eta harekin alderatuta, pribilegiatua sentitzen naiz». Jende nagusiari oso lotuta egon da bizitza osoan, eta orain «opari bat» duela sentitzen du. Bizitzaz disfrutatzen duela dio, eta, horri esker, bere autonomiari eutsi diola. Emakumeak gehienbat «zaintza lanetara kondenatuta» egon direla adierazi du, eta beren gauzak alde batera utzi behar izan dituztela: «Orain niretzat espazioa dudala nabari dut azkenik» .

Arbanaz, ipuinak kontatzeaz gain, gimnasia egitera eta igerilekura doa. Esan duenez, «oso gustura» dago, talde guztietan harreman «bikaina» duelako. Gainera, Mariñorekin batera, kabareta egin du aurten, musika eskolak eta +55 elkarteak antolatuta. Mariñok aurkezle lanak egiten zituen, eta Arbanazek, berriz, berak idatzitako bakarrizketa bat irakurri; «ikaragarria» izan zela aitortu dute biek.

Gainera, aurten pelikula batean parte hartzeko deitu zuten Arbanaz. «Eszena bat baino ez zen, baina protagonistekin. Oso harro nago». Bere adinarekin ez zuen inondik inora espero. «82 urterekin pelikula bat nola egiten den barrutik ikustea oso esperientzia polita izan da». Azaldu duenez, bere adineko pertsona asko lanari edo familiari lotuta egon dira beti. Mariño bezala, besteei emana bizi izan da bera. Orain ekintza horiek izateak jendearekin harremana izateko aukera ematen diote. «Oso aberasgarriak dira ekintza guztiak. Udan ez dagoenez ekintzarik, gehiago aspertzen naiz», erantsi du. Lagunkoia proiektua aurreko udal taldearekin hasi zuten, eta hura «kuriositatez» sartu zen, Salaberriak animatuta. «Bertara heldu, eta jende oso interesgarria topatu nuen; gure ahotsa eta iritzia entzuna izatea lortu dugu».

Zahartzea, «tabu»

«Gure gizarte honetan ez dugu zahartze prozesuaz hitz egiten», kexatu da Salaberria. Haren ustez, horren ondorioz zahartzaroak «bat-batean» harrapatzen du jendea. «Ez bada pentsatzen nola zahartu nahi den, eta ez badira erabakiak lehendik hartzen, arazoak sortzen direnerako berandu da».

Adinekoen kolektiboak bi adierazgarri nagusi ditu, Salaberriaren ustez: bata, «oso kritikoak» direla, eta bestea, hiriarekiko lotura «oso emozionala» dutela. Salaberriaren esanetan, «hiria maite dute, eta guztientzat hobetzeko egiten dute lan; 80 urterekin hiria hogei urte barru nola egongo den eztabaidatzea izugarria da».

Erretiroa normalean ilusio handiarekin hartzen dutela aipatu du, baina, handik gutxira, lanak ematen duen «prestigioa» galtzen dela. «Haien iritziak ez du berdin balio, eta, askotan, babestu nahian, ume bezala tratatzen ditugu». Lagunkoia egitasmoan beste herritarren modura parte hartzen dutela esplikatu du, «kapaz» sentitzen direla, eta hori «ezinbestekotzat» jo du. «Gure gizarte honetan esperientzia ez da balio bezala aintzat hartzen. Adina gauza negatiboekin lotzeko erabiltzen dugu soilik, eta ezin da hori ukatu, baina hor daude alde positibo guztiak ere».

Inoiz ez da berandu

Baina zahartze aktiboa ez da soilik garatzen hamaika ekintzatan parte hartuz. Carlos Perez Olozaga eta Fernando Aranburu, horren ordez, beren proiektu propioak garatzen ari dira, «ilusioz eta motibazioz beterik». Perezek 68 urte ditu, eta udalak eskaintzen zituen tailer batzuetan izena ematera joan zenean ohartu zen ez zegoela ingurumenarekin lotutako ezer. Bera ingurumenaren defendatzaile «sutsua» da.

Beraz, Jose Antonio Meoki laguna konbentzitu, eta +55 elkarteari tailer bat sortzeko proposatu zion. Hiru urte daramatzate jada lanean. Gainera, beste tailerrak ez bezala, haiena ez da «entzutera» mugatzen: «Jendea aktibatzea lortu dugu, irteerak egiten ditugu, eta gero eta gehiago inplikatzen ari dira». Adineko pertsonen artean mugimendu «handia» dagoela dio: «55 urtetik gorako jendea gai da gauza asko egiteko, eta prestasun handia du». Kontatu duenez, proiektuak ez die soilik ideia batzuk eta jakintza bat transmititzeko balio izan: «Gure hirian entzunak izateko eta gure ideiak kontuan hartuak izateko ere balio izan digu». Haren ustez, nagusiak izan arren, «asko» dute eskaintzeko oraindik, eta etorkizunera begira hiri garbi eta iraunkor bat eraikitzea du helburu.

Aranburuk ere etorkizuna du ardatz, eta proiektu berritzaile bat du esku artean: etxe konpartituak. «Baina hori lortzeko prozesu guztia denon artean egin behar dugu. Guztiz parte hartzailea da», azaldu du. Aranburuk 67 urte ditu, baina argi du ez duela egoitza batean bizi nahi, haren esanetan «desastre hutsa» direlako. Lagunartean bizitzeko helburua du, eta hori jada antolatu behar duelakoan dago. «Aspalditik dut lagunen artean zahartzeko ideia, eta jada heldu zait lanean hasteko garaia».

Zaintza partekatuaren alde egiten du Aranburuk; profesionalen edo familiaren gainetik, aldamenekoaren laguntzaren alde. Ez du nahi inork zahartzaroa antola diezaion. Bi lagun hasi ziren, eta ideia bera duten pertsonekin biltzen ari dira: «Asko dugu hitz egiteko; bakoitzak bere ideiak azaldu, eta pixkanaka joango gara dena antolatzen». Lagunkoiaren bidez zabaldu dute beren proiektua, eta esperantza eta gogo handia dutela dio Aranburuk. Argi du lan gogorra dutela aurretik, baina ez dago etsitzeko prest: «Orain dugun ahalmena autonomia eraikitzeko erabili behar dugu, eraikiz baizik ez baita lortzen hori».

Mintzatutako pertsona guztiak adindun aktiboak dira. Ideiak dituzte, proiektuak dituzte eta adina ez da inondik inora oztopo haientzat.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak