Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Bi munduren arteko talka dago oinarrian»

Publizitatea

Mundua

Herri Indigenen Nazioarteko Eguna. Edgar Efrain de Leon. Abokatu maia

«Bi munduren arteko talka dago oinarrian»

Kriminalizatzen dituzten indigenak defendatzea «oso zaila» dela dio De Leonek, estatuaren inpunitatea «erabatekoa» delako.
Argazkia: A.M.T.
Edgar Efrain de Leon abokatuak (Kitxe herria, Guatemala,1966) indigenen defentsa egiten du epaitegietan, eta beren lurraldea defendatzeagatik kriminalizatzen dituzten liderrena. Defendatzaile Maien Kolektiboko kidea da. Guatemalako Estatuaren interes ekonomikoak agerian uzten saiatzen dira epaiketa guztietan, eta indigenen bizimoduaren defentsa egiten. «Jarrera politiko-juridiko bat eratu dugu defentsan». Joan den maiatzean Euskal Herrian egon zen Mugarik Gabe erakundeak gonbidatuta, egoera horien berri emateko. Orduan kontatutakoak berretsi dizkio BERRIAri telefonoz, indigenen egunerokoak «berdin-berdin» jarraitzen baitu.

Zein estrategia erabiltzen duzue indigenak defendatzerakoan?

Berezitasun bat dute kasuok, berea dena defendatzeagatik kriminalizatzen baitituzte. Egoerari eta testuinguruari ematen diogu garrantzia. Prozesu ia guztietan lortu dugu agerian uztea Ministerio Publikoak izan duen okerreko jarduna, eta tokiko enpresekin duen harremana. Estatuaren eta enpresen arteko harremana agerian uzten saiatzen gara, lekuko interes ekonomikoak. Guatemalan, funtzionario eta enpresariak ustelkeriak jota daude, eta horien eroskeria salatzen dugu, baina oso-oso prozesu zailak dira, inpunitatea erabatekoa delako.

Guatemalak sinatua dauka Nazio Batuen Erakundearen Herri Indigenen Adierazpena. Balio al du horrek ezertarako?

Guatemalak herri indigenen eskubideen aldeko nazioarteko hainbat egitasmo dauzka sinatuak, nazioartekoetan garrantzitsuenetakoa ere bai: 169 ituna, hau da, besteak beste, indigenen lurretan edozein proiektu abiatu aurretik, komunitateak erabaki behar du galdeketa baten bidez; baina estatuak ez du errespetatu hori inoiz. Hori dela eta, komunitateek beren kabuz egiten dituzte kontsultak, eta orain arte egin direnetan erabateko ezezkoa eman diote beren lurraldean enpresen proiektuak onartzeari, inposizio horri.

Galdeketek, ordea, indigenen iritzia jakiteko balio dute soilik, hurrengo urratsa indigenak lurretatik bidaltzea izaten baita.

Beti izaten da antzeko prozesua. Agindu judizial batekin sartzen dira, eta, ondoren, militarrek indigenen etxeak erretzen dituzte; protesta egiten dutenak eta, batez ere, protestetan erreferente direnak espetxeratzen dituzte, eta epaiketa egiterako denbora asko igarotzen da. Gu tarte horretan haiekin egoten saiatzen gara, babesa ematen, eta gertatzen dena ikusarazten.

Hilketak ere gertatzen dira komunitateak isilarazteko.

Ez da ahaztu behar Guatemalako gerran komunitateak suntsitzen saiatu zirela, hilketa masiboak eginez. Orain estrategia aldatu dute, beste forma batzuk erabiltzen dituzte, interes enpresarial eta industrialak mehatxatuta daudela sentitzen dutenean. Haien liderrak hil edo espetxeratuta, komunitate oso bat isilarazten dute.

Hilketok, ordea, ez dute oihartzunik izaten. Berta Caceresen hilketa da salbuespenetako bat.

Berta Caceres hil zutenean, konturatu ginen mezuak ere balio zezakeela Guatemalarentzat: alegia, edozeinek du arriskua, ezaguna izanda ere. Honduras eta Guatemala bizilagunak dira; beraz, Guatemalan ere gerta daiteke gauza bera. Baina, normalean, Guatemalan estatuak eta enpresek oso ongi neurtzen dituzte ekintzek izan ditzaketen ondorio politikoak. Liderra komunitatekoa soilik denean, hilketa eraginkorra da, ez duelako eragin nazionalik, baina liderra ezagunagoa denean, nahiago izaten dute beste estrategia bat erabili: espetxeratzea, adibidez. Saiatzen dira nazioarteko oihartzuna saihesten.

Abokatuek, auzitegian, ez duzue defentsa soilik egiten; indigenen bizimodua aldarrikatzen duzue, munduaren beste ikuskera bat.

Enpresok garapenaren izenean sartzen dira gure lurraldeetara, eta galdera da: zergatik jendeak ez ditu proiektuok onartzen garapena ekartzen badute? Komunitateetara ez da onurarik iristen, baina arazo nagusia da garapena beste modu batera ikusten dugula, eta bateraezina da sistemak edo ideologia neoliberalak duen garapen kontzeptuarekin. Bi munduren talka dago oinarrian. Zer den lurraldea indigenentzat, eta zer sistema kapitalistarentzat. Elementu politikoak eman dizkigu horrek jarrera politiko bat hartzeko. Zer nahi dugu? Gure proposamena da beste bizitzeko modu bat, non gizakia ez den naturarekin borrokan egongo. Nola berreskuratu gure aitzindariek ulertu zutena. Formakuntza eskolak hasi ditugu, kultura elementuak ezagutzeko, testuingurua ezagutzeko, eta borrokan dauden komunitateetan, zapalduak dauden eremuetan eskertzen dituzte batez ere horrelakoak, ibai kutsatuak dauzkatelako, lurralde erreak.

Indigenen zuzenbidea ere lantzen ari zarete.

Justizia sistemaren barruan aldaketak egiten saiatzen ari gara. Desikasi egin behar dugu akademian ikasitakoa, lurraldearen alde egiteko tresnak ez baitzizkigun akademiak eman, eta ez dizkigu emango. Formak sortu behar izan ditugu paradigma juridikoak hausteko, gure borroka ulertarazteko. Gure zuzenbidea izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta plurinazionaltasuna, Bolivian bezala, baina konstituzioa aldatzeko aukerarik ez dago, oraingoz.

Guatemalako beste hainbat sektorerekin ere egiten duzue lan?

Bai, inkekin eta garifunekin ari gara, ikuskera bera dugulako, baina baita emakume eta nekazarien sektoreekin ere, besteak beste, elkarrekin bizitzeko formari buruzko gogoetak egiteko, ez baitugu batere argi nolako Guatemala eraiki nahi dugun.

Emakumeak aipatu dituzu, baina borroka indigenan gizon askok baztertzen dute oraindik ere emakumeen gidaritza politikoa.

Adibidez, gerraren garaian prozesu iraultzailean parte hartu nahi izan genuen indigenok, eta esan ziguten ezetz, gobernua hartzerakoan, orduan hitz egingo zutela gurekin. Gauza bera gertatzen da orain emakumeekin. Ulertu behar dugu indigenen borroka ez dela aurrera aterako emakumerik gabe. Prozesu hori egin behar dugu, hori landu behar dugu, eta erronka da, oraindik komunitate batzuetan pentsatzen dutelako gizonek gidatu behar dutela borroka. Kezka eragiten digu horrek. Gainera, emakumeek jazarpen bikoitza jasaten dute: batetik, etxekoa, eta, bestetik, kanpoko erasoak daudenean, bortxatu egiten dituzte askotan, horrek dakarren guztiaz gain komunitateetan bazter ditzaten. Oso larria da, baina ari dira gauzak aldatzen, indigena feministei esker neurri handi batean. Berta Caceresek lan asko egin zuen arlo horretan.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak