Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Gidabaimena etxean utzita

Publizitatea

Bizigiro

Gidabaimena etxean utzita

Autorik gabeko uharteen atlasa prestatu dute Janire Nogales Prietok eta Ander Claver Goikoetxeak, Saure argitaletxearekin plazaratutako liburuan. Ibilgailu motordunak debekaturik dauden 46 guneri buruzko informazioa bildu dute.
Argazkia: HERNAN PIÑERA

2017-02-16 / Iker Tubia

Zer eramanen zenuke autorik gabeko irla batera? Gidabaimena ez, han ez du askorako balio. Ibilgailu motordunak erabiltzera ohiturik dago egungo gizartea, baina, oraindik ere, badira horrelakorik onartzen ez duten bizitzeko tokiak. Liburu batean bildu dituzte horietako batzuk Gernika-Lumoko (Bizkaia) Janire Nogales Prietok eta Altsasuko (Nafarroa) Ander Claver Goikoetxeak. Atlas de Islas sin Coches (Autorik gabeko irlen atlasa) liburuan 46 tokiren ezaugarriak eta bitxikeriak bildu dituzte, eta Laura de la Cruzek irlen ilustrazioak egin ditu.

«Bidaiatzea, niretzat, zera da: esploratu, kuxkuxean aritu eta une batez ere ez gelditzea». Claverrenak dira hitzak, liburuaren idazleetako batenak. Bidaiatzea maite du, eta ez da kexatzen bere bizitzan bidaiatzeko izan dituen aukerei erreparatuta. Oraingoan, motxila bete, eta bidaia iraunkorrak egiteko gonbita egin du, autoa etxean utzi, eta oinak gehiago erabiliz. Hori maite du berak. «Ibiltzeak eta txoko guzi-guziak arretaz aztertzeak asko erakartzen nau».

Liburua ez da uharte horiek sustatzeko gida bat. Idazleen helburua turismo iraunkorra eskuragarria dela zabaltzea izan da, eta irakurleak bidaiatzera bultzatzea; betiere, autoa etxean utzita, noski. Egileen idurikoz, gizakia abenturazalea da «berez». «Berebiziko tokiak daude, atlasean agertzen diren irlak kasurako, eta horiek guziek hamaika abentura eskaintzen dizkigute». Jean François Saure editoreak eskatu zien atlasa egiteko, eta hark aukeratu zituen 46 uharteak. Are, haietako asko aski ongi ezagutzen ditu. Ibilgailuen afera ezaugarri komuna dute; gainerakoan, askotarikoak dira, kultura eta historia oso ezberdinekoak. «Hala ere, irla gehienak nahiko basak dira, oso berdeak, eta, azken finean, Lurrean diren paradisuak», zehaztu du Claverrek.

Liburuan ez da argazkirik. Saurek idazketa eta ilustrazioa batu nahi zituen, eta horrela egin dute. Beraz, mapa marrazturik ageri da azalpenaren ondoko orrialdean. Liburuan irakur liteke irlak non dauden, hara nola ailegatu, bitxikeriak, datu historikoak, zerbitzuak... «Bidaia koaderno baten antzekoa da». Informazioa bilatu, eta, gero, beharrezko informazio guzia idazkera literarioarekin eman dute, doinu «lasai» eta «gertukoa» erabiliz. Hori lau eskutara idatzi dute, baina, diotenez, emaitzan ez da antzematen.

Lan handia egin dute informazioa biltzeko. «Liburuan idatzi dugun guzia hainbat tresna erabilita egindako informazio bilaketa sakonaren emaitza da». Izan ere, ez dute aukerarik izan 46 uharte horiek bisitatzeko, baina haietako batzuk bisitatzeko asmoa dute berandu baino lehen.

Turismo iraunkorraren alde

«Gaur egun, turismo iraunkorraren ideia bete ezin den utopia iduri du, baina irla hauen bidez lor liteke», azaldu du Claverrek. Ezaugarri komun hori dute uharte guziek: autoarekin ibiltzea debekaturik dagoela bertan. Liburuaren egileak uste du gehiago bultzatu beharko litzatekeela turismo iraunkorra, baina, hala ere, errealista da: «Uste dut jendea ez dagoela prest horretarako. Autoa falta bazaigu, asaldatu egiten gara, baina ez luke horrela izan beharko. Mundura ibilgailu motordunik gabe etorri ginen, eta bizirik irautea lortu genuen».

Noski, Claver ez dago ibilgailu horien aurka, beharrezkoak direla uste baitu, baina begi onez ikusten du noizean behin autoa etxean utzi eta liburuan ageri diren irla horietan bezala bizitzeko hautua egitea. Berak normalean ez du autorik erabiltzen bidaiak egiteko. Beti oinez joaten saiatzen da, edo dagoen tokian ohikoak diren ibilgailuak erabiltzen ditu. «Horrelako irla batean seguru nago izugarri gozatuko nuela oinez ibilaldi luzeak eginez, edo bizikletan paseatuz».

Aurrera begira, Saure argitaletxearekin lanean jarraitzea espero dute bi egileek. Liburua Atlas iraunkorrak sailaren parte da, eta horri jarraipena eman nahi diote, garapen iraunkorrerako eskaintza gehiagorekin. Liburuaren izenburuaren azpian argi dio: lehenbiziko partea.

Orain, bigarren liburua prestatzea espero du Claverrek. Munduan ibilgailu motordunek kutsatzen ez dituzten hamaika irla baitituzte ezagutu eta ezagutarazteko.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea