Berria.eus

Plaza Bizia «MikroRNAri esker, tumoreak aurki ditzakegu odola aztertuz»

Publizitatea

Plaza Bizia

Ezarian. Zientzia. Amaia Lujanbio. Memorial Sloan Kettering Cancer Centerreko ikerlaria

«MikroRNAri esker, tumoreak aurki ditzakegu odola aztertuz»

Nafarroako Unibertsitatean biologia ikasi eta Madrilen egin zuen tesia, Manel Esteller ikertzaile prestigiotsuarekin; Scott Lowerekin dihardu orain, minbiziaren alorrean aditu handienetako batekin, New Yorken. Lujanbiok minbiziaz idatzi du berriki 'Nature'-n.

2012-03-22 / Xabier Martin

Amaia Lujanbio Goizueta (Goizueta, Nafarroa, 1982) New Yorkeko Memorial Sloan Kettering Cancer Centerren dihardu minbiziaren genetikan munduan den aditu handienetako baten alboan, Scott Lowerekin (Wisconsin, AEB, 1963). Lujanbiok minbiziaren sorreraren inguruko artikulu deigarri bat argitaratu berri du Nature aldizkarian: Minbiziaren mikrokosmosa. MikroRNA geneei erreparatzen die egileak. Biologoak dioenez, mikroRNA geneak oso baliagarriak izan daitezke luze gabe minbiziari modu hobean aurre egiteko. «Gene horiek ez dute proteinarik ematen, baina, aitzitik, beste gene askoren funtzio erregulatzailea dute», dio, eta, hain zuzen, gaitasun horrek eman die atentzioa minbiziari aurre egiteko bide berrien bila dabiltzanei. Terapia berritzaileak garatzeko bide bat urra daitekeela sinetsita dago Lujanbio, baina betiere terapia «osagarriak» lirateke.

Nola sortu zaizu Nature-n argitaratzeko aukera? Ikerketa luze baten ostean izan da?

MikroRNA geneei buruz egin nuen tesia, Manel Estellerrekin (San Baudilio de Llobregat, Katalunia, 1968), Madrilgo CNIOn. Orain New Yorken nago, Scott Lowerekin, baina hemen ez nabil mikroRNA ikertzen, ez behintzat modu zuzenean. Hala ere, Nature-ko editoreak hots egin zigun, minbizia eta mikroRNA geneak lotuko zituen artikulu bat eskatuz. Artikulua ez da lotu inolako aurkikuntzarekin, garbi utzi nahi dut. Helburua mikroRNA geneen ikerkuntzan une honetan non gauden azaltzea da, eta bide horretatik nora iris gaitezkeen esatea.

Zer dira mikroRNA geneak, eta zergatik izan daitezke hain garrantzitsuak minbiziaren ikerkuntzan?

Normalean, gene batek RNA ematen dizu, eta horrek, proteina. Hortaz, proteinak ematen dio gene bati bere funtzioa, geneak agindua duen funtzioa betarazten du. MikroRNA geneak, ordea, bereziak dira, neurriarengatik (oso-oso txikiak dira) eta ez dutelako proteinarik ematen. RNA txiki bat baino ez dute ematen, eta horregatik esaten diegu mikroRNA. Kontua da mikroRNA horiek beste geneen RNA erregulatzen dutela, eta, hala, beste gene askoren funtzioa erregulatzeko gai dira.

Zer bide edo zer aukera zabaltzen ditu horrek minbiziaren ikerkuntzan?

Batetik, gorputz batean minbiziak alteratutako genean aurki ditzakegu. MikroRNA geneak ere alteraturik egongo dira, hortaz. Kontua da 30.000 gene inguru daudela giza organismoan, ikerketarako hautagai ugari alegia eta, aitzitik, mikroRNA geneak mila inguru baino ez dira; beraz, kopuruari begiratuta, errazagoa izan daiteke mikroRNA geneak ikertzea jomuga terapeutikoen bila. Esperantza da mikroRNA aztertuz modu azkarragoan lortzea beste geneen azterketak emango ligukeen informazio bera.

Diagnostiko batera iristeko beste bide bat (azkarragoa) eskain dezakete orduan mikroRNA geneek?

Bai, hori da. Minbiziaren arloan lehenengo gauza da detekzio goiztiarra egitea, hau da, ahalik eta azkarren diagnostikatzea. Horretan oso lagungarri izan daitezke mikroRNA geneak. Zergatik? Hain txikiak direnez, tumoretik odolera iragaten dira alteratutako mikroRNAk, eta, hortaz, odol azterketa bat egin da mikroRNA gene jakin bat azaltzen bada, horrek esango digu tumore bat dagoela organismoan. Ohiko geneek ez duten abantaila hori badute mikroRNA geneek.

Diagnostikoaz gain, minbiziari aurre egiteko prozesuan beste pausoren batean eragin dezakete?

Minbizi mota asko daude, eta, sarritan, arazoa da tumore desberdin asko daudenez, tratamendu desberdinak egin behar direla, eta horiek nola egin erabaki behar dela. Horretan ere oso lagungarriak dira mikroRNAk, haien azterketak esaten baitute nahiko zehatz zer minbizi mota den eta, ondorioz, zer-nolako tratamendua behar den.

Aurrerantzean mikroRNA geneek uste baino betekizun garrantzitsuagoa izan dezakete orduan?

Orain arte egin diren azterketa genetikoen osagarria da mikroRNA geneen azterketa. Ez da beste azterketa genetikoak baino garrantzitsuagoa, baina mikroRNA geneen azterketa ere garrantzitsua da. Botika batek gene batean edo bestean eragin dezake, hura erregulatuz, baina mikroRNA gene bakar batek beste ehun bat generen funtzioa erregulatzen du aldi berean; hor dago gakoa, molekula bakar batekin gene askotan eragin daitekeela. Dena den, mikroRNA geneak ez dira soluzio bakarra minbiziari aurre egiteko. Gaitz horri ezin zaio irtenbide bakar batekin aurre egin; konplexuagoa da hau.

Minbiziaren diagnostikoa eta pronostikoa egiteko balio dutela esan duzu. Terapia berriak asmatzeko ere balio dezakete mikroRNA geneak?

Tratamendu gisa ere badute zeresanik. Esperimentuak oso aurreraturik daude arratoietan. Adibidez, gibeleko mikroRNA oso altu jartzen da hepatitisa dagoenean, eta ikertzaileek lortu dute anti-mikroRNA sortzea. Molekula horiek alteratutakoekin elkartzen dira organismoan, eta deuseztatu egiten dute haien funtzioa. Hala, hepatitisak hobera egiten du, eta, gainera, arrisku txikiagoa dago gibeleko minbizia sortzeko. Txinpantzeetan ere egin dira halako esperimentuak; beraz, aurrera doaz terapia potentzial horiek. AEBetan eta Alemanian proba klinikoetan hasi dira jadanik.

Medikuntza pertsonalizatua dago azterketa horien guztien atzean. Maiz esan dute ikertzaile aurreratuenek, besteak beste, diharduzun laborategiko buru Scott Lowek berak, medikuntza pertsonalizatuak terapia eraginkorragoak ekarriko dituela. Baina ez al dago oraindik urrun medikuntza hori?

Teknologia asko garatzen ari dira, asko merkatzen ari dira sekuentziatzaileak. Orain dela hamar urte giza genoma deskodetzeko izugarrizko ahalegina behar izan zen, eta orain mila dolarren truke egun batean duzu deskodetua. Hori aurrerakada handia da medikuntza pertsonalizatua egin dadin. Ez dut urrun ikusten: hiru-lau urtera gauzak oso desberdinak izango dira. Sekuentziatzaileak egongo dira ospitaleetan, eta tumore baten zelulak sartuko dituzte han, zein mutazio dituen jakiteko eta, beraz, zein botika mota behar diren jakiteko.

Gibeleko minbiziaren genetika ikertzen ari zara New Yorkeko Memorial Sloan Kettering Cancer Centerren orain. Ikerlari euskaldunen patua al da atzerrian ikertu beharra?

Beharbada, bai. Ni beste hiru urtean behintzat hemen izango naiz. Orain gauzak hobeto daude guretzat atzerrian, eta kanpoan gaudenok hori esatea garrantzitsua da, agintariak kontura daitezen egoera hau ez dela ona ikerketarako.
 

Publizitatea