BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (III)

Gure jaitsiera eten zuen ekaitza

Zazpikoteak ez zuen espero eguna hainbeste goibeldu, eta ekaitzak horren gogor joko zuenik.
Zazpikoteak ez zuen espero eguna hainbeste goibeldu, eta ekaitzak horren gogor joko zuenik. JOSEBA GONZALEZ

Joseba Gonzalez -

2015eko abenduak 31

Ekainaren 10a zen Cirque de la Solitudeko (Korsika) zeharkaldiari heltzeko eguna. Hara iristeko lehen urratsak zoragarriak izan ziren. Ekaitz bortitz batek, ordea, dena zapuztu zuen, Tomas, Eva, Kontxi, Begoña, Joseba, Txus eta Luismiren bizia arriskuan jartzeraino.

O ondo markatua genuen agendan aurtengo ekainaren 10a, Korsikan genuen xederik garrantzitsuena egun horretan gauzatuko baikenuen. 07:55ean aparkatu genituen auto biak Asco Stagnuko (Haute-Asco) eski-estazio zaharrean. 08:04ean ekin genion gure bidaldiari haitz, ur eta elurrezko aldapa malkartsu batetik gora. Hego-sortaldera jota, arrisku eta zailtasunei aurre egin behar izan genien, Cintuko mendi-lepora (2.600 m) iritsiko ginen.

Igoaldia atsegina izan zen. Mendi-bizkarrera iritsita, edertasuna lilura bilakatu zen. Atseden hartzera bultzatzen zuen, paisaiaz patxadaz gozatzeko. Handik hego-sartalderantz jo genuen, eta Cintuko lakuaren gainetik Punta Crucettarantz egin genuen. Horra iritsi barik, eta eskuinean genuen gailurreria saihesteko asmoz, berriz abiatu ginen mendebalderantz. Beste isurialde aldaketa bat, eta jaitsiera Stagni sakanean behera egin genuen.

Hogei bat minutu generamatzala Tighjettu aterperantz altuera bizkor galtzen, ekaitz hura bortizki eta basatiki gurutzatu zen gure bidean. Asmoa zen aterpetik Cirque de la Solitudeko zeharkaldi zailari heltzea, eta zirkulua eski-estaziora jaitsita ixtea. Ezinezkoa izan zen.

Ekainaren 10 hartan, gutxi gorabehera 13:30ean hasi zitzaizkigun gainera erortzen lehen tanta ekaiztsuak. Gelditu barik, zirak jantzi genituen babesteko. Berehala, erauntsiak mehatxua izateari utzi, eta errealitate zakar bilakatu zen.

Halaxe geundela, Tomas eta Eva, eta geroago Begoña, gure eskuineko haitzak paretan zuen sakonune txiki batean babesten saiatu ziren. Ezinezkoa zen. Begoñak amore eman eta, ezkerretik, gure bidean aurrera jarraitu zuen, eta gehiegi itxaron gabe Evak eta Tomasek ere bai. Dena den, azkeneko biek beste bide bat aukeratu zuten jaisteko, eskuinetik.

Lehenengo tximista

Bost minutu geroago, taldekideok denborale ikaragarri haren lehen tximista pairatu genuen. Batzuek beste batzuek baino gehiago, baina denok. Bego ahal bezala inguratzen ari ginen arrokaren oinarrira bota zuen.

Bi ordu iraun zuen ekaitzak. Bi ordu geldirik. Bi ordu haietan, gutako bakoitzaren bizitza edozein unetan hauts zitekeen hari fin batean zegoen. Zela ur, txingor eta haizete erauntsi etengabeak eta ondoriozko tenperatura-jaitsierak eragiten ziguten hotzagatik; zela Evak eta Tomasek gertaeraren berri emateko aterpera jaistean izan zezaketen istripuaren beldurragatik; zela «gure egonaldi atsegingarria» mehatxatzen jarraitzen zuten tximistengatik; zela, zela...

Egia esan, ia-ia luzatu genuen Korsikako prentsak eta erreskate-taldeek ekainaren 10ean Cinto eta Bakartasunaren Zirku inguruan gertatutakoari buruz egun haietan esku artean izan zuten zerrenda tragikoa.

Korsikako hedabideek hiru hildako zenbatu zituzten, hala nola bi desagertu eta hainbat zauritu —besteak beste, Begoña aipatu zuten—. Hurrengo egunean, agintariek inguruko mendi-zirkuituak itxi zituzten, GR-20a barne.

Ekainaren 14an, igandean, Roger Antech kazetariak Le Cirque de la désolation izenburuko artikulua idatzi zuen Corse Info egunkarian. Honelaxe zioen sarrerak: «Nola bihurtzen den minutu gutxian Bakartasunaren Zirkua saminaren amildegi».

Gure ibilbide hautsira itzulita, lehenik eta behin esan beharra dugu tximista erori zenean neu nindoala taldeburu, zapatila-puntak bermatzeko lekuak bilatuz. Arrakalen xerka ere banenbilen, atzamarrak sartuta aurrealde obaleko haitz hura inguratu ahal izateko, handik 70 zentimetro beherago zegoen erlaitz-balkoi txiki batera heldu nahi bainuen. Atzetik Txus, Luismi, Kontxi eta Begoña zetozen.

Kontxiri ezkerreko besoa hondatu zion ekaitzak; deskargaren ondoriozko arrastoez gain, ezertarako gauza ez zela utzi zion. Berehala oihukatu zuen: «Deitu 112 zenbakira, tximista erori zait-eta gainera». Txus eta Luismi, asaldatuta, atzera begiratu eta hari laguntzera itzuli ziren.

Handik, Luismi ohartu zen haitz ondoan Begoña zegoela etzanda, ahuspez, konorterik gabe. Haren egoera kezkagarriagoa zenez, ziztu bizian jaitsi zen nola zegoen egiaztatzera.

Tximistak Luismiri egin zion kalte gutxien: bastoiak eskuetatik kendu, eta lurrera bota zizkion, besterik ez. Luismiren antzera, Txusi ezker eskuko hatz txikia mugitu ezinik utzi zion minutu batzuez. Halere, subkontzienteak tximista erori izanaren zirrara jakinarazi zion, segundo gutxi batzuetan jabetu zenean bazitekeela Lucia (ama) berriro ez ikustea.

Txus, Kontxirekin hitz egitea lortu ostean, ni artatzera etorri zen, tximistak bota ninduen erlaitzera. Baina Luismik eskatuta, berehala abiatu zen hura Begoñari laguntzen ari zen eremura.

Begoñak bazituen, begien bistan, hainbat zauri buruan eta bekokian. Odolak eta ziraren kapelaren nahiz beste jantzi batzuen zatiek kezkagarriagoa egiten zuten haren egoera. Erredurak eta peroneko arrakala ere —gerora haustura bilakatu zen— bazituen.

Maitasuna eta beroa ematearren, Luismik egin zuen bezala, Txusek Begoña besarkatu zuen. Karranpak sumatu zituen, Begori zerion elektrizitateagatik.

Bien bitartean, neuk erlaitz hartan jarraitzen nuen, etzanda. Txus, altxatzen ez nintzela ikusita, nigana itzuli zen nola nengoen ikustera eta, ahal banuen, neu ere Begoñarengana joateko eskatzera. Ez nintzen gai zutik jartzeko.

Hauxe bizi berri nuen: lehenik eta behin, ez dakit tximistaren bat-bateko argia ikusi ote nuen, ezta trumoiaren burrunba entzun ere. Badakit erlaitzera erori nintzenean hankak iraulita geratu zitzaizkidala, eta badakit Txusek esan zidalako horrela topatu ninduela.

Hark emandako azalpenei esker, ondorioztatu nuen hamar bat segundoz egongo nintzela konortea galduta. Neure onera itzuli nintzenean, burura etorri zitzaidan lehenengo flasha «tximista batek akabatu nau» izan zen. Nabarmena denez, berehala jabetu nintzen: «Pentsatzen ari banaiz, bizirik nagoelako da».

Pixkanaka buru-argitasuna berreskuratu nuen, eta ohartu nintzen ez nituela sentitzen ezkerreko hanka eta besoa: ezin nituen mugitu. Buruan ere hiru zauri neuzkan. Gero, jaiki ahal izan nintzenean, azkena iritsi nintzela Begoñaren txokora.

Ekaitzak sekulakoa izaten jarraitzen zuen. Errekak beldurtzeko moduan jaisten ziren; gure arropa guztiak eta azaleko azken poroa ere infernu hartan itotzen ari ziren.Goi-mendirako zira onek trapu kaskar batek bezala jasaten zuten erauntsia.

Eva eta Tomasen jaitsiera

Bitartean, Luismik, Kontxik eta Txusek Eva eta Tomas ikusi zituzten gugandik hirurogeita hamar bat metrora, eskuinetik jaisten. Haiei garrasika hasi ziren, gertatzen ari zitzaigunaren gaineko oinarrizkoak jakinarazteko, eta eskatu zieten ahalik eta azkarren jaisteko aterpera abisatzera.

Egoera hartan, ez zen inolako pagotxa eginkizun hura, baina eurek modu eredugarrian egin zioten aurre erronkari. Baldintzak txarrak baino txarragoak izan arren, azkar asko jabetu ziren gure plataforman jazotzen ari zenaren larritasunaz, eta haranean barna jarraitu zuten, inolako zalantzarik gabe hartuta beren gain halako erantzukizun garrantzitsua; halakoa, behintzat, aurreneko aldiz bizitzan.

Hainbeste arduratu ziren, ezen Evak ubeldurez eta urradurez josita bukatu zuen jaitsiera hura. Haitz batzuk gainditu behar izan zituen bor-bor jotzen zituen uraren inpultsoa baliatuz irristatuta. Lehenago Tomas, aurretiko eskarmentu handiarekin, haitz horien oinarrian jartzen zen Eva besoetan hartu eta kalte larriagoak saihesteko. Anabasa hura areagotzeko, ibilbideko seinaleztapen-markak eta mugarriak erabat ikusgaitz geratu ziren.

Posibleen artean, onena

Gu bostoi dagokigunez, ekaitza baretu arteko denbora luze-luzea egin zitzaigun ezinbesteko egurats zabaleko «etxe» hartan. Izan ere, hipotermiak bat egin baitzuen, ederki gainera, mehatxuen koruarekin, eta gero eta ozarrago zebilkigun inguruan. Lau manta termikoz geunden hala moduz estalita: Begoña etzanda, Txus haren ondoan «beroa» emanez, Kontxi Txus eta Luisen artean eta, azkenik, neu Luisen ondoan eserita.

Denbora gehiegi sufrimendu izugarri hartarako; gehiegi hainbeste gauza pentsatzeko; gehiegi jakiteko, egoera hartan, erreskate-taldeek ezingo zutela gure bila etorri, ez airetik, ez lurretik ere.

Bien bitartean, Evarekin eta Tomasekin, baina Bego gabe, odiseak aurrera jarraitzen zuen. Asco Stagnuko eski-estazioan utzi genituen autoek han emango zuten gaua, bakarti. Gure helburua zati batean baino ezin izan zen bete, baina konta dezakegu, bederen. Ekainaren 10 modu berezian genuen markatuta agendan! Hori paradoxa!

Begoña 17:31n erreskatatu zuen Jendarmeriaren helikoptero batek, eta Bastiako ospitalera eraman zuten. Han hasi zen haren osaketa-prozesu luzea, Bastiako osasun-hegazkin batek Loiura (Bizkaia) eraman ostean Leioako ospitalean jarraitu baitzuen. Orain, Markinako etxean segitzen du tinko aurrera. Bego, lortuko duzu! Aurrera! Finean, gure taldeak Korsikan bizi izan zuenaren ostean, zapore gazi-gozoa geratu zaigu. Gozoa, bereziki, Begok, bere indar eta adore ikaragarriarekin aurrera egiten jarraitzen duelako.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Santos Indurain kontseilaria prentaurreko batean, artxiboko irudian. ©Jesus Diges/EFE

324 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Kasuen beherakada orokorra izan da herrialde guztietan: Araban 44 kasu detektatu dituzte (-31); Bizkaian, 180 (-31); Gipuzkoan, 35 (-29); eta Nafarroan, 59 (-87). Nafarroako Gobernuak ez du neurri orokorrik ezarriko oraingoz. «Atzokoa ez zen alarma guztiak pizteko modukoa, eta gaurkoa ez da kriskitinak jotzekoa», adierazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak.

Gizon bat PCR proba egiten, Donostian. ©Gorka Rubio / FOKU

Hogei milioi koronabirus kasu baino gehiago detektatu dituzte mundu osoan

Oihane Puertas Ramirez

COVID-19a 188 herrialdetara iritsi da, eta 736.000 lagun baino gehiago hil ditu.

Zahar etxe bateko egoiliarrak paseoan, artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Donostiako zahar etxe bateko egoiliar batek positibo eman du

Berria

Zahar etxe bereko bi langile ere kutsaturik daude.

Nafarroako osasun langileak PCR probak egiteko prest, artxiboko irudi batean. ©Jagoba Manterola/FOKU

Agerraldi bat detektatu dute Murillo el Fruto eta Zarrakaztelu inguruan

Berria

30 positibo atzeman dituzte; gehienak, laborarien artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna