Albistea entzun

Lau gurpilen gaineko salmenta

Janaria prestatu eta saldu egiten dute furgonetetan, eta herriz herri joaten dira euren produktuekin; normalean, udan. Izan ere, kalean saltzeko, baimenak lortu behar dituzte, eta hori da, hain zuzen, duten zailtasunik handiena; jaietan errazago lortzen dituzte.
Arabako patatarekin eta Eusko Label produktuekin lan egiten dute Papa Movil furgonetan; Nora Calzada da jabea, eta urtebete baino gehiago darama lan horretan.
Arabako patatarekin eta Eusko Label produktuekin lan egiten dute Papa Movil furgonetan; Nora Calzada da jabea, eta urtebete baino gehiago darama lan horretan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2015eko uztailak 28

Jaietan, ohikoa da patata frijituak, hanburgerrak eta txurroak saltzen dituzten furgonetak ikustea kalean. Gauez, batik bat: parrandazaleen oasiak izaten dira, etxera joan aurretik sabeleko zuloa asetzeko modukoak. Badira, baina, horietatik harago, bestelako janaria saltzen dutenak, eta batez ere beste ordutegi bat daukatenak.

«Ez dugu lanik egiten goizeko bostetan, bestelako bezeroak bilatzen ditugulako». Nora Calzadaren (Bilbo, 1986) hitzak dira, Papa Movil furgonetaren jabearenak. Gustura dabil Calzada kaleko salmentarekin. Iazko maiatzean hasi zen furgonetarekin lanean. DJ gisa egiten du lan bere senarrak, eta, lehen, hari laguntzen zion. Baina Calzadak negozio propioa nahi zuen, eta bidaia batean aurkitu zuen inspirazioa. «Dubain, hainbat furgoneta ikusi genituen patata egosiak saltzen zituztenak. Luze pentsatu genuen ideia horren inguruan; gure gustura jarri, eta hemengo ezaugarriak gehitu genizkion».

Hala sortu zuten Papa Movil, Arabako patatak eta Eusko Labela duten produktuak saltzen dituen ibilgailua. «Bezeroak nahi duena gehi diezaieke patatei: txorizoa, entsalada, olagarroa, hirugiharra, ali-oli saltsa...». Plater txikiak osatzen dituzte, azkenean. Bizkaian egiten dute lan gehiena, eta Araban pixkanaka ari dira muturra sartzen. Donostian ere izanak dira, eta aurten Aste Nagusira joateko itxaropenik ez duen arren, hurrengo urtean baimena lortzeko «borrokatuko» direla azaldu du. Pozik dago Calzada, negozioarekin urtebete eta apur bat gehiago daraman arren ondo ari direlako lanean.

Bezero atseginak dituztela dio, eta zuzenean lan ordutegiarekin lotu du hori. «Etengabe» baimenak eskatzen aritu beharra da okerrena, haren ustez. Azoka eta festetan ibiltzen dira, eta, beraz, lan handiagoa dute udan. «Gainera, baimenak lortzea ez da hain erraza, ez dakit lanbidea gaizki ikusita dagoelako edo zergatik».

Salmentei bidea eginez

Berdin pentsatzen du Jabotxa Rodriguezek (Bilbo, 1973). Rue del Percebe izeneko furgonetaren jabea da, eta itsaskia saltzen du. Rodriguezek, baina, baimenak lortzeko trabak ostalariekiko lehiarekin lotu ditu. «Nik ez dut uste haiei bezerorik kentzen diedanik, ezta beraiek niri ere: bata bestearen osagarri gara». Susmo hori uxatu nahian, zuzenean ostalariekin hitz egin izan du Rodriguezek, baina haiekin ados jartzeak ez dio gehiegi lagundu: «Udal batzuek, zuzenean, ez dizute erantzun ere egiten».

Lanpernak, izkirak, nekorak eta karrakelak saltzen ditu Rodriguezek gehien. Lanpernekin egin du lan Rodriguezek bizitza guztian, eta, oro har, itsaskien munduan: badira hiru uda furgonetarekin dabilela. Krisia dela eta, produktuak saltzeko beharrak bultzatu zuen horretara: «Zerbait egin beharra geneukan, itsaskia ez baita saltzen duela zenbait urte bezainbeste». Furgonetarekin hara eta hona ibiltzea, beraz, saltzeko «beste aukera bat» da.

Baimenen auziak guztiz baldintzatzen du euren jarduna, Rodriguezen ustez. «Pena da udalek ez laguntzea, traba ugari jartzen baitizkigute, baina tira, moldatzen gara, pixkanaka». Udan, festak izan ohi dira, eta errazagoa da baimenak lortzea, baina horrek ez du arazoa konpontzen: «Bizpahiru hilabetez egiten dugu gure lana, baina urteak hamabi ditu». Gainontzeko hilabeteetan «nahiko geldirik» daudela dio Rodriguezek, «gaitasunen %20ra» lan egiten. Baimenak lortzea errazagoa balitz, lanerako jende gehiago hartuko lukeela nabarmendu du: «Baina, egoera dagoen bezala, ni bakarrik ari naiz lanean, eta, tarteka, arrebak laguntzen nau».

Gauzak horrela, egun ezin du furgonetak ematen dionetik bizi. Batez ere Bizkaian lan egiten du, Bilbo eta inguruko herrietan, han erosten baititu produktuak. Eta, itsaski freskoa «delikatua» izanik, ezin du oso urrutira joan, produktua hondatu gabe mugitzea zaila baita. Poteo orduetan egon ohi da saltzen, baina ordu asko sartzen ditu eguna osoan: goizean goizetik, iluntzera arte.

Baimenak lortzeko arazoari beste bat gehitu dio Leire Perez (Bilbo, 1984) Hambroneta furgonetaren sortzaileak, janaria kalean saltzen duten postuak maiz «zikintasunarekin» edo «higiene ezarekin» lotu izan direla baitio. «Udalei bestelako zerbitzua eskaintzen duzula erakustea zaila da». Horri aurre egin nahian, Perezen Hambronetak kalitatearen Q ikurra du.

2012an jarri zuen martxan Hambroneta, unibertsitate ikasketak amaitu ostean. «Horixe izan zen unibertsitate ikasketen amaierako proiektua: bideragarria iruditu zitzaidan, eta, hain gustatuko nuenez, errealitate bihurtzea erabaki nuen». Negozio aukera ikusi zuen Perezek Hambronetan, AEBetan «azkar hazten» ari zen zerbitzua zenez Euskal Herrira heda zitekeela pentsatuta.

Proiektua «ondo» doala dio, apaltasunez: «Furgonetarekin bakarrik ez du bizitzeko lain ematen; hasierako inbertsioari buelta emateko, gure lana dibertsifikatu, eta catering enpresa bat sortu behar izan genuen». Hala bihurtu zen Hambroneta Perezen enpresak ematen duen beste zerbitzu bat, gehigarria. Egindako inbertsioak aukera ematen die diru sarrerak urte osoan izateko, udara soilik mugatu behar izan gabe.

Bokapapa izeneko ogitartekoak, nahierara egindako entsaladak eta Hambrokuki izeneko gailetatxoak saltzen dituzte. «Zalantzarik gabe, ogitartekoek dute arrakasta handiena», azaldu du Perezek. Ogi beroan, bezeroak aukeratutako oinarria daramate —hanburgerra, hirugiharra edo saltxitak—, eta, hortik aurrera, «nahi den guztia» gehi daiteke; gainetik, patata frijituak ditu Bokapapa-k.

Gainontzekoen antzera, uda da Perezen furgonetak lan gehien duen urteko sasoia. «Jendeak uste du lan honetan gabiltzanok ikaragarri aberasten garela, baina ez da hala; noranahi goazela, baimenak eskatu eta ordaindu egin behar ditugu». Perezek azaldu duenez, bigarren furgoneta erosi berri dute. Laster jasoko dute, eta, pozik dagoen arren, «oso gogorra» dela aitortu du. «Jendea daukat kontratupean, eta hilabete txar batean ez du ematen denei ordaindu eta nire gastuak ordaintzeko, baina ordainketak berdin-berdin egin behar ditut». Baina proiektuarekin «maiteminduta» dago Perez, eta horrek ematen dio indarra: «Zoriontsu egiten zaitu zerorrek sortutako zerbaitetan lan egiteak, eta bizi egiten duzu».

Elkartearen bidez, errazago

Bestelakoa da Fernando Palaciosen egoera (Gernika, Bizkaia, 1954). Txurroak saltzen ditu furgoneta batean; badira 33 urte horretan ari dela. Gainera, AFADEko kide da, EAEko azokari autonomoen elkartekoa. Furgoneta nonbait jarri ahal izateko, batzuetan bera joaten udaletxera baimena eskatzera, eta, beste batzuetan, elkarteak hartzen ditu plazak eta kideen artean banatu. Ez du arazorik izaten, beraz, alde horretatik.

Azokarien semea da Palacios, eta horrexek ardaztu du bere bizitza. Gurasoek barraketako tiro postu bat zeukaten Palacios umea zela, eta beste postu batzuk izan zituzten gerora. Palaciosek, aldiz, ezkondu ostean txurro denda bat muntatu zuen, eta horretan dihardu geroztik. Familia negozioa dute, beraz, txurroena; familiako lau kideek lan egiten dute: emazteak, seme-alabek eta berak. Festen arabera jartzen dute furgoneta leku batean edo bestean. Gainontzekoen gisan, udan dute lan gehien, baina, gainontzekoek ez bezala, neguan ere badute lana: Bilboko Areatzan edukitzen du postua, bi hilabete eta erdiz edo hiru hilabetez, normalean.

«Ez da lan oso gogorra, ez ezazu pentsatu jo eta su aritzen garenik beti!», azaldu du, barrez, Palaciosek. Arratsaldean, 16:30ak inguruan, denda ireki, eta 21:30ak arte egoten da egun arruntetan; 01:00etara arte jaiegunetan. «Izaten dira lan karga handiagoa dituzun orduak, baina, gainontzean, nahiko geldirik gauden tarteak ere izaten ditugu». Badira furgoneta martxan jartzen ez duten hilabeteak, baina horrek ez du gehiegi larritzen Palacios. «Ez dugu bestelako lanik egiten; irabazten dugunarekin bizitzeko lain ematen digu. Hobetzeko? Ondokoarena hobea iruditu ohi zaigu beti, baina ni pozik nago daukadanarekin».

Iker eta Irune seme-alaben izenak daramatza dendak. Gainontzean bezala, negozioaren jarraipenak ez du gehiegi arduratzen: «Alabak ez du jarraituko, gimnasio bateko begiralea baita, eta oso pozik dago; oraingoz, asteburuetan etortzen da lanera. Semeak jarraituko du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Diego Martin mekanikaria bizikleta baten balaztak estutzen, atzo, Iruñean- ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Beharrezko mantentzea

Ainhoa Larretxea Agirre

Mugikortasunaren Nazioarteko Astea kari, bizikletak moldatu dituzte Iruñeko Gazteluko plazan. Hainbat herritar joan dira bertara, eta bizikletak nola konpondu ere ikasi dute.
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Organoa jotzen, zorion betean sentitu izan naiz»

Iker Tubia

Bere kasa ikasi zuen organoa jotzen, eta elizkizunak «edertzen» laguntzen du Mezkiritzen, duela 60 urtetik. Burua ongi duen bitartean jarraitzeko gogoz dela dio, nahiz eta lekukoa pasatzeko prest dagoen.
Jared Isaacman, Chris Sembroski, Hayley Arceneaux (goian) eta Sian Proctor, 'Inspiration4' batean. ©Inspiration 4

Soilik turistak eraman dituen lehenengo espaziontzia Lurrera itzuli da

Edu Lartzanguren

Atlantikoan jaso dituzte 'Inspiration 4' misioko lau bidaiariak. Astronauta profesionalik gabeko lehenengo saioa izan da.

Klaudio Landa saioko aurkezlea eta Unai Iparragirre ETBko zuzendaria saioaren aurkezpenean. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

'Baserria' 'reality show'-aren bigarren denboraldiak eztabaida saioa izango du

Ainhoa Larretxea Agirre

24 lehiakidek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta. Lau proba baserritik kanpo egin dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.