DARWIN ETA GU

Tolosako bortxatzaileak

Jose Mari Pastor -

2016ko otsailak 6
Dozenaka eraso sexista izan dira Tolosako inauterietako lehen egunean. Herrian ertzainak eta udaltzainak ibili dira batera, baina ezin izan dituzte oldarrak eragotzi.

Urteberri eguneko goizaldean Koloniako emakumeen aurka izan ziren erasoek errefuxiatuen kontrako aurreiritziak sendotu dituzte betikoen artean. Alemaniako hiria inauteriak ospatzen ari da egunotan, Tolosa bezala, eta alertan dago. Kanpainak egin dira herrialde musulmanetako iheslariei nola jokatu irakasteko. Koloniako erasoak arbuiagarriak izan ziren, nazkagarriak. Municheko Oktoberfest-ean garagardoz blai dauden gizonezko bavariarrek tarteka egiten dituztenak bezain nazkagarriak. Egileak hemengoak, horkoak edo hangoak izan, jokaera horien kontra egin behar da. Hala ere, ez da horrela izaten: arabiar batek neska bati ipurdia ukitzen badio, mairu zikina da. Erasoa gure RH negatibodun lagunak egiten badu, ba, badakizu, mutila apur bat kargatuta zihoan.

Bonbak jartzen dituzte, jendea hil, gure dirutik bizi, eta, gainera, ez dituzte gure emakumeak errespetatzen. Gureak. Beraienak, hor konpon. «Guri neskak lapurtzera etortzen zarete hona», entzun nuen behin Gipuzkoako herri bateko festetan. Eskerrak lau mutilen artean mozkortuta ez zegoen bakarrak gauzak baretzea lortu zuen. Zer ez zen pasatuko ustezko neska-lapurrak musulmanak izan bagina. Bizkaitarrak ginen. Mairu bizkaitarrak, agian. Handik urte pare batera beste herri bateko festetan egin genuen topo, eta mutil hark eskua luzatu, eta barkatzeko esan zidan.

Musulmanak, Islama, emakumea. Pew ikerketa enpresak 2013an eginiko inkesten datuak argitaratu ditu The Economist aldizkariak, etorkin gizonezkoak, europar emakumezkoak artikuluan. Testuak hauxe dio: «Emakume europarrek nahi dutena jantzi, nahi duten lekura joan, nahi dutenarekin sexua izan, eta nahi ez dutenarekin sexua ez izateko eskubideak estimatzen dituzte. Inori ez litzaioke askatasun horiek urratzea onartu beharko». Inkesta horien arabera, marokoarren eta tunisiarren %90ek baino gehiagok uste dute emazteak men egin behar diela senarraren esanei; soilik Irakeko musulmanen %14k jotzen dute ontzat andreak dibortzio prozesua abiaraztea. Hala izango da; zergatik ez sinetsi. Eta bai, nork bere esperientziak ditu: Hebron hirian kolono israeldarrek etxea kentzeko mehatxua egin dioten palestinar bati elkarrizketa egitera joan zara. Argazkiak egiteko unean gizonak irudirik ez hartzeko esan dizu, urrunean, aldapan behera, emaztea baitator. Goitik behera estalia dago emakumea, ez zaio ezer ere ikusten. Zertarako beharko duzu haren argazkia?, argudiatu du zure Mendebaldeko pentsaera matxistak. Arratsaldean, Jerusalem zaharreko auzo arabiarrean, gizona izateaz lotsatu zara, bertan dabiltzan emakume europar zuri bakanei denda eta bazar txikietako zenbait saltzailek zuzentzen dizkieten begiradak direla eta.

Hala ere, gu ere mairu zikinak (izan) gara batzuetan. Gizonak, azken batean. Non dago gure memoria soziala? Apenas egongo den 50 urtez gorako gizonik, Europako emakumeen duintasuna inoiz iraindu ez duenik, nahita edo nahi gabe. Las francesas se dejan, badakizu. Las alemanas se van con cualquiera (etorkin espainiarra; Munich, 1974). Neska holandarrei autotxokeetan fitxak erosiz gero, eginda dago kontua (euskal turista; Salou, 1980). Las suecas son muy sucias y desinhibidas; se vuelven locas a cuatro patas, culeándote contra la pared (errefuxiatu uruguaiarra; Lund, 1984). Segituko al dut?

Tolosan dozenaka eraso sexista izan dira. Horiek dira izterrak, horiek!; ea gehiago edaten duen eta arinago bustitzen zaion; taketa prest daukat ufff; komunerako bidean miazkatzeko keinua egin diot mihiaz; emango nioke, eman; zakil usainean dabil atsoa; ikusi duzu, titiak ia airean hotz honekin? Bai, rediooo, buztankada ederra eskatzen ari da hori! Erasotzaileak hemengoak, horkoak eta hangoak izan dira: Arana, Atif, Etxeberria, Fahmi, Hazazi, Pérez, Vargas eta Zaitegi. Eta Pastor.