Mobilizazio jendetsuak eta Poliziaren oldarra ikasleen greba egunean

Ertzaintzak bederatzi lagun atzeman ditu Gasteizen; Iruñean, berriz, lau izan dira atxilotuak.

Ikasleen mobilizazio gaitasuna nabarmendu du IAk
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Ion Orzaiz -

2016ko martxoak 18
Indar erakustaldia egin zuen Euskal Herriko ikasle mugimenduak atzoko greba egunean. IA Ikasle Abertzaleak taldeak deituta, azken urteetako mobilizazio jendetsuenak egin zituzten unibertsitate, institutu nahiz lanbide heziketako zentroetako ikasleek. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua LOMCE legea aplikatzen ari direla salatu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatu zuten atzoko protestetan. Indarrari, ordea, indarrarekin erantzun zion Poliziak, eta hamahiru gazte atxilotu zituen.

Gasteizen, adibidez, manifestariei oldartu zitzaien Ertzaintza. «Segada bat izan da», azaldu zuen IAko Amets Sarasuak, istiluen ostean: «Manifestazioan zihoan jendea sakabanatzen saiatu dira; kale baten bi muturretan jarri dira ertzainak, ihes egiterik izan ez genezan. Kaleetan gora eta behera ibili gara, haiengandik ihesi». Atxilotutako bi gazte ospitaleratu egin zituzten, buruan jasotako kolpeengatik. Txagorritxuko erietxean artatutakoak, ordea, «askoz gehiago» izan zirela nabarmendu zuen Sarasuak: «Agerian gelditu da Ertzaintzaren jarrera oldarkorra».

Iruñean, jendetza batu zen eguerdiko manifestaziora. «Deialdia oso arrakastatsua izan da, 3.000 ikasle baino gehiago bildu garelako», azaldu zuen IAko Goizeder Cillerok. Manifestazioa amaituta hasi zen Espainiako Poliziaren oldarraldia, eta istiluak Alde Zaharrera hedatu ziren berehala. Jarauta, Kale Nagusia eta San Frantziskoko ingurumarian, gomazko pilotak jaurti zituzten poliziek, eta zenbait gaztek harriak bota zizkioten udaletxeari eta Udaltzaingoaren furgoneta bati. Guztira, lau ikasle atxilotu zituen Poliziak: bat Nafarroako Legebiltzarraren aitzinean, eta besteak Alde Zaharrean. Adingabeak dira guztiak.

Ikasle Abertzaleek kritikatu egin zuten udaletxearen kontrako erasoa: «IA ez da manifestazioa amaitu osteko liskarren erantzulea. Udaletxeari harriekin erasotzea lekuz kanpo dago, baina batzuek hori erabili nahi dute grebaren arrakasta eta aldarrikapenak estaltzeko».

Bilbon eta Donostian ere egin zituzten protesta ekintzak, baina ez zen arazorik izan. Guztira, Euskal Herri osoan 15.000 ikasle mobilizatu zirela nabarmendu zuen IAk ohar batean.

Erreakzio ugari

Atzoko greba eguneko istiluak «onargaitzak» direla esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek: «Ezin da indarkeria erabili ezein manifestazio edo aldarrikapen egiteko». EH Bilduk, berriz, ikasle mugimendua zoriondu zuen, «kalitatezko hezkuntza sistema baten aldeko jarrera irmoa» erakutsi zuelako. Gasteizko istiluak arbuiatu zituen koalizio independentistak. Azaldu zutenez, gertaerek «ezin dute grebaren funtsa bigarren lerroan utzi». EHUk, azkenik, «istilu larriak» salatu zituen ohar batean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna