Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea «Inbertsio bat da logopedak zahar etxeetan lanean aritzea»

Publizitatea

Gizartea

Gemma Garmendia. Disfagian aditua

«Inbertsio bat da logopedak zahar etxeetan lanean aritzea»

Logopedek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote zahar egoitzen dekretu berrian beren jarduna kontuan hartzeko. Ohartarazi dute irensteko arazoek gaixotasun batzuk zailtzen dituztela.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Kezka agertu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako logopedek, zahar etxeetako dekretu berriaren zirriborroan Eusko Jaurlaritzak ez duelako beren jarduna aurreikusi. Erabaki horren aurrean, logopeden egitekoa kontuan hartzeko eskatu dio Gemma Garmendia otorrinolaringologoak (Donostia, 1955) gobernuari. Medikuntzan doktorea da, eta disfagian aditua, hots, irensteko arazoetan. Ohartarazi duenez, hainbat gaixotasunetan eragin larriak izan ditzake.

Zer da disfagia orofaringeoa?

Irensteko arazoez ari gara: elikagaia ahoan sartu eta esofagora heltzen den arte bidean sortzen diren arazoez. Batzuetan ez du zertan elikagaiekin izan, listuarekin ere izan daiteke. Guk sindrome ahaztua deitzen diogu, irensteko arazoak normalean beste gaixotasun batzuekin lotzen direlako, eta ez delako hartzen arazotzat bere horretan.

Beste eritasun batzuk konplikatu ditzakeela ohartarazi duzue.

Bai, irensteko arazoen eraginez, elikagaien zati batzuk zintzur-hestera eta biriketara joan daitezke, horrek dakarrenarekin. Kasurik larrienetan, gaixoek pneumonia gara dezakete. Eta ezin badute ondo irentsi, malnutrizio kasuak ere ager daitezke. Arazo bat bestearen ostean etortzen da, eta horren larriak ez ziren gaixotasun batzuk larri bihurtzen dira.

Arazorik larrienak gaixo zaharrek pairatzen dituzte gehienetan, ezta?

Bai, kasu gehiago daude adinekoen artean, indar faltagatik batez ere. Disfagia oso kaltegarria izan daiteke nagusi batentzat, apurka ahultzen duelako, eta bere beste gaixotasunak areagotzen dituelako: infekzioak, pneumoniak... Bere bizi kalitatea hondatzen du.

Ohikoak izaten al dira halako arazoak?

Hainbat ikerketa egin dira horren inguruan. Azken datuek diotenez, zahar etxeetan bizi diren nagusien %53k irensteko arazoak dauzkate. Hau da, zahar etxeetako bi erabiltzailetik batek disfagia pairatzen du, gradu ezberdinetan bada ere. Adineko batek purea bakarrik jaten duenean, edo likidoak edateko loditzaile bat hartu behar duenean, hori disfagia da. Eta osasunaz harago, pazienteen bizimodua hobetzen saiatu behar dugu, zoriontsuagoak izan daitezen. Horretarako, tratamenduetan eraginkorrak izatea beharrezkoa da.

Eta logopedak dira egokienak lan hori egiteko?

Bai, logopeda tratamenduaren oinarrian dago; hark egingo du hasierako diagnostikoa. Kasu batzuetan, larriagoak diren horietan, medikuen esku utziko du, tratamendu kirurgikoa egiteko.

Eusko Jaurlaritzari eskatu diozue zahar etxeei buruzko dekretuaren zirriborroan logopeden jardunbidea aintzat hartzeko. Zergatik?

Zahar etxeetan logopedaren figura izango bagenu, bere lehenengo egitekoa disfagia duten gaixoak identifikatzea litzateke. Logopedak oinarrizko arreta bermatuko du, eta, horren arabera, erabakiak hartuko ditu: zein tratamendu jasoko duen gaixo bakoitzak.

Jaurlaritzak iritziz aldatuko duela uste duzue?

Nik uste dut baietz; baikorra naiz. Azken batean, ulertu behar dugu logopedak zahar etxeetan lanean egotea inbertsio bat dela. Hasiera batean, gastua dela pentsa genezake, profil berriak direlako, baina logopeden lanarekin arnasketarekin lotutako pneumoniak nabarmen gutxituko ditugu. Horrez gain, gaixoen osasuna hobetuko da, infekzioak gutxituko dira, eta hasieran inbertitu dugun dirua bueltan etorriko zaigu.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak