Noiz sortua: 2017-10-07 00:30:00

DARWIN ETA GU

Emakume jokatu

Jose Mari Pastor -

2017ko urriak 7

«Jaitsi hortik, Eneko!». «Jaitsi hortik, Maitane, baina kontuz ibili!». Journal of Pediatric Psychology aldizkariaren arabera, gurasoek ez diete berdin hitz egiten semeei edo alabei. Bi umeak jarduera berdinean ari badira, kontuz ibiltzeko aholkuak neskei emateko probabilitatea askoz handiagoa da. Lau aldiz handiagoa. Gurasoek, aitak edo amak, azalpen gehiago ematen dizkiete 2-4 urte bitarteko alabei adin horretako semeei baino, bi haurrek jolaslekuko barratik jaitsi behar dutenean.

The New York Times-ek eman du ikerketaren berri. Beste adibide bat, Emory Unibertsitatearen lan batetik hartua: aitak gehiago kantatzen du alabarekin semearekin baino. Eta irribarre gehiago egiten dio alabari seme txikiari baino. Semearekin «lengoaia analitikoagoa» erabiltzen du. Gizon jokatzen irakasten dio umeari. Haurra emakumezkoa denean, ordea, emozioak azaltzeko joera handiagoa du aitak; errazago onartzen du neskatoak ere hori egitea. Emakume jokatzea, alegia.

Michael Kimmel maskulinitatearen ikerlariaren ustez, gizonezkook txikitatik gaude preso gizontasunaren kartzelan. Manhood in America: A Cultural History liburuaren egileak hogei urtez jardun du irakaskuntzan, eta ohartu da gizon gazteek elkar kontrolatzen dutela: eskolakide batek literaturan interes handiegia badu, susmagarri bihurtzen da. Susmoa handiagoa da mutilak poesia maite duenean. Poesiak emozioak plazaratzen ditu, eta hori andrazkoen kontua omen da.

Ez da erraza zama horretatik askatzea. Ez soilik elkar zelatatzen dugulako, baizik eta pentsamolde hori emakume ez gutxiren buruan ere badagoelako, batzuetan inkontzienteki bada ere. Gaiari buruzko liburu batean irakurri nuen emakume batek, bere burua feministatzat zuenak, zer esaten zuen: bikotekidea etxeko lanekin kezkatuegi ikusten zuenean, horietara gehiegi emana, gizon moduan gutxiesten hasten zen. Ez zuen hala pentsatu nahi, baina barrenetik ateratzen zitzaion.

Zerbait aurreratu dugu, baina bide luzea dugu egiteko. Antenne Bayern irrati alemaniarrak, Bavarian gehien entzuten denak, hainbat kanal ditu: informazio kanal arrunta, Top 40, Hitmix, Chillout, 90eko urteetako musika, 80ko urteetako musika... Duela aste batzuk bi kanal berri zabaldu zituen: Radio Ludwig eta Radio Lina. Lehena «soilik gizonezkoentzat» omen da. Bigarrena, «soilik emakumezkoentzat». Atzo goizean Gun's N'Roses zeruko atea jotzen ari zen Radio Ludwig-en. Radio Lina-n, berriz, What about us? galdetzen ari zen Pink. Ederra gero!

Lehengoan ama gazte bat ikusi nuen semeagaz. Haurrak panpina beltz bat zeraman ume-kotxean. «Aitarekin doanean ere eramango du ala baloia hartuko du orduan?», pentsatu nuen. Gure aitaz gogoratu nintzen: lau urte nituela arrebak kalera eramaten ninduen, alegiazko sukaldetxo haiekin jolasteko. Harik eta egun batean aitak egurrezko zaldi handi bat erosi zidan arte, nire generoari zegokion moduan jolas nedin. Badaezpada ere. Munduak sukaldari bat galdu zuen, eta ez zuen cowboy-rik irabazi.

Gizonezkook ez omen dugu gustukoa sentimenduak azaltzea. Ez da egia. Lagun emakumezko bati dena eta ez dena kontatzen diogu —bikotekide edo ohaide potentzial gisa ikusten ez badugu, kasu horietan ez baitugu ahul agertu nahi—. Gizonen artean, aldiz, ipurdia estutzen dugu segituan.

Behinola lagun batekin joan nintzen afaltzera. Neska batekin nituen gorabeherak azaltzen hasi, eta berehala moztu zidan hizketa: «Utzi marikonada horiek!». Handik urte batzuetara, mutil-laguna zuela jakin nuen. Ez diot galdetu nola dabilen harekin, zer sentitzen duen. Gizon jokatu behar da, badakizue. Beste batean, bolada txarra pasatzen ari nintzen, eta negarrari ekin nion parrandan, alkoholak eraginda. «Gizonok ez dugu negar egiten», aurpegiratu zidan ondoan zegoen lagunak. «Zenbat aldiz ez nintzen hitz horietaz gogoratu barruan nengoenean», aitortu zidan kartzelan urte luzeak pasatu ostean.

«Malkoak bihotzaren lore-hostoak dira», idatzi zuen Paul Eluard zenak. Bai, poesia maite dut. Zer egingo diogu, ba.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre - Mikel P. Ansa

Osagileen sindikatuek jarri zuten salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. ESK sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. Osakidetzak, ordea, «positibotzat» jo du ebazpena, epaileak atzera bota dituelako sindikatuen «eskari gehienak».

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna