Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Herri galdeketen bezperan, erabakitzeko nahia agertu dute Ezkerraldean ere

Publizitatea

Gizartea

Herri galdeketen bezperan, erabakitzeko nahia agertu dute Ezkerraldean ere

1.000 lagun inguru batu ditu Portugaleten 'Ezkerraldeak erabaki' leloak. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 51 herritan dituzte kontsultak, gaur
Gure Esku Dago-k Portugaleten egindako ekitaldia, atzo.
Argazkia: GURE ESKU DAGO

2017-05-07 / Hodei Iruretagoiena

Lehen ere Bizkaiko hainbat lekutan estatus politikoari buruzko herri galdeketak egin dituzten arren, modu nabarmenean iritsiko da gaur herrialdera erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika. Galdeketak egingo dituzte Durangaldea, Lea-Artibai, Uribe Kosta, Uribe Butroe, Zeanuri eta Orozkon. Horietan ez ezik, Ezkerraldean ere jarri nahi izan diote beren alea ahalegin horri. Atzo, Ezkerraldeak erabaki leloa osatu zuten 1.000 inguru lagunek Portugaleteko La Canilla kaian. «Soziologikoki, oraindik ez dugu beste eskualdeetan adinako baldintzarik halakorik egiteko, baina biharko [gaurko] galdeketen atariko gisara egin nahi izan dugu hau», azaldu dio BERRIAri Gure Esku Dago-ko Sabin Urkijok.

Santzurtzin eta Sestaon elkartuta, bi taldetan egin zuten Portugaleterako bidea, elkarrekin mosaiko bat osatzeko. «Argazki indartsua izan da», azaldu zuen Urkijok. Bazkaria ere egin zuten ondoren 300 inguru lagunek, eta Xabi Aburruzagarekin, erromerian bukatu zuten eguna. Portugaleteko taldekoek, gainera, sinadura bilketari ekingo diotela iragarri zuten, han ere galdeketa antolatzeko asmoa buruan. Azaroan egitea da helburua.

250.000 hautesle

Bizkaian bakarrik ez, Gipuzkoako eta Arabako beste hamaika txokotan ere aterako dituzte gaur hautetsontziak, estatus politikoari buruzko iritzia biltzeko: Gipuzkoan, Urola Kostan, Debabarrenean,Usurbilen, Donostiako Zubietan eta Lasarte-Orian; Araban, Legution eta Urkabustaizen.

Denera, 51 herritan egingo dituzte galdeketak, eta 250.000 herritar inguruk izango dute botoa emateko aukera. Ez botoa ematekoa bakarrik; kontsultak girotzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte herri horietan guztietan. Gure Esku Dago-k Durangon egingo du ekitaldi nagusia, 12:30ean.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak