Noiz sortua: 2017-06-08 00:30:00

Institutu batek salatu du erdaraz eginarazi dietela legebiltzarreko ertzainek

Harrerako ertzainei euskaraz egin zieten, baina erdaraz jarduteko eskatu zieten haiek, elebakarrak izanik Hutsunea jasoa dago euskara planean
JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

G. Goikoetxea -

2017ko ekainak 8

Euskaraz ezin izan zutela egin, erdaraz aritu behar izan zutela. Eusko Legebiltzarrera gutun bat bidali dute Lekeitioko institututik (Bizkaia), parlamentura egindako bisita batean izandako arazoak salatzeko. Maiatzaren 10ean joan ziren legebiltzarrera. «Bisitari hasiera emateko nahian, sarreran dagoen bulegoan zeuden ertzain birengana abiatu ginen. 'Egun on, Lekeitioko institututik gatoz...' esan orduko, euretariko batek 'En castellano por favor' erantzun zigun». Hala kontatu dute BERRIAk eskuratu duen gutunean. Erdaraz aritu behar izan zuten, «harrituta eta deseroso». Parlamentuak gutuna bidaliko die barkamen eske.

Bi eskutitz bidali dituzte institututik: bat, bisitara joan ziren irakasleek; bestea, ikasleek. Bide beretik jo dute bi gutunetan. Irakasleek «pena» azaldu dute bizi izandakoagatik. «Gauza hauek askoz gehiago zaindu behar dira». Eskatu dute «bermatuta» egon dadila bi hizkuntza ofizialen erabilera. Ikasleek zera adierazi dute: «Ez dugu ulertzen zergatik ez daukagun eskubidea bermatuta gure hizkuntza den euskaraz hitz egiteko». Ohartarazi dute «larriagoa» dela eskubide urraketa hori parlamentuan gertatu izana.

Erakundearen irudia

Legebiltzarreko mahaiak herenegungo bileran aztertu zuen kasua. Erabaki zuten eskutitz bat bidaltzea, barkamen eske, eta azalpenak ematea «legebiltzarrak hizkuntza normalizazioa lortzeko egiten dituen ahaleginez». Beste eskari bat ere egin zuten EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, aktan jasoa dagoenez: legebiltzarrak Segurtasun Sailari eskatzea berma dezala bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea. Ez zuen hori erabaki mahaiak.

Legebiltzarreko euskara planean jasoa dago harrerako ertzainen arazoa. Dio herritarrek ertzain horiekin dutela «lehen kontaktua» parlamentura joaten direnean. «Gauza nabaria da zerbitzu horretako langileen euskara ezagutza eta erabilera urri samarra dela». Horren ondorioez ere mintzo da plana: «Errealitate horrek garrantzia du, euskararen normalizaziorako ez ezik, erakundeak eskaintzen duen irudirako ere». Izatez, neurrien artean jasoa dago «segurtasun gunearen euskararen erabilera normalizatzea», horretarako «protokoloa» sorturik.

Legebiltzarreko presidentetzarekin harremanetan jarrita, adierazi dute «ahaleginak» egiten ari direla txanda bakoitzean gutxienez ertzain elebidun bat egoteko. Oraingoz, ez da denetan betetzen.

Joan den legealdian EH Bilduk galdera egin zion Segurtasun Sailari. Hark erantzun zuen «lehentasunezkotzat» jo dutela unitate hori: gehitu egingo direla hizkuntza eskakizunen derrigortasunak, eta prestakuntza emango dietela.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre - Mikel P. Ansa

Osagileen sindikatuek jarri zuten salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. ESK sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. Osakidetzak, ordea, «positibotzat» jo du ebazpena, epaileak atzera bota dituelako sindikatuen «eskari gehienak».

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna