jokin sagarzazu
ANALISIA

Ahalduntzeaz

2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza berriaren osaketari begira, ikusteko egongo da aukerarik baden EAJri aurre egin diezaiokeen gobernu alternatibo bat osatzeko. Bozetarako aurreikuspenek agerian uzten dute hori —EH Bildu eta Ahal Dugu-ren batura gailentzea EAJ-PSEk osatutakoari—, baina, aldi berean, irudikatzen dute horrek EAJren inguruan pibotatzen duela. Hura gabe ezinezkoa izango balitz bezala euskal instituzioetan gobernatzea.

Zentralitatea, modu nabarmenean, EAJk dauka oraindik, arerio berri bat sortu bazaio ere: Ahal Dugu. Baina ikerketa denek antzeko argazkia erakusten dute egoera politikoari buruz herritarrek duten pertzepzioaz. Eta horrek aldekoago du EAJk, eta asko baldintzatzen du besteen mugitzeko ahalmena.

Azterketa horietan, herritarren gehiengoak uste du, besteak beste, ez dela amaitu krisialdi ekonomikoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina, aldi berean, ondorioztatzen du horrek ez dituela euskal instituzioak higatu, ez duela krisi organikorik eragin. Erakundeen eta bertako demokraziaren inguruko satisfazioa, esaterako, Europako Batasunaren batez bestekotik hurbil dago. Eta Euskal Herriko egoera politikoari buruzko balorazioa hobetu egin da azkenengo bi urteetan. Are gehiago: herritarren gehiengo zabal batek ontzat jotzen du egungo Jaurlaritzaren kudeaketa, lehendakariak ezarri zituen hiru ardatzetan: ekonomian, bizikidetzan eta autogobernuan. Eta, hortaz, gehiengo esanguratsu batek asmoa dauka Urkullu bozetan berriz babesteko.

Intentzio hori azaltzen da, gainera, beste alderdietako ohiko boto-emaileen artean ere, eta, bereziki, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Ahal Dugu-ri, PSE-EEri eta PPri botoa emandakoen artean. Hori ez da berria azkenengo bi alderdien kasuetan, baina bai azpimarratzeko modukoa aurrenekoarenean; duela gutxi arte Ahal Dugu-ren helburu nagusia baitzen —eta baita?— EAJ gobernutik «kanporatzea».

Ahal Dugu-k modan jarritakohitzak erabilita, zaharra gaixo badago, berriak ordezkatuko behar du. Alderdi horrek asko edan du estrategia diskurtsibo horretatik Espainiara begira aldaketaren leloa —bidenabar, ezinezkoa irudi duena— hauspotu duenean. Baina Euskal Herrian beste bat du egoera —arestian aipatutako ikerketen harira, bestelakoa da gizartearen pertzepzioa—, eta beste batzuk ditu arerioak kontakizunaren lehian: bereziki EH Bildu, baina baita EAJ ere.

Izan ere, Nafarroan ez bezala, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldaketa hitza ez da ezer berria, EAJ egon delako orain gutxi gobernuetatik kanpo. Eta jeltzaleek ere denbora labur horretan jakin izan dute diskurtso hori maneiatzen, baina, kasu horretan, aldaketak ekar ditzakeen«kalteez» ohartarazteko, eta horrela boterera itzultzeko: Ajuria Enera, Gipuzkoan foru jauregira, hainbat eta hainbat udaletara.

Era berean, gauza jakina da, eta oso kontuan hartzekoa, alderdiek ordezkatzen dituztela herritar multzoak, haien aspirazioak; eta, bereziki, herri proiektu bat proposatu behar dutela haientzat, baina baita besteentzat ere. Hori hala izanik, kontuan izan behar dituzte beren jendeen interesak, baina baita haiek dituzten gizarte harremanak eta sareak ere: herritar horiek zeintzuk dituzten lagun edo gertuko eta nortzuk urruneko edo arerio. Edozein herri proiektu garatuko bada, beste batzuekin elkarlanean gauzatuko baita.

Eta eremu horretan ere badirudi EAJ dela ongien kokatuta dagoena, ikerketei erreparatuz gero behintzat. Beste alderdi guztietako boto-emaile gehienek esaten dute alderdi jeltzalea dela beren bigarren alderdia, gertukoena dutela bereen ondotik —nahiz eta agian inoiz ez lioketen botoa emango—, eta, aliantzarik egin behar izanez gero, hura izango luketela lehentasuneko kide. Eta hori diote, bereziki eta modu nabarmenean gainera, Ahal Dugu-ren zaleek, baina baita EH Bildukoek ere.

Badirudi, beraz, bi alderdi horien boto-emaileek, gaur-gaurkoz, euren artean baino, nahiago dutela EAJrekin harremandu aurrena. Eta esan beharrik ez dago haien arteko lehiarekin eroso bizi direla jeltzaleak.

Oraingoz, alternatiba izan nahi duten alderdi guztiak dabiltza aitaren etxean bueltaka. Egun ahoz aho dabilen beste kontzeptu bat erabilita, galdera litzateke ahalduntzearena izango ote den Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina eta datorren legegintzaldia: alternatiba bat mamitzearena. Ikusitako loturak ikusita, baina, EAJ boteretik kentzeko ideiak beldurra eman diezaioke bati baino gehiagori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.