Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Bukatu da euskararen foru dekretuaren negoziazioa, ELAren aldeko botoarekin

Publizitatea

Gizartea

Bukatu da euskararen foru dekretuaren negoziazioa, ELAren aldeko botoarekin

Abstentziora jo du LABek; CCOOk eta UGTk kontra egin dute. Afapna mahaitik altxatu da, euskara meritu gisa jotzea «inposizioa» delakoan
Ana Ollo kontseilaria, euskararen dekretuaren aurkezpenean.
Ana Ollo kontseilaria, euskararen dekretuaren aurkezpenean. IÑIGO URIZ / ARP

2017-03-21 / Ion Orzaiz

Beste koska bat gainditu du euskara administrazioan arautzeko foru dekretuaren zirriborroak. Atzo amaitu zen Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen arteko negoziazioa, eta ELAren aldeko botoa jaso zuen proposamenak. LAB eta Anpe sindikatuek abstentziora jo zuten, eta CCOOk, UGTk, Afapnak eta SMNk kontra bozkatu zuten.

ELAko ordezkarien esanetan, dekretua «berandu dator eta eskasa da», baina aldeko botoa eman dute hala ere, «euskararen normalizazioaren bidean urrats garrantzitsua» dela iritzita. Dena den, 1986ko Euskararen Legeak dekretua «mugatu» egiten duela uste du ELAk, eta hori indargabetzeko eskaera egin die Nafarroako Gobernua babesten duten lau indarrei: «Aurkeztu den foru dekretu hau mugatua dator, baina aurrerapausoak ematen ditu herritarren hizkuntza eskubideei eta langile publikoen formakuntza eskubideei dagokionez».

LAB sindikatuko Isabel Artiedaren ustez, berriz, gobernuak planteatutako neurriak «oso ahulak eta oso motelak» dira. «Zehaztu gabe dago dena: zenbat lanpostutan eskatuko den euskara, non baloratuko den meritu gisa... Hori guztia egin gabe dago, eta segur aski, legealdiaren bukaerara arte itxaron beharko dugu; hortaz, dekretu honi babesa ematea fede kontua da», azaldu du.

Espero bezala, aurkako botoa eman dute UGT, CCOO eta Afapna sindikatuek, eta administrazioan euskarazko zerbitzuak bermatzea ere «inposiziotzat» jo dute berriz ere. Afapna izan da dekretuaren aurka oldarkorren aritu dena: atzo negoziazio mahaitik altxatu eta alde egin zuten sindikatu horretako ordezkariek. Euskararen dekretuak «milaka langile publikori» kalte eginen diela argudiatu du Afapnak ohar batean: «Zailtasunak izanen dituzte lekualdatze prozesuetan, eta langile gaztelaniadun asko kaleratuko dituzte». Nafarroako Gobernuak, ordea, behin baino gehiagotan gezurtatu du hori.

ELAk eta LABek ere Afapnaren jarrera txarretsi dute. ELAren ustez, dekretuaren aurka azaldu diren sindikatuek «ez zuten ezer esan PAI ezartzearen ondorioz 200 irakasle desplazatu zituztenean». LABek, berriz, Afapnak eginiko proposamena kritikatu du: «Parte hartze prozesu anonimo bat sustatu nahi dute, baina halako auziak negoziazio mahaian eztabaidatu eta onartu behar dira, gardentasunez».

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea