Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Bizkaiak gizarte zerbitzuen eta laguntzen kontrola «indartuko» du

Publizitatea

Gizartea

Bizkaiak gizarte zerbitzuen eta laguntzen kontrola «indartuko» du

Hiru urteko plan bat osatu du aldundiak. Kalitatea egiaztatzea eta iruzurra atzematea dira helburu
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, atzo, planaren aurkezpenean.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, atzo, planaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-09-13 / Ibai Maruri Bilbao

Zerbitzuen kalitatea egiaztatu eta iruzur kasuak atzeman. Bi helburu horiekin osatu du Bizkaiko Foru Aldundiak Gizarte Zerbitzuen eta Laguntzen Ikuskapen eta Kontrolerako 2017-2019ko Plan Orokorra. Atzo aurkeztu zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak, eta martxan dago jada.

Diputatuaren esanetan, hiru arrazoik bultzatu dute plana martxan jartzera: hitz emana zutelako, «eraginkortasunarekiko konpromisoa» dutelako, eta «herritarren eskaeretako bat» delako. Azken urtean eskualdez eskualde bizkaitarrekin egin dituen bilera guztietan «kontrola handiagotzeko beharra» aipatu diotela esan du: «Bizkaia gizarte solidarioa da, eta aurrerantzean ere hala izango da, baina, aldi berean, erakundeek gizarte laguntzen kontrol handiagoa garatzea nahi du». Ziurtatu du laguntza behar duten guztiek jasoko dutela, «orain arte bezala».

Rementeriak argi utzi du «oso gutxi» direla iruzur kasuak. Adibidez, iaz mendeko pertsonak etxean zaintzeko diru laguntza jaso zutenen artean, soilik bost kasutan egin zuen aldaketaren bat diputazioak. Hiru kasutan, mendekoa beste senide baten etxera joan zen bizitzera, Bizkaitik kanpora; beste bat egoitza batera bidali zuten, uste zutelako mendekotasun maila harekin ezin zuela etxean jarraitu; eta azkenari kontrol jarraitua ipini zioten. Bakar batean ere ez zen iruzurrik izan.

Kontrola orain arte ere egin izan da, baina diputazioko sail bakoitzak bere kasa egin du. Plan honi esker, koordinatu egingo dute, informazioa trukatzeko. Beste erakunde publiko batzuekin ere izango dute elkarlana. Era berean, arlo bakoitzean egiten zuten ikuskatzeen kopurua handituko dute, kasu batzuetan %100era arte. Funtsean, gizarte laguntzak jasotzen dituzten 16.000 bizkaitarrek jarraipen «zorrotzagoa» izango dute. Urtero 11. 400 berrikuspen baino gehiago egiteko konpromisoa hartu dute. Hau da, gehienen kasuak aztertuko dira.

Lurralde historikoan zerbitzua eskaintzen duten 370 zentroak ere gertuagotik kontrolatuko dituzte. Guztietara joango dira, kalitatezko arreta eskaintzeko arautegiak eskatzen duena betetzen dutela ziurtatzeko. Orain arte ere egiten zuten hori, baina aurrerantzean zentrootan dauden onuradunen %10ek jasotzen duten zaintza ere gertutik aztertuko dute, banakako arreta planen bitartez. Hala, erabiltzaileek jasotzen duten arreta pertsonala egokia dela ziurtatuko dute.

Kontu ikuskaritzak

Etxean bizitzeko diru laguntza jasotzen dutenak ere kontrolatuko dituzte: 15.000 bizkaitar dira, eta etxekoek edo kontratatutako langile batek zaintzen dituzte. Urtero 3.800 pertsonari bisitan joango zaizkie, jasotzen duten arreta egokia dela baieztatzeko. Besteak beste, ondo zainduta daudela eta ez dutela tratu txarrik jasotzen ziurtatu nahi dute. Zaintzaileen egoera zein den ere aztertuko dute.

Hirugarren sektoreko enpresekin eta elkarteekin egindako itun, hitzarmen eta diru laguntzak ere jaso ditu planak. Diru laguntzen justifikazio guztiak berrikusiko dituzte. Sinatutako hitzarmenen %10 kontu ikuskaritza bidez berrikusiko dira, gainera.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak