Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea 2023rako espero du Tapiak AHTa martxan egotea, «eperik baikorrenean»

Publizitatea

Gizartea

2023rako espero du Tapiak AHTa martxan egotea, «eperik baikorrenean»

Salatu du atzerapena hamar urtekoa litzatekeela orduan abian jarriko balitz. «Hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu dio De la Sernari
Abenduaren 22an bildu ziren Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua.
Abenduaren 22an bildu ziren Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. J. RUIZ / ARP

2017-01-03 / Ibai Maruri Bilbao

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak AHT abiadura handiko trenari buruzko beste bilera bat eskatu dio Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroari; bi agintariokin batera, Bilbo, Donostia eta Gasteizko alkateek ere hartuko dute parte, AHTaren hiriburuetarako sarbideez hitz egiteko. «Nahikoa denbora galdu dugu; hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da», esan zuen atzo, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean. Salatu zuen bere garaian iragarri zela AHTa 2013rako egongo zela martxan, baina egun «eperik baikorrenean» 2023rako espero dutela. Obra zibila bukatzeko 42 hilabete beharko dituzte, Bergarako lotunea adjudikatzen denetik. Gero, trenbidea jartzea, probak egitea eta trenak jartzea faltako litzateke. Beraz, hamar urteko atzerapena izango luke.

Ministroarekin abenduan izandako bilera baikor baloratu du. Trena hiriburuetara lurpetik sartzeko aukera aztertzeko prest agertu zen De la Serna, eta hori «berritasuna» izan da Espainiako Gobernuaren jarreran; hala ere, epeez eta gastuez eztabaidatu behar dute ministerioarekin. Bilerak ez du datarik, eta «azkar» egingo ez balitz, «konpromiso faltatzat» hartuko luke.

Aurreko bileran Bizkaiko eta Arabako lanak ere Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu zion Tapiak De la Sernari, «abiadura azkartzeko». Baina, sailburuaren esanetan, ministroak ez zuen argi ikusi. «Berak ez du uste lagunduko duenik. Baina Gipuzkoan ikusten ari gara askoz azkarrago dabiltzala lanak».
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea