Noiz sortua: 2016-01-19 00:30:00

Alzheimerren gaitzarekin oroimena gal ez dadin, modu bat atzeman dute

Ikerbasqueko EHUko talde batek parte hartu du 'Nature Neuroscience'-n argitaratutako ikerketan
Shira Knafo —ezkerrean— eta bere lantaldea.
Shira Knafo —ezkerrean— eta bere lantaldea. EHU

Jon Rejado -

2016ko urtarrilak 19
Oroimena galtzea da Alzheimerren gaitzaren adierazle eta ondorioetako bat. Horren atzean dagoen arrazoiaren berri eman du Nature Neuroscience aldizkariak. Are gehiago, ikerlariek prozesu hori gerta ez dadin «tresna molekular bat» erabili dute saguetan egindako saioetan, eta animaliek oroimenari eustea lortu dute. Ikerlana hiru doktorek zuzendu dute: Shira Knafok (Ikerbasqueko kide eta EHUko irakaslea), Jose Antonio Estebanek (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) eta Cesar Venerok (UNED).

Alzheimerraren gaitza neurodegeneratiboa da. Gaixotasunak neuronen arteko informazio trukaketan eragiten du, lotura sinaptikoetan, Ikerbasquek eta EHUk azaldutakoaren arabera. Informazio trukaketa aldakor horretan gertatutako nahasmenduek ikasteko zailtasuna eta oroimena galtzea eragiten dute. Ordea, aldaketa horien mekanismoak duela gutxi ezagutzen hasi direla jakinarazi dute Ikerbasquek eta EHUk. Atzo argitaratutako ikerketak ildo horretan informazioa eman du, baita ondorioei aurre egiteko modua ere.

Jose Antonio Estebanek atzeman zuen PTEN izeneko proteinak parte hartzen duela neuronen arteko informazio trukaketan. Ordea, Knafok, Estebanek eta Venerok abiarazitako azken ikerketak agerian utzi du proteina horrek zeresana duela alzheimerraren eraginetan. Gaixotasunak eragiten du behar baino PTEN proteina gehiago egotea informazio trukaketan; horrek desoreka sortzen du prozesuan, eta memoriarako mekanismoak zailtzen ditu.

Atzo ezagutaraziko ikerketak, PTEN proteinaren jokabidea azaltzeaz gain, hori galarazteko modua ere proposatu du. Saguetan egindako probetan lortu dute tresna molekular bat alzheimerrak eragiten duen PTEN proteinaren eragina saihesteko. Hots, neuronek gaitzaren eragin horri aurre egiten diote. Probetan lortu zuten alzheimerra zuten saguek oroimena mantentzea.

Ikerketan parte hartu dutenek oroitarazi dute «oinarrizko zientzia» baino ez dela orain arte egindakoa, animalietan egin dituztela saioak. Ordea, funtzio kognitiboak kontrolatzen dituzten mekanismoen berri izaten laguntzen duela gaineratu dute, eta esku hartze terapeutikorako lerroak eskaintzen dituela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna