Elikadura. Hazkurri kontuak

Garagardoa

2013ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Beroa dator, egarria, patxada, lanik eza: zerbeza, bieraren paradisua. Elikaduraren Hiztegian begiratu dugu horren berri.

Paleontologoek diotenez, oso litekeena da garagardoa eta ogia garai bertsuan asmatuak izatea (duela sei edo zortzi mila urte), bata eta bestea zerealen hartziduraz ekoizten baitira. Plinio eta Estrabonek adierazi bezala, orain pare bat mila urteko euskaldunek edaten zuten mama goxo hartatik.

Egun, hartzidura bidez erdiesten den urre koloreko (lasto horitik gorrien barna beltzeraino doaz garagardoen tonuak) edari alkoholdun (9º-12º) mikatz eta karboniko samarra da; urez, maltaz (hozituriko zereala: eskuarki garagarra, inoiz gari edo zekalea) eta, Erdi Aroaz geroztik, lupuluz ekoizten da.

Garagardogintzan fase hauek garatzen dira: malteatzea, sakarifikazioa, irakite edo lupulizatzea, hartzidura, zainpeko egotea eta egokitzea.

Hasteko, zereala malteatu eta ur epeletan murgiltzen da. Azukre, proteina eta zereal kondarrak dituen likidoari, iragazi eta bizi irakin ondoren, lupulua gehituko zaio. Azkenik, legamiak garatzeko moduko tenperaturara epeldu eta orduan hasiko da hartzidura. Osagai horiek ez ezik, hauek ere gaineratzen zaizkio garagardoari: malteatu gabeko hazi gordin edo egosiak, espeziak (koriandroa, kalamua), eztia, laranja azalak…

Badira orain glutenik gabeko garagardoak (sorgo, arroz eta arto beltzez eginikoak), alkoholik gabekoak, etab.

Hartziduraren araberako garagardo mota erdiesten da:

- h. motelekoak (lager edo pils motakoak; hori edo gorriak, gehienak),

- h. bizikoak (ale; hazitako legamiez hartziturik, alkohol gehiago eta aroma konplexuagokoak dira),

- h. espontaneokoa (lambic motakoa; inguruneko eguratseko legamiek eraginik hartzi da),

- h. mistokoak (hartzidura bizi eta espontaneoa uztartu dituztenak). Garagardo batzuk berriro hartzitzen dira, botilan sartutakoan.

Kolorearen arabera:

beltzak black patent maltari zor dio iluntasuna, oinarrizko malta arruntari beltzak gehiturik;

horiak, malta hitsekin eginak, apartsu eta lurrintsuak dira;

anbarkarak eta gorriak malta txigortuaz ekoitzi dira eta karamelu, hur edota erregaliza iradokitzen dute;

zuriak, gehientsuenak iragazi gabeak, gaingariz eginak dira eta legamiak dituzte esekiduran.

Sukaldaritzazko errezeta askotan sartzen da garagardoa, erreki, karbonada, postreak osatzeko). Edateaz aparte, gazta batzuk fintzeko eta haragia kontserbatzeko ere baliatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.