BBK eta Vitalen eraldaketa. Batzar orokorrak. ANALISIA

Koilara Kutxara nola sartu

Joseba Barandiaran -

2014ko uztailak 1
Ekonomia aspergarri bada, zer esan legeez. 26/2013 du grazia, batere graziarik ez duen eta JUAN CARLOS R.-k (sic) sinatu zuen legeak: tamaina jakin batetik gora (10 mila milioi euroko balantzea) edo kuota jakin batetik gora (lurralde bateko gordailuen %35), banku baten jabetza izateko, aurrezki kutxek banku fundazio bihurtu beharko zutela aurten bertan. Atzo heldu zioten bide horri BBK eta Vitalek. Kutxaren kasuan, borroka politiko agerikoak atzeratua du, oraingoz, erabakia. Finantza jarduera burutzen duen bankuaren gaineko kontrola eta eragina dago jokoan; ez besterik; baina ezta gutxiago ere.

Legearen asmoa da ahal den heinean aurrezki kutxak bankuko bazkide minoritario bihurtzea. Hau da, bankuak hein batean gutxienez pribatizatzea, bazkide berriak sartuz eta aurrezki kutxen sortzaile, langile eta gordailugileen eragina (egungo kontrol soziopolitikoa) gehienez %25era murriztea. Gehienez 15 lagun izango dira banku fundazioaren patronatuko kide. Eta gehienez laurden bat izango da erakunde sortzaileek izendatua.

Gizarte ekintza zer? Bankuak eta, egiten diren gainontzeko inbertsioek emandako etekinetatik ordainduko da. Bankua, zer? Patronatuak esango du, baina, pentsatzekoa denez, irabaziak maximotzea izango du jardunbide nagusi ez, bakar. Business is business, hemen eta munduan.

Legea bere horretan betetzea erabaki dute Caixabanken kasuan. Kataluniako gizartean oso errotuak dauden hiru lagunok, adibidez, patronatuan daude: Carlos Slim mexikarra, Latinoamerikako gizonik aberatsena; PSOEren ministro ohi eta NATOko buru ohi Javier Solana, bi aste barru 72 urte beteko dituen madrildarra. Edota Cesar Alierta, Telefonicako presidente aragoiarra. Hori Barça da. Athleticek beste filosofia bat izango ahal du.

EAJren estrategia da nik ulertu ez dudana. Eta ez dut ulertu, azaldu ez dutelako. Tira, Mario Fernandez jardun da ahobizarrik gabe. Eta 71 urteko bilbotarrak inork baino hobeto daki banku erakunde bat deserrotzea zer den, nola gerta liteken botere eta kontrol harremanen aldaketa. Baina alderdiak? Errotzea eta kontrola bermatuta daudela esan dute, burukide den-denek. Nola, ordea? Hori da argitu ez dutena. Pentsatu nahi (izan) dut ez direla lehen 8-10 urteetarako kontrolaz soilik ariko, luzera begira ere jardungo zirela. Baina isiltasun eta xehetasun gabezia susmagarri bihurtu da. Eta fundazioen estatutuek diotena ikusita, sinesgaitz nago.

Batzarretan norbanakoei egin mehatxu burugabeek, presak, zehaztasunik ezak, ez zuten ezer onik iradokitzen. Eta horrek EH Bildu eta sindikatuak behintzat sutu ditu. Sistema kapitalistaren oinarri diren bankuetarako euren eredua gutxien zehaztu dutenak dira, ordea. Izan ere, lehengo hiru kutxak ere ez ziren Caritas. Baina euskal gordailuen zaindari gorenaren kontrola dago hemen jokoan, lagunok. Eta gordailuak dituenak, maileguak emateko botere miragarria eskuratzen du. Izango ote da finantza erakundearen gaineko gutxieneko kontrol publiko eta sozialik? Horrelakorik egin liteke lege eta estatutu horien baitan?

Nahi izatera, denboraz estrategia prestatuz gero, agian egin zitekeen. Bidezidorrak baziren ikastolak frankismo garaian irekitzeko, legearen barruan jardunda posible zatekeen Kutxarako bestelako eredurik. Nahi izatera, eta saiatuz gero. Epe laburrenean koilara Kutxara nola sartu soilik pentsatuz gero, nekez. Eusko Legebiltzarrak, Kutxabankeko langileek eta euskal gordailudunek merezi zuten horrenbeste. Baina Sabin Etxean graduatutako betaurrrekorik ezean, nik ez dut ikusten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna