Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Harrera familian dagoen ume bat hartu du bere ama biologikoak, Donostian

Publizitatea

Gizartea

Harrera familian dagoen ume bat hartu du bere ama biologikoak, Donostian

11 hilabeteko haurra abuztutik zegoen diputazioaren tutoretzapean. Aurretik hitzartutako bisita baterako bidean hartu die umea teknikariei
Mertxe Peña Gizarte Politikako diputatua, artxiboko irudi batean.
Mertxe Peña Gizarte Politikako diputatua, artxiboko irudi batean. BERRIA

2017-01-06 / Ibai Maruri Bilbao

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dagoen ume bat hartu du haren ama biologikoak, diputazioak berak jakinarazi duenez. Atzo goizean gertatu zen, Donostian. Aldundiak salaketa jarri du, eta Ertzaintza ikertzen ari da. 11 hilabete ditu umeak; harrera familia batekin bizi da abuztutik. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak esan duenez, «erabat justifikatutako neurria» izan zen ama biologikoari umea kendu eta harrera familia baten esku uztea.

Diputatuak berak azaldu zuen gertatutakoa, arratsaldean egindako agerraldi batean. Aurretik adostutako bisita zeukaten atzo, eta hura hasi aurretik gertatu zen, kalean, diputazioko lau teknikari hitzordua egindako zentrorako bidean zihoazela. Gurditxo batean zeramaten umea. Peñaren arabera, une horretan trafiko handia zebilen inguruan. Emakumea ezustean agertu zitzaien: «Teknikariei eragindako nahasmendua aprobetxatu zuen, umea gurditxotik jaso eta besoetan eramateko». Auto batera igotzen ikusi zuten aldundiko langileek; gizonezko bat zen gidaria.

Badakite Frantziarako bidea hartu zutela. Izan ere, Daxen (Landak) polizia kontrol batetik ihes egin zuen autoak. Hala, orain Interpol ere emakumearen eta umearen atzetik dabil. Peñak adierazi du aurki haien berri jasotzeko esperantza daukala.

Guraso biologikoengan jarrera arrarorik sumatzen dutenean, bertan behera uzten dituzte bisitak. Baina, diputatuaren arabera, kasu honetan ez dute ezer igarri. Arriskua egon badagoela aitortu duen arren, berretsi du ez dela ohikoa.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea