Geroari «baikor» begiratzeko moduan

Eguraldiak ez zuen zapuztu jaia, eta milaka euskaltzale bildu ziren Aguraingo Lautada ikastolak antolatutako Araba Euskaraz jaira. Aurreikuspenak beteta, Bastida ikastolari pasatu diote lekukoa.
1
1 JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Aitor Biain -

2016ko ekainak 21
Oso pozik gaude emaitzarekin, eta baikor egoteko arrazoiak ditugu, igande goiza nolakoa izan zen ikusita», aitortu du, pozez, Josu Perez de Villareal Lautada ikastolako Artezkaritza Batzordeko arduradunak. Begi bat zeruan, eta beste bat geroan. Hala zegoen igande goizean Perez de Villareal, Arabako ikastolen aldeko jai handirako dena prest bazuten ere goibel samar esnatu baitzen eguna. «Eguraldia erabakigarria da halako jai handietan. Festa zapuztuko zigun beldur ginen». Orduek aurrera egin ahala, ordea, eguraldiak hobera egin zuen, eta jendetza elkartu zen Agurainen azkenerako.

«Jarri genituen helburuak bete ditugu: euskara kalera ateratzea eta duela sei urte baino Araba Euskaraz festa indartsuago bat antolatzea».Bigarrenez antolatu baitu Lautada ikastolak Araba Euskaraz jaia. Antolakuntzaren esperientzia hori izan arren, azken hilabeteak «gogorrak» izan direla aitortu du, eta «leher eginda» amaitu dutela. «Baina emaitza onak beti goxatzen du egindako esfortzua». Hain zuzen, ehunka boluntarioen lana izan da «eguna biribila izatearen giltzarri», Perez de Villarrealen esanetan: «Gurasoez gain, beste ikastoletatik laguntzera etorri direnengatik izan ez balitz, ez genuen halakorik lortuko».

Hainbat berrikuntza izan ditu aurtengo Araba Euskaraz-ek; ibilbidea bera, besteak beste. «Herrigunetik kanpo egitea apustu bat zen guretzat; arriskatu ere egin ginen. Baina emaitza oso positiboa izan da». Izan ere, lau kilometroko ibilbidean zehar antolatu ziren ekintza guztietan jendetza elkartu zen igandean. Gazte andana erakarri zituen, esaterako, Oihan Vega DJak, eta gaztetxoen begirada guztiak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei so izan ziren, ohiko legez.

Halaber, Erronka egitasmoak zein zumba saioak ere arrakasta handia izan zuten. «Kontsumo ekitaldiak ongi daude, baina parte hartzea bultzatzen duten egitasmoek erantzun bikaina izan zuten».

Edonola ere, arrakastaren zati bat bertaratutakoei zor zaiela azaldu du Perez de Villarrealek. Eta Araba Euskaraz ospatu ondorengo egunean ibilbideak duen itxura jarri du horren adibide gisa, «garbi-garbi» aurkitu baitute. «Apenas jaso dugun zaborrik». Bada, bertaratutakoen «jarrera ona» eskertu du. «Herriak eskertu egiten du, azken finean. Ingurumena zaintzeak Araba Euskaraz-en oinarrietako bat izan behar du aurrerantzean ere».

Aldaketa sostengatzeko

Duela zortzi urte ikastetxeak egin zuen aldaketan sakontzeko erabiliko dute, hain zuzen, aurten bildutako dirua. «Instalazioak hobetzeko eta gaurkotzeko erabiliko dugu, batez ere. Ikasketa prozesu berriak teknologia berriei lotuta datoz, eta badakigu horiek etengabe gaurkotzen direla. Bada, guk ere egoera horretara egokitu behar izaten dugu. Gainontzekoa ikastola finantzatzeko izango da».

2008an egin zuen aldaketa ikastetxeak: mojen ikastetxe izateari utzi, eta ikastola bihurtu zen, guraso talde bati esker. Egun, 250 ikasle inguru ditu Lautada ikastolak, eta etorkizunari «baikor» begiratzeko moduan daudela aitortu du Perez de Villarealek: «Araba Euskaraz-ek, jaiaz harago, kooperatiba eta talde gisa are gehiago estutzea ekarri du. Talde lana ezinbestekoa da guretzat, eta horrekin geratzen gara».

Aurtengoa igarota, Lautada ikastolak Bastida ikastolari pasatu dio jadanik Araba Euskaraz-en lekukoa. Arabako Errioxara itzuliko da, beraz, hurrengo urteko Arabako ikastolen jai handia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna