Berria.eus

Plaza Bizia Durango Ardo Saltsan

Publizitatea

Plaza Bizia

Elikadura. Ardoxka

Durango Ardo Saltsan

 

2012-03-10 / Roberto Sarriugarte

Duela zazpi bat urte izan zuen abiapuntua, iturburu, gaur eguneko Durango Ardo Saltsan ardo eta delicatessen feria horrek. Saltsan-eko «laborategian» jaio zen, Iñakiren eskutik, eta gaur egun arte izan duen bilakaera izugarria izan da.

Bosgarrenez izango da hurrengo larunbatean, martxoaren 17an, Durango Ardo Saltsan. Goizeko hamaiketan irekiko dituzte ateak, eta arratsaldeko hirurak arte ez du etenik izango. Arratsaldeko bostetan berriz ateak ireki eta iluntzeko bederatziak arte, kopa bat eskuan, ia hirurehun ardo dastatzeko aukera: zuriak, beltzak, gozoak, apardunak.... Baina ez hori bakarrik: han izango dira, era berean, izokina, hegalabur ketua, urdaiazpiko iberiarra, Toledoko Valderrama eta Capilla del Fraile olio zoragarriak...

Beraz, ez dago aitzakiarik egun ederra ez pasatzeko Landako gunera biltzen direnen artean. Aurten, gainera, eta krisia gora eta behera darabilgun arren, eskaintza handitu egin da, bai ardoen aldetik eta bai eskaintza gastronomikoari dagokionez ere. Aipatutakoez gain, boilur beltza, Eoko (Asturias) ostrak, Mediterraneoko hegalabur gorria eta kostaldeko ganbak, Tolosako Gorrotxategiren txokolateak eta beste egongo dira.

Eta ezin ahaztu iaz gaztarekin hasitako tunelaren esperientzia arrakastatsua. Aurten ere jarraipena izango du.

Eta aurten lehen aldiz, gainera, Saltsan Caterinek jatetxe bat jarriko du aretoan bertan, eta feriako produktu guztiekin egindako menu zoragarri batez gozatzeko parada emango. Ardoak eta produktu gastronomiko guztiak dastatzeko aukeraz gain, egun guztian hainbat ekitaldi egongo dira egitarauaren barruan; besteak beste, Murillo Viteri Errioxako upategiak ur azpiko ardoari buruzko hitzalditxo bat emango du; Recaredoren apardun zoragarrien dastatzea; Ercavio ardoen dastatzea, Mas que Vinos eta Gonzalo Rodriguezen eskutik; Ximenez Spinolaren erakustaldia; PXaren dastatze zoragarria, iazko arrakasta berritzeko gogoz...

Eta, eguna amaitzeko, zortziak aldera, III. Durango Ardo Saltsan ardo dastatze itsua, egunari ukitu jostagarria emateko edo... Kalitatea azpimarratu nahi izan dute beti Ardo Saltsan antolatzen dabiltzanek, eta, upategi eta delicatessen zerrenda ikusita, ematen du aurten ere bermatuta dagoela kalitate hori. Ardozale eta gutizia zale guztiontzako paradisua da Durango Ardo Saltsan.

Itsasmendi, Mendraka, Do Ferreiro, Contino, Pujanza, Recaredo, Valenciso... ezagunak, baina baita Cerrogallina, Chozas Carrascal, Beryna, The Wine Love, Lagar de Costa, Andre Clouet, Delamotte. Matanegra, Severino Sanz... ere. Besarkada handi bat, Xabier, hagoen tokian hagoela.
 

Publizitatea