ZUZENDARIARI
Debagoienean zabortegirik ez!
Gipuzkoako Diputazioa Debagoieneko mankomunitatearekin negoziatzen ari da Arrasate eta Bergara artean hiri hondakinentzako zabortegi bat zabaltzea. Ingurumen diputatuak azaldu duen bezala, Epele da (Azpeitikoa itxi ostean) Gipuzkoako zabor nahasiarentzako zabortegi berria izateko aukera handien duen lur eremua.
Horrek esan nahi du Gipuzkoan birziklatzen edo konpostatzen ez diren hondakin gehienak Debagoienean isuriko direla inongo tratamendurik eman gabe. Urtean, gutxi gorabehera, 100.000 tona zabor (hondakin nahasi) baino gehiago ekarriko dira gure eskualdera, hemen 5.000 tona errefus eta nahastutako hondakin, soilik, —janari soberakinik gabe— sortzen ditugun bitartean.
Badakigu mota honetako zein arazo sortzen dituzten zabortegiek osasunerako eta ingurumenerako: usain txarrak, arratoi eta hegazti sarraskijaleen ugaritzea, kamioien joan-etorria, metanoa, lurraren okupazio handia, errekak eta akuiferoak kutsatzen dituzten lixibiatuak...
Horrelako zabortegiak ixteko eta berriak ez zabaltzeko konpromisoa hartu zuen Diputazioak, eta, orain, Debagoiena Gipuzkoako zabortegia bihurtu nahi du. Hori onartzen badugu, hurrengoa zer izango da, errauste plantaren errauts toxikoak ere Debagoienera ekartzea? Zubieta inguruan errauste planta nahi ez duten bezala, guk ere ez dugu nahi zabortegi toxikorik gure eskualdean, eta alternatiba egon, badago: Debagoieneko eredua da alternatiba.
Konponbidea ez dago azpiegitura garesti eta kutsagarriak eraikitzean. Gure eskualdean ondo ari gara, izen handiko hainbat erakundek zoriondu gaituzte. Eta Europa osoan erreferente bihurtu gara %78ko gaikako bilketa lortu dugulako. Baina emaitza hori ez dugu lortu debagoiendarrok ingurumenarekiko begirune handiagoa daukagulako, ez. Emaitza hori lortu dugu herri guztietan nahitaezko gaikako bilketa egiten dugulako (edukiontzi bidez herri batzuetan eta kubo indibidualekin besteeetan), eta, gainera, datu horiek hobe daitezkeela uste dugu. Gipuzkoa osoan gure birziklatze maila berdina lortuko balitz, ez genuke erraustegi eta zabortegi kutsagarrien beharrik izango.
Erabaki honekin, ematen du ondo ari denazigortu nahi dutela zabortegi kutsagarria inposatuz, eta hori ez da onargarria. Ez dugu nahi arazoaren parte izan, soluziorako giltza baizik. Alderdi politikoen arteko ika-mikatik aldendu eta benetako konponbide baten alde lan egin nahi dugu.
Debagoiena Gipuzkoako zabortegi bilakatzea nahi ez baduzu eta kudeaketa garbiago eta osasuntsuago baten alde bazaude, etorri hurrengo asteartean Arrasateko Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean 18:00etan egingo dugun agerraldira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.