Albistea entzun

ZUZENDARIARI

Hizkuntzak egin gaitu

Patxi Saez Beloki. -

2016ko urriak 15 - Soziolinguista.

Kataluniako Carme Junyet hizkuntzalariak BERRIA egunkarian esandakoak ni ere hausnarrean jarri nau: «Duela urte batzuk gertatu zen. Ikerlan batean zenbait haurrekin hitz egin genuen. Bat Katalunian jaioa zen, Gambiako bikote baten semea, 7 urtekoa. Katalana garrantzitsua iruditzen ote zitzaion galdetu genion. 'Bai, noski!', erantzun zigun. 'Katalanez hitz egiten badut, ez naiz horren beltza'».

Aipamen horren harira Allartean-ek bere blogera ekarri duen pasadizoa ere oso ederra eta esanguratsua iruditu zait: «Guillen d'Efak abeslaria Mallorcako Guardia Zibil baten eta printzesa ginear baten semea zen, eta, politikoki oso zuzena ez den era batean esanda, beltza zen. Eta 60ko hamarkadako Mallorcan pertsona beltz bat ikustea ez zen batere ohikoa. Jakin-mina sortzen zuen. Diotenez, egun batean D'Efak Palmako taberna batean sartu, barrara gerturatu eta katalanez eskatu zuen. Tabernariak, katalanez horrek ere, zera erantzun zion: «Jauna, hizketan entzun zaitudan arte, beltza zinela uste izan dut». Hau da, mallorkeraz mintzatzen bazara mallorcarra zara, eta, garai hartako tabernari harentzat mallorcarra eta beltza izatea pentsaezina zenez, ez zela beltza izango ondorioztatu zuen».

Bi istorio horiek agerian uzten dute hizkuntzen eta hiztunen arteko elkarrekintza edota elkarreragina: hizkuntzak gure identitate soziala eraikitzen du, «egiten dugunak egiten gaitu».

Alemanian jaio eta alemanez egiten duena, alemanez bizi dena, alemaniarra izango da, nahiz eta ingelesa ere jakin. Ingalaterran jaio eta ingelesez bizi dena ingelesa izango da, nahiz eta beste hizkuntzaren bat ere mintzatzeko gai izan. Frantzian jaio eta frantsesez bizi dena frantziarra izango da beste hizkuntza batean ere mintzo den. Espainian jaio eta gaztelaniaz bizi dena espainola izango da, ingelesez eta frantsesez mintzatzeko gauza izan arren. Zer izango dira, orduan, Bilbon, Iruñean edo Donostian jaio eta gaztelaniaz bizi diren gazteak, nahiz eta euskaraz hitz egiteko gai izan?

Gaur egun euskara jakin eta erabiltzen ez duten hiztun askok, gazte eta hain gazte ez diren askok, euskararen balio funtzionalari uko egiten diote komunikazio egoera guztietan gaztelania erabiliz, baina euskarak duen balio sinbolikoaz (identitatea eraikitzeko balioaz) baliatzen dira; izan ere, euskarak labela ematen baitu, gutartasuna. Horrelaxe diote beraien kolkorako, eta horrelaxe sinestarazten digute: Badakit euskaraz; beraz, euskalduna naiz. Jakite hutsa nahikoa bihurtu da euskaldunaren mozorroa jantzi eta denon aurrean euskaldun azaltzeko.

Hispanitatearen egunean idatzia, 2016ko urriaren 12an.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.