Albistea entzun

ZUZENDARIARI

Danagol-ek funtzionatzen dik

Xabier Eizagirre. -

2014ko irailak 30 - Donostia.

Irudika dezagun iragarki hau telebistan; lagun gizaseme bi aurrez aurre elkarrizketan, eta batak besteari hauxe esaten diola: «¿¡Cómo, que tienes el colesterol a más de doscientos!? ¡Tienes que hacer algo! Tome usted Danagol, porque Danagol funciona». Nire galdera da, zenbat iraungo luke iragarki horrek telebistan? Egun bat baino gehiago ez, noski. Nola nahastuko dira, bada, erdaraz eta usted! Kia! Esatea ere!

Euskaldunok, berriz, ez behin bakarrik, egunak eta hilabeteak daramatzagu aspertzeko adina entzuten beste jardun trakets hau: «Zer diok, kolesterola berrehundik gora duala!? Zerbait egin beharra daukak! […] Har ezak Danagol. Danagol-ek funtzionatzen du». To! Hika eta zuka nahasian. Hori, izateaz, nahaste-borrastika genuke, ez hika.

Jardun horren protagonista zein izango eta, Iñaki Perurena entzutetsua. Eta, okerrena, ikusi izan dugula Perurena aita Xabier Euzkitzerekin Bisitaria saioan txukun asko hika hitz egiten. Alegia, bera ere majo konturatuko zela hikatik zukara egin zuela salto elkarrizketan. Baina, lan handia eta garestia, nonbait Danagol-en arduradunentzat berriro ondo grabatzea. Euskara izanda, ordea, aurrera nahaste-borrastikarekin! Zuhaitz eroriari, orok egur.

Sartu digute gola, oraingoan ere, hanka erdi-erditik sartu ere: dana GOL. Jokoz kanpo sartu, gainera. Geroztik, euskaldunok kondenatuak gaude, egunero-egunero, behin eta berriz sasi-gol hori ikus-entzutera.

Danagol-ek funtzionatuko dik. Ez, ordea, euskaraz eta euskaldunontzat, adiskidia.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...