ZUZENDARIARI

Jaurlaritzari: erditzeak karrera bat zaputz dezakeenean

Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi. -

2015eko urriak 17
Ostaizka eta Antton gara: bikotea, biok biologoak, ikertzaileak eta zientzialariak. 2004-2005 urteen bueltan hasi genituen gure ikasketak EHUn. Biologia ikasi ostean, urtebeteko master bana eta lau urteko doktore-tesi bana egin dugu. Horrez gain, lau urte pasako karrera zientifikoan hamarna artikulutik gora publikatu ditugu, nazioarteko dozena-erdi kongresutan aurkeztu ditugu gure lanak, eta hainbat hilabeteko egonaldiak egin ditugu Erresuma Batuko eta Danimarkako ikerketa-zentro zenbaitetan. Sariak ere eman dizkigute; tesiagatik, artikulu dibulgatiboengatik eta kongresuetako aurkezpenengatik. Orain doktoretza osteko (postdoc) hiru urteko proiektu banarekin Danimarkara joateko tenorean gaude, Europako ikerketa-zentrorik aurreratuenetariko batean gure karrerarekin jarraitzeko. Horretarako, Jaurlaritzaren postdoc bekaren eskaera bana egin genuen irailean. Biok antzeko curriculuma izan arren, Anttonek beka jasotzeko probabilitate handia dauka, baina gerta liteke Ostaizkak aukerarik ez izatea. Arrazoia? Antton gizona da, eta Ostaizka emakumea, eta urte hasieran ume bat izatea okurritu zitzaigun. Postdoc beka lortzeko Eusko Jaurlaritzak jarritako egun eta orduan elkarrizketa bat egin behar da, eta elkarrizketaren hitzordura agertzen ez denarentzat, akabo beka jasotzeko aukera. Gerta daiteke jaiotza eta elkarrizketa-eguna garaitsu berean gertatzea. Idatzi dugu Jaurlaritzara, eta zera esan digute: zorte txarra, baina ezin da ezer egin! Elkarrizketaren hitzordua, presentziala, finkoa, bakarra eta aldaezina da.

Erantzun horrek gaur egun emakumeek zientziaren munduan duten pisua ulertzeko pista bat eman digu. Egun emakume gehiagok hasten du natur edo bizi-zientzietako unibertsitate-karrera bat, pare-parean daude gizon eta emakumeen kopuruak doktore-tesiak egiten dituztenen artean, baina gizonezkoen aldeko ratioa ikaragarri handitzen da doktoretza egin osteko karrera zientifiko bateko postuetan. Arrazoia ez da gizonek emakumeek baino zientzia egiteko gaitasun handiagoa dutela; arrazoia era honetako hesi, oztopo eta trabetan dago.

Postdoc beka eskatzeko garaian (28 eta 35 urte bitartean) emakume asko haurdun gelditzen dira, eta hori ezin da oztopo bat izan karrera zientifikoarekin jarraitu nahi duten ikertzaileentzat. Bestalde, ziur gaude «ezin da ezer egin» erantzuna, borondate-kontua dela; eta zinez uste dugu benetako parekidetasuna lortu nahi badugu, borondatea dela garrantzitsuena. Beraz, emakumeengatik, zientziagatik eta gizarte parekide batengatik, egin dezagun jauzia Agur Jaunak eta Andreak kantatzetik benetako politika parekidea egitera. Guztiok eskertuko dugu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna