ZUZENDARIARI

Baserritarren ondoeza

Jokin Arrospide Mahala. -

2016ko abenduak 20
Negua lasai xamar igarotzeko asmotan, baserritarra hasita dago laneko erritmoa azkartzen: lurra mugitu, itxiturei azken ukituak eman abereek euren bazka bila dezaten, basoei gainbegiratua egin neguko eguraldi traketsak egindako okerrak zuzenduz, landare gazteak bideratu, bideetako iturriak ireki, lurra gozatu urte garaiaren arabera landatu edo erein behar den landarearentzat... Ondoren etorriko den udaberriak, gainera, lan erritmoak berdindu egingo ditu baserri guztietan.

Azken urteotan errazagoa zaigu lan egitea. Teknologia dugu, lurren partzelazioa egin da leku askotan (sailak eta), ganaduaren biltegiak ere egokitu egin dira eta soroetako janari etekinak hobeto kudeatzen dira tenperatura kontrolatuago eta beste zenbait teknikaren bidez.

Hegoaldean alpapa, garia, patata, zenbait fruta arbola eta horrelakoak dituzte soberan, eta, aldiz, norte alde honetan soberan dugu basoetako egurra, etxeak eta bestelakoak eraikitzeko erabiltzen hasita gaudenak. Pentsa, bizikleta batzuk ere egurrezkok egiten dira!

Elikatzeko barazkiak, esnea, haragiak eta beste hainbat kontu sortzen dira. Ardi kontuetan latxak, mutur gorriak, beltzak, txuriak... Aralar, Urbasa, Urepeleko mendiak dituzte eurentzat, zaldi eta haragi abereekin batera. Eremu horietan beste zenbait animalia basati, oraingoz jasangarriak dira. Gure Euskal Herri honetan elikadura beharrak eta soberakoak berez bideratzen ditugu, araututa dago, denok dugu argi bata bestearentzakoak garela.

Haziak ere berreskuratu ditugu, ekoizpen txikiagoak baina seguruagoak lortzen ditugu. Euskal behiak ere baditugu, esne dezente, haragiak urdai tartekatuarekin, kolorez gorri-txuriak izaten direnak.

Azken finean, baserri asko dago jardunean eta, itxura batean, kaleko jendeak gogoko duen lan polita da. Baserrigintza osasuntsua da, aspertzeko astirik ez daukana, etengabeko dedikazioa eskatzen duena, ondo ordaindua eta, gainera, norberak sortutako janariaren plazera ematen duenetakoa. Baserritarrok, elkar hartuta zabaltzen ditugu dendak eta abarrak, beharren arabera. Pausoa eta ibilera ez dugu kaletarren berdina, baina ondo moldatzen gara hauekin ere.

Ai, ai, ai, ai, ai.

Badakit amets baten erdian bizi naizela eta diodana ez dela egia borobila. Hala ere, barkatzen badidazue, nahiago dut amets horretan bizitzen jarraitu, bertatik irten gabe. Izan ere gauzak ez dira zeharo nik kontatu bezala. Multinazionalek gure egunerokotasuna hartuta dute, askotan geure politikarien kidetzarekin. Eta hauek ia beti nekazari eta baserritarrentzako parafernalietan harrapatuta dabiltza.

Egia beste bat da. Baserritarrak gutxi geratzen gara eta, gainera, geure erabakiak ez dira izaten geureak: beste batzuek hartzen dituzte geuretzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna