Gizon homosexualen odola emateko debekua kentzen hasiko da Frantzia

Baldintza bat jarriko diete emaile izan nahi dutenei: urte batez sexu harremanik eduki ez izana
Gizonezko bat odola ematen, Baionan, ekainean.
Gizonezko bat odola ematen, Baionan, ekainean. BOB EDME

Jon Rejado -

2015eko azaroak 5
«Etapaz etapa». Frantziako Gobernuak horrela amaituko du gizon homosexualek odola emateko zuten debekuaren araudia. Marisol Touraine Frantziako Osasun ministroak hala jakinarazi du Le Monde-n egindako iragarpen batean. Lehen etapa datorren urteko udaberrian hasiko da. Hortik aurrera, urte batez sexu harremanik izan ez duten gizonezko homosexualek eman ahal izango dute odola; halaber, plasma eman ahalko dute lau hilabetez «bikotekide egonkorra» izan dutenek eta sexu erlaziorik izan ez dutenek.

François Hollandek 2012ko hauteskunde kanpainan iragarri zuen araudi aldaketa, eta aurtengo maiatzean heldu zion Tourainek gaiari. Hiesaren aurka lan egiten duten elkarteekin bildu ondoren jakinarazi zuen Osasun ministroak erabakia. Are gehiago, erabaki hori beste batzuen atarikoa dela iragarri zuen. Hain zuzen ere, lehen odol eta plasma emateekin ikerketa lerro bat abiaraziko dute, «arriskuak» aztertzeko; arriskurik ez dagoela egiaztatuz gero, «arau orokorretara gerturatuz» joango dira gizonezko homosexualek bete beharreko baldintzak.

Odola eman aurretik bete beharreko galdetegietan gertatuko da aldaketa nagusia, legez zehaztutakoa. 1983. urtetik, sexu hautuari buruz galdetzen zaie emaile izan nahi dutenei, eta, hiesaz kutsatzeko «prebentzio neurri» gisa, «homosexual eta bisexualei» odola ematea ukatu zieten. 2002. urtean araudia aldatu zuten, eta sexu hautuari buruzko galdera zehatzagoa egin zuten; «gizonekin sexu harremanak dituzten gizonetara» mugatu zuten debekua. Alegia, lesbianak kanpoan geratu ziren. Aldaketa berriarekin, galdera hori bera aldatuko dute. Sexu hautuari buruz galdetu beharrean, «arrisku jokabideez» galdetuko diete emaileei, beste hainbat lekutan gertatzen den moduan; Hego Euskal Herrian, kasurako.

LGTBI komunitatearen eskubideen alde lan egiten dutenek askotariko erantzunak eman dizkiote Tourainek iragarritako aldaketari. Les Bascos elkarteak «pauso sinbolikotzat» jo du, baina zehaztutako baldintzek «eboluzionatu» beharko dutela gaineratu du.

SOS Homophobie elkarteak, «bazterketa sistematikoaren» amaiera dela txalotu arren, salatu du sexu hautuaren araberako diskriminazio «sendoari» eusten zaiola. Elkarte horrek eta Frantziako LGTB federazioak eskatu dute odola emateko irizpideak parekatzeko, helburua diskriminazioa desagerraraztea bada; hau da, denentzako baldintza gisa jartzea lau hilabetez odolik ez ematea arrisku jokabiderik izan bada.

Jean-Luc Romero hiesaren aurkako tokiko hautetsien elkarteko presidenteak ere aurrekoen ideia berretsi zuen: «Irrikaz espero dut gizon homosexualek odola emateko duten debekuaren amaiera, baina ez nator bat jarri dituzten baldintzekin».

Estrasburgok, iritzirik ez

Estrasburgora ere iritsi da auzia, Europako Giza Eskubideen Auzitegira, baina auzitegiak ez zuen gaiari buruzko erabakirik hartu. 2015eko apirilean argitaratutako idatzi batean, ordea, halako debekuak ezartzeko baldintza bat jarri zuen: «datu mediko, zientifiko eta epidemiologikoek» egiaztatu behar zuten «sexu jarrerak» gaixotasun larriekin infektatzeko arriskua handitzen duela. Halere, tokiko auzitegien esku utzi zuen justifikazio horri buruz ezer ebaztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna