Publizitatea

Sanferminak 2017

Gona azpiko dokumentuak

GONA AZPIKO DOKUMENTUAK

Saltsa, piperra eta bizipoza

Erregina amerikarra da erraldoirik mugituena. Azken urteotan boladan jarri dira haren dantza arin eta eroak. Txistulariekin joaten den bakarra da, azkena, eta askotan galdu izan da.

2017-07-15 / Iker Tubia

Biraka, bueltaka, bizi-bizi. Horrela ibiltzen da erregina amerikarra Iruñeko kaleetan barrena. Hura da azkena, kalejira ixten duena, eta azken urteotan jendearen arreta gehien erakartzen duena. Lehenbiziko egunetik azkenera arte beste inork ez bezala egiten du jauzi eta itzuli. Hura eta haren bikotekidea dira konpartsako altuenak, 3,85 metro garai baitira, baina, hala ere, erregina amerikarra da erraldoirik arinenetako bat, 56,6 kilo baizik ez duelako pisatzen. Erregina europarrak baino 200 gramo gehiago ditu.

Braulia. Hala deitzen diote erregina beltzari. Izena, gainera, ez zion Ignacio Baleztenak paratu, beste askori bezala. Izena gehien maite dutenek paratu zioten: txistulariek. Hala esaten zioten beti: «Han da Braulia!». Eta betiko geratu zaio. Berezitasunik nabarmenena musikariena da. Erraldoi guziak gaita doinuekin dantzatzen dira, azkenengoa izan ezik. Txistulariek ixten dute kalejira. Hala, erregina amerikarrak hiru adiskide baino gehiago ditu atzean, txistulari banda baitu harentzat bakarrik. Musika tresna horrek aukera ematen dio erreginari arinago dantzatzeko.

Masaiek erritu dantzetan egiten duten bezala, jauzi izugarriak egiten ditu Brauliak Iruñeko kaleetan. Jauzika ematen ditu itzuliak ere, gona inork ez bezala altxatuz, barnean dagoen dantzaria ikusteraino. Gona ez ezik, belarritakoak ere dilindan ibiltzen dira dantzaren indarraren ondorioz. Ez du jantzi ikusgarririk, eta ez du bestelako elementurik. Bere garaian lumekin egindako abaniko bat zeraman eskuan, baina aspaldi ez du berarekin eraman. Ez du gehiagorik behar, hala ere. Bere dantza ikusgarriarekin aski izaten du ingurukoak txunditurik uzteko.

Curia karrikan gora itzulika eta dantzan igo ohi da uztailaren 6an, txistulariek Ikusi mendizaleak jotzen duten bitartean. Sanferminetako unetxo bihurtu da hori, dagoeneko, eta, txistuen doinua ez ezik, ingurukoen ahotsak ere lagun ditu dantzan ibiltzeko. «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak». Inguruan aho batez kantatzen dute, baina, gora edo behera egiterakoan, erritmoa galdu egiten da, eta taldeka kantatu ohi dute herritarrek, doinu sonatua kanon txar bat bihurtuz.

Gaur egun, Braulia faltako balitz, berehalaxe konturatuko lirateke iruindar guziak. Garai batean, baina, ohikoa zen konpartsako kideek galdera hau egitea: «Non da Braulia?». Izan ere, hura da kalejirako azkena, urrats lasaiagoa darama, eta, beraz, askotan atzean geratu ohi da. Frankotan galdu egiten zen. Hainbat kale atzerago geratu ohi zela jasorik dago hainbat dokumentutan. Hamaiketakoaren ondotik, denek aurrera egin, eta, bat-batean, atzera begiratzerakoan konturatzen ziren erraldoi bat falta zutela. Baina geroago agertu egiten zen. «Lehen ez zen orain bezala. Gaur egun eskandalua litzateke erraldoi bat faltatzea, baina lehen ez zen hain grabea», azaldu du Mari Ganuza erraldoi konpartsako zuzendariak.

Gaur egun asko nabarmendu arren, garai batean beltzak anaia txikiak bezala ziren, azkenengoak joaten zirelako. Are, Braulia behin baino gehiagotan galdu izanak ere agerian uzten du hori. Gaur egun, ez da galtzen, baina ez dira haren zain egoten aurrera egiteko, bestela kalejira sobera luzatuko litzatekeelako. Hala, errege amerikarra ailegatzen delarik ateratzen da lehenbizikoa.

Txuntxunero nekaezina

Erraldoi beltzak aski ongi ezagutzen zituen ijito bat bazen Iruñean. Atorra zuri eta txaleko beltzarekin jantzita ateratzen zen kalera, txapela buruan. Txistua maisuki jotzen zuen, eta partxe bat zeraman danbolinean. Francisco Javier Etxeberria zuen izena, Txuntxunero ezizenez ezaguna. Erraldoien doinuak jo zituen 1830eko urteetan hasi eta 1908. urtera arte. Ez omen zen inoiz ere faltatu. 1910ean omenaldia egin zion Iruñeko Udalak. Txistua eskuan joan zen, oinez, Linzoaindik Iruñera. 99 urte zituen, eta azkenengoz jo zuen erraldoiekin.

1911ko uztailaren 6an, Gazteluko plazan botatako txupinazoa lehertu zenean, Txuntxunero ospitaleko ohatzean zegoen etzanda. 100 urte zituen, eta, hala ere, sanferminak gogoan zituen egun horretan. Batik bat, bere erraldoi maiteak: errege-erregina beltzak. Egunek aurrera egin ahala, haren osasunak okerrera egin zuen, harik eta, sanferminekin batera, hura ere itzali zen arte. Uztailaren 11 zen —orduan gutxiago irauten zuten bestek—, eta ezin izan zituen erraldoiak txistuarekin agurtu. Aitzitik, atzo Udaletxe plazara bildu zirenek bai, Polonesa doinuaren dantza zirimolak txaloekin lagunduz.

Publizitatea