Publizitatea

Sanferminak 2017

Bazen behin...

BAZEN BEHIN...

Ez dut atera nahi, baina...

 
«Zer demontre. Itzulerako billeterik gabe Roncalesa hartu eta Kontxako barandan lotu dugu zapia».
«Zer demontre. Itzulerako billeterik gabe Roncalesa hartu eta Kontxako barandan lotu dugu zapia». AURELA SENAR

2017-07-15 / Joxerra Senar Elso

Ezin dut gehiago. Lur jota nago. Zentzu bikoitzean. Apartak izan dira festak, eta, gorputzari azken zukua atera ostean, ez naiz gauza altxatzeko ere. Konpartsari agur esan ostean, etxean mokadu azkar bat jan eta azkar batean lokartu naiz. Siesta amaigabea bota dut, biharko egunik ez balego bezala. Espazio eta denborarik gabeko eremu galdu batean egin dut hegan, grabitaterik gabe... eta inguratu nauen belzturak pena handi baten forma hartu du. Zortzi egunetan intentsitatez bizitako ordu amaigabeen bilduma konprimitua dut bihotzean. Sanfermin... mina. Bai, badakit munduan badirela hamaika tragedia, baina, ai, huskeria guztien artean hau tragikoena da!

Zehatz-mehatz esateko, oraindik ez da bukatu. Oraindik orain azken minutuak geratzen dira, baina aspaldian esan nion neure buruari ez dudala Gaixoa ni deritzon pantomima horretan parte hartuko. Jaiek egin beharrekoak egin dituzte niretzat. Akabo.

(Din-don, guasapa).

—Ze, aterako al haiz? -Xabik ezagutzen nau, baina ahalegindu nahi du.

—Badakik erantzuna. Poltsikoak hutsik, seko natxiok.

—Bai, baina egin azken ahalegina. Osteratxoa egingo diagu, eta berehala etxera. Nire kontu dena.

Ezetz esaten ez dakiten horietakoa naiz, eta ongitxo baliatu du hori Xabik. Erdi marmarka atera naiz etxetik, eta foruen monumentuan elkartu gara. Gazteluko plazan emakume errumaniar bat belatxoak saldu eta saldu dabil. Ez diot nik amu horri kosk egingo. Arrosa kolore susmagarriko kamiseta daramaten atzerritar despistatu batzuk zahatoa eskuetan Udaletxe plazarantz doaz, eta ardoa jaurtitzearekin imintzio egin dute. Nire begirada hiltzaileak gerarazi ditu. Hauek uste dute uztailaren 6a dela. Nahiagoko nuke nik hala izatea.

San Nikolasetik burrunba ero bat dator oihalak astintzen. Irrintzikoak dira, eta apurka gainerako peñak Gazteluko plazan elkartu dira festei omenaldi berezia egitera. Doinuak entzutearekin batera, hankak biziberritu dira, eta gorputza aktibatu da. Pikutara gaixoa ni! Jauzi bakoitzak uxatu ditu gure neke, neurosi eta malkoak, eta gainetik astindu du nostalgia madarikatua. Elkarri begiratu diogu, eta Xabiren keinuak dena esan dit.

Zer demontre! Ez gara orain etxera joango, ezta?

Jarautan amaitu dugu. Gure harridurarako, taberna batzuk irekita daude. Baina zer da hau? Mundu berri bat ireki zaigu. Kaña pare bat eskatu, eta alboan 65 urteko gizon bat gerturatu zaigu.

—Ze, apuntatzen al haiz gurekin parrandan?

—Piiii, piiii, piiiiii.

Txilibitu moduko bat du ahoan.

—Baina hi nondik atera haiz?

—Piiii, piii, piiii.

Txiribitoni ardo gorri nafarra atera diogu, eta taberna erdian Hugo Sanchezen pareko itzulipurdiak egin dizkigu. Oso surrealista dena. Oso sanferminak.

Artaldea handitu dugu ardi australiar batekin topo egitean.

-Hi poeta al haiz?

-What?

-Ba, igo brageta.

-Piiiiiiiiiii.

Hizkuntza eskolako B2 atera berri, klasean ez dut deus hitz egiten, baina garagardo pare batekin William Shakespeare sentitzen naiz. Cairns ingurukoa dela esan dit Davidek. Matraka ederra jo diot jaiez. Besarkatuta anaiartea osatu dugu, Txiribitonek itzulipurdiak eman bitartean.

Bostak aldera, Katun ez dute Udaltzaingoarekin arazorik nahi, eta ateak itxi dituzte kanpotik. Barruan, 30eko Chicagoko klub klandestino baten gisa jarraitu dugu itzalpean parrandan. Erlojuari erreparatu gabe. Han gaude sanferminetako ardi galdu guztien artaldea, harik eta Katukoek dianak jo arte. Ā«Bukatu da, bukatu da, bukatu da AKABOĀ».

Begi niniak egunsentiko argira ohitu ahala, San Lorenzorantz jo dugu sigi-saga, errendizioaren bandera ateratzeko gertu. Lepotik zapia erantzi, eta eliza kanpoaldeko barra artean diren zapi guztien artean gurea lotu nahi...

—Baina zuek zertan ari zarete ordu hauetan hor? Alproja alenak, utikan! Zoazte etxera!

Umore txarrez, San Lorenzoko apezak ez du gustuko mundu guztiak elizako kanpoaldean zapia jartzeko ohitura. Arrapaladan atera gara. Arnasestuka, Txiribiton galdu dugu bidean. Patuaren mezua: etxeratzeko ordua.

—And when does the running of the bulls begin?

No, no, there's not running...

—Isildu hadi. Eta billabesaren entzierroa, zer?

Egia! Kale bazterrak hutsik daude, baina San Domingon gure pareko zoro kuadrilla elkartu da. Davidek gauean kontatu didanez, egunotan ez du ausardiarik izan zezenen aurrean korrika egiteko (gaitz erdi!), eta antza oraingoan, zutik egoteko ez den honetan, zentzugabe jokatzeko prest da. Zein izan den bere harridura Miura edo Jandillaren ordez Indurainen Ezpata ikusi duenean.

Amaieran, Xabiri heldu diot.

—Ezin dut gehiago.

Orain bai, etxera. Haatik, kale kantoi batean hogei euroko billetea topatu ez du, bada, Xabik.

—Eta Donostiara joango bagina?

Zer arraio. Itzulerako billeterik gabe Roncalesa hartu eta Kontxako barandan lotu dugu zapia. Apenas dagoen inor. Arropak erantzi, eta itsasoak hartu gaitu. Neke eta ajeak eraman ditu berekin. Uretan etzanda eta begiak itxita: bai, hauek izan dira inoizko sanferminik onenak.

Publizitatea