berria Udako Serieak

Malda igo eta igo

Miren Garate

Generoa

Ez da berria amatasuna oztopo dela emakumearen ibilbide profesionalarentzat; ez da berria emakumeak nagusi diren sektoreak prekarizatuta daudela; berria ez den bezala emakume gutxi iristen direla ardura postuetara. Baina urtero zaharrak berri. Identifikatuta daude korapiloak, batzuk bederen bai, baina ezin askatzea lortu.

Hasi, lehen pagatik; jarraitu lan mundura iristean, eta azken pentsiora arte. Datu oldea eman daiteke emakumeen eta gizonen diru sarreren arteko arrakalen sakontasuna deskribatzeko. Hauek batzuk: Erresuma Batuan, iaz, aztertu zuten zenbat diru ematen zieten 5 urtetik 16 urtera arteko 2.000 haurri. Ondorioa: neskatoek %20 gutxiago izaten zutela eltzetxorako. Soldatetan beste bezainbeste: Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian 7.666 euroren aldea dago batzuek eta besteek urtean irabazten dutenaren artean. Eta erretiro hartutakoan, berriro faktura. Emakume pentsiodunek %43 gutxiagoko saria dute Hego Euskal Herrian.

Datuak bezalaxe, datu horien eragileak ere, oldean. Eta diagnositik gaitza sendatzera iritsi denik oraindik ez. Genero arrakalari buruz hitz egitean, lau esparru aztertzen dira oro har: hezkuntza, osasuna, parte hartze eta aukera ekonomiak eta parte hartze politikoa.

Lehen bi arloetan badaude parekidetasuna lortu duten edo asko gerturatu diren herrialdeak. Gainerako bietan, ez. Enplegu tasan, oraindik, atzetik; eta enplegua dutenak, baldintza okerragoetan.

OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak desberdintasunen sei iturburu identifikatu zituen Soldata berdintasuna txostenean, elkar elikatzen duten sei arrazoi.

Genero desberdintasunak lan ibilbidean

OITk dio, emakumeak maiz lan merkatutik erretiratzea erabakitzen dutela, zaintza lanak egiteko. Iraganaren eta estereotipoen zama erakusten du egoerak, lan produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko talka. «Kapitalismo heteropatriarkalak mundu dikotomikoa aurkeztu du, bi esfera sexudun, elkarren artean harreman hierarkikoa dutenak», dio Zaloa Perez Hernandorenak. Reas Euskadiko proiektuen teknikari eta ikerketa, prestakuntza eta sentsibilizazio saileko arduraduna da. Esfera produktiboa maskulinizatuta dagoela azaldu du: «Aberastasuna sortzen du, aitortza soziala dauka eta autonomia pertsonala eskaintzen du». Halako ezaugarririk ez du lan erreproduktiboak, ikusezina da sozialki, bigarren mailakotzat hartua. «Eta egoera hori baliagarria da irabaziak maximizatzean oinarritzen den sistemarentzat, kostu eta prozesu asko esfera pribatura eramateko aukera eskaintzen duelako. Eskema harmonikotzat aurkezten duten hori, ordea, tentsioz beteta dago».

Bizitzaren zaintzaren erantzukizunak etxetik atera behar luke, erantzukizun kolektiboa izan

Zaloa Perez Hernandorena

REAS Euskadiko proiektuen teknikaria

Esan izan da krisiek aurrekoarekin hausteko balio izaten dutela; datuek, ordea, ez dute aurrerapauso handirik erakusten emakumeen egoerarekiko. «Kapitalismoarentzat bazka da genero desberdintasuna, ahalik eta kosturik txikienarekin ahalik eta txikienarekin ahalik eta irabazirik handiena lortzea da helburua. Birsortzen ari den honetan, estrategia da arrakalan gehiago sakontzea, etekin gehiago lortzeko». Politikarien ahotan egoera hobetzen ari den erakusletzat hartzen den hazkundea ez da desiragarria, Reasen irudiko. «Beste eredu sozioekonomiko batera aldatu behar dugu, erdigunean jarrita pertsonok elkarren mendekoak garela eta ekomendekoak garela, hau da, zaindu gaitzaten behar dugula eta ingurumenaren beharra dugula».

Sinplea dirudi: zainduak izateko premia hori kontuan hartuta, batu ditzagun lan produktiboak eta erreproduktiboak, eta banatu. «Erraza ematen du, baina izugarri konplexua da. Alde batetik, esfera merkantilean eta metaketaren logika horretan esku hartzea eskatzen duelako, eta, era berean, icebergaren parte ikusezinean ere bai, esfera erreproduktiboan, alegia. Eta hori oso zaila da, eskatzen duelako biztanleriaren zati batek erabat naturaltzat jotzen diren pribilegioei uko egitea, eta bizitzaren sostenguaren erantzukide bihurtzea».

Lanaldi partzialak

Aurrekoari estu -estu lotutako faktorea da. Enplegu partziala dutenen hamarretik zortzi emakumeak dira. Lanaldi osoko kontraturik aurkitzen ez dutelako batzuetan, propio besteetan, zaintza lanez arduratzeko. Murrizketak eta eszedentziak hartzen dituzten ia guztiak ere, emakumeak. Zalantza ere eragin izan du neurri horiek diruz lagunduta arrakalak are gehiago ez ote diren zabaltzen, propio emakumeentzat prestatutakoak ez izan arren, haiek baliatzen dituztelako. «Bizitzaren zaintzaren logika eta etekinak maximizatzearen logika kontziliaezinak dira. Neurri horiek beharrezkoak dira, bai, baina ez dakarte aurrera pausorik gizarte erantzukidea lortzeko bidean, zaintzak zerbait femeninoa diren ideian sakontzen dutelako», azaldu du Perez Hernandorenak. Aitzitik, amatasun eta aitatasun baimenak parekatzea lagungarri izan daitekeelakoan dago, lan merkatuak emakumeak ez zigortzea eragingo lukeelako. «Nolanahi ere, bizitzaren zaintzaren erantzukizunak etxetik atera behar luke, erantzukizun kolektiboa izan. Horrek behar luke izan sistema sozioekonomikoaren zentzua».

Hezkuntza eta prestakuntza arloko desberdintasunak

Arazoa ez da maila. Gaindegiak erreferentziazko lurraldeekin alderatu ditu Euskal Herriko datuak, eta ondorioetako bat izan da hemen dagoela goi titulaziodun emakumeen proportziorik handiena (30-34 urte), nahiz eta ikasketa maila apaleko emakumeen proportzioa ere handiagoa izan. Ikerketa horretan bertan, sexuen araberako banaketa oso agerikoa dela ikusten da: lautik hiru emakumeak dira osasun zientzietan; aldiz, ingeniaritzetan eta arkitekturan, hirutik bakarra. Badaki zerbait horri buruz Marta Macho-Stadler matematikari eta Mujeres Con Ciencia blogaren editoreak: «Pentsa daiteke erabaki propio bat izaten dela ikasketen hautua, baina inork ez du erabakitzen erabateko askatasunez. Familiaren eta gizartearen presioa egundokoa da. Neska asko ez dira matrikulatzen ingeniaritza, fisika, informatika eta halakoetan, sistematikoki desanimatzen direlako. Eskolak berak ere asko bideratzen ditu ikasleak etorkizunean egin beharreko ikasketetara».

Erreferenterik gabe, ezinezkoa da [zientziaren] mundu horrek zurekin zerikusia duela sinestea

Marta Macho-Stadler

Matematikaria

Ikasgela batzuetan emakumerik ez egoteko beste arrazoi bat zein den argi du: emakume erreferente falta. Einstein, Freud, Newton, abizen ezagunak dira. Curie ere akaso bai, baina Noether, Bell, Lovelace? Hain zuzen, andre zientzialariak ezagutarazteko sortu zuen EHUren Kultura Zientifikoko Katedrak Macho-Stadlerrek editatzen duen Mujeres Con Ciencia bloga: «Erreferenterik gabe, ezinezkoa da mundu horrek zurekin zerikusia duela sinestea. Nork nahi du gradu tekniko bat egin uste badu lorpen eta asmakuntza garrantzitsu guztiak gizonek egindakoak direla?».

Laneko segregazioa

Ikasketetan segregazioa, eta bidenabar, lan merkatuan ere bai. Eta emakumeentzat jo ohi diren lanpostuetan soldatak kaskarragoak. Segregazio horizontala deritzo horri OITk; segregazio bertikala, berriz, soldata mailarik handieneko lanpostuetan emakumeek duten parte hartze eskasari, kristalezko sabaia esan izan zaionari. Kuotak ezarri izan dira andreei lanpostu jakin batzuetarako sarbidea errazteko. «Eta urrunago ere joan behar da», esan du Macho-Stadlerrek, zientzialarien adibidearekin jarraituz. «Ez da posible zientzia kongresu bat antolatzea eta emakumerik ez gonbidatzea, eta ez da onargarria maila duen emakumerik ez dagoela esatea. Jendeak gonbidatzen ditu ezagunak, eta ezagunak gizonezkoak dira. Bada, egin beharko da bilatzeko esfortzua, bestela estereotipoak ez dira desagertuko».

Egon badaude emakumeak ikerkuntzan, baina haien proportzioa nabarmen murrizten da karrera zientifikoan gora egin ahala. Esate baterako, amatasunagatik. «Zientzian, guztia oso azkar gertatzen da: azkar argitaratu behar dira gauzak, beste talde batek ez hartzeko aurrea. Ama izateko erabakia, askotan, doktoretza tesiaren amaierarekin bat etortzen da, eta, geratzen bazara, gairen bat gal dezakezu eta berriz ekiteko zailtasunak izan».

Lehiakortasuna da lanbidearen ezaugarri garrantzitsuetako bat: «Eta emakumeok desabantailan gaude argi eta garbi». Joko-arauak gizonen neurrira egindakoak direla salatu du: «Oso zaila da gizonekin lehiatzea zuri dagokizun postua aldarrikatzeko. Ahotsa altxatzea bezalako jarrerak ohikoak dira, eta eragin dezakete emakumearen ahotsa ez entzutea, eta, ondorioz, ikertzaile nagusiak pentsatzea pertsona hori ez dela oso parte hartzailea. Frogatuta dago emakumeak askoz zorrotzago epaitzen direla kontratatzerakoan nahiz mailaz igotzerakoan. Eta askotan, inkontzienteki egiten da hori; hori da txarrena». Adibidez, aipatu du lan bat defendatu behar denean, oso ohikoa izaten dela ikertzaile nagusiak ikasle gizonezkoa aukeratzea: «Estereotipoek indar handia dute, eta sorgin gurpilak martxan segitzen du: erabaki guneetan ez dago emakumerik, ondorioz ez dago erreferenterik...».

Enpresen tamaina eta sindikalizazioa

Segregazio horiek direla medio, zerbitzuetan pilatu dira emakumerik gehienak. Arlo publikoko erakundeak salbu, txikiak izan ohi dira sektore horretako lantegirik gehienak, afiliazio datuak industrian baino apalxeagoak, eta sindikatuek ere, indar gutxiago. Era berean, emakumeen borrokak ere ez du besteen adinako oihartzun mediatikorik izaten. Euskal Herrian egindako lanuzterik luzeena zein izan den galdetuta, Caballitokoa aipatuko lukete askok, Ariznabarra zahar etxeko langileak, ia guztiak emakumeak, ia hiru urtean egon ziren protestan, hamar hilabete gehiago.

Soldata diskriminazioa

OITk aipatzen duen beste arrazoietako bat chef eta sukaldarien arteko soldata ezberdintasuna da, teknikari eta operadoreena. Azaltzen du lanpostu jakin batzuei izen ezberdina ematen zaiela zeregin berberak izan arren, eta emakumeek gutxiago kobratzen dutela. Nolanahi ere, bat baino gehiago dira soldatetako aldeen eragileak. Legez kanpokoa da generoagatik diskriminatzea, eta Lan Ikuskaritzaren zeregina arauak betetzen diren begiratzea eta betearaztea. Iaz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen zen egiaztatzeko, 355 esku hartze izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zortzi arau-hauste hauteman zituzten ikuskatzaileek, eta beste 115 kasutan errekerimenduak egin zituzten (konpontzeko epe bat eman).

Izugarri garrantzitsua da negoziazio kolektiboaren bidez berdintasun planak sartzea

Marta Macho-Stadler

Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendaria

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Segurantzako zuzendaria da Elena Perez Barredo: «Arrakalak oso sotilak izaten dira askotan. Gaur egun, oso zaila da lan bera egin arren soldata ezberdina duten bi pertsona aurkitzea;aurkitzen dira, noski, baina gutxi. Eta zeharkako diskriminazio horiek detektatzea oso konplikatua da». Aparteko ordainetatik datoz asko aldeak. «Adibidez, nik baloratzen baditut indarra erabiltzea eskatzen duten lanak edo gauez lana egitea, jakinda zeregin horiek batez ere gizonek egiten dituztela, emakumea okerrago tratatzen ari naiz zeharka». Nola baloratzen da zerk merezi duen plus hori, nork baloratzen du. Adibide bat jarri du: «Aurreko batean, jardunaldi batean, aditu batek kontatu zuen geltokian beti emakumeak ikusten zituela trapuarekin eta xaboiarekin; gizonak, berriz, makina batekin ibiltzen ziren geltoki berean. Bada, seguru makina hori erabiltzeak baduela plus bat tente egon behar izateak ez duena».

Horregatik, ikuskatzaileen lana garrantzitsua izanik ere, aurrerapausoak isunetatik ez, negoziazio kolektibotik etorriko direla uste du. 250 langiletik gorako enpresek derrigorrez egin behar dituzte berdintasun planak, eta ikuskatzaileek gainbegiratzen dituzte; txikiagoentzat, borondatezkoa da. «Izugarri garrantzitsua da negoziazio kolektiboaren bidez berdintasun planak sartzea gainerako lantegietan ere. Emakumerik gabeko enpresak daude, eta gizonik gabekoak, eta pentsatu behar da hori zergatik gertatzen den; zergatik ez dituzten ikasketa jakin batzuk egiten emakumeek; eta kuotei buruz ez gara ados jartzen, baina ez da beste aukerarik egon, gezurra da balio dutenak iristen direla, balio duten asko ez baitira iristen, eta balio ez duten gizon asko, aldiz, bai».

Hasierara